Zoritxarraren zorionean

"Bazen behin, pertsona ugarik osaturiko gizarte bat. Gizarte aurrerakoia, jakintsua, ez oso bidegabea, bere engranaje-sistemari esker etorkizunari tinko aurre eginen ziona. Arazo bakar bat zuen: engranaje nagusiari jarraitzen ziotenak beraien artean bikiak zirela. Bata ezkerrerantz, bestea eskuinerantz baina horrez gain berdin-berdinak."

Nobela balitz, agian literatura saria irabazteko moduko hasiera izan zitekeen. Baina, zoritxarrez, XXI. mendea dugu aurrean X izpiez begiratzean. Publizitatea eta antzeko konbentzitze-metodoren bitartez engranajeongana iristen zaizkigun mezuak bilakatzen gaituzte denok antzeko. Batak futbolean jokatuko du, besteak saskibaloian, egongo da ere dantza egitea edo sukaldaritza gustatzen zaionik. Baina bizitzak hartuko duen noranzkoaz gain ezerk ez gaitu herritar sinpleok desberdinduko. Bien bitartean, engranaje nagusiek gure lanaren probetxuz gero eta azkarrago biratuko dute.

Ez iruzur egin zeuon buruei. Gizartearen morroi gara. Aldatzeko ahalmena duenak ez du aldatzerik nahi. Eta soluzioa… matematikariek formulak bezala aurkitzerik ez dagoela esango nuke.

Begi-bistako irtenbide bakarra engranaje nagusi bilakatzea da. Zaila, jakina, baina behintzat ez utopia. Ez du ezer konpontzen, ez ditu engranaje guztiak nagusi bilakatuko, bakar bat baizik. Gizarte erradikal baten bilaketan zulo beltz batekin egin dute topo geure ideiek eta denborarekin esplikazio ezagunik gabe desagertu. Ez kolaboratzeko nahian are gehiago lagundu dugu nagusiei antigorputzak sortuz.

Maldan behera doan harkaitz biribila gara. Egia hartu edo utzi gure esku dago, baina hobeto carpe diem lemapean jardun sistema bateraezin baten soluzioa bilatu baino. Bizkarroiei izkina egiten saia gintezke, baina parasitoak ez dira erraz bidaltzen direnetakoak.

Urte ez hain txarren memorian bizi beharko dugu, bada, zoritxarraren zorionean.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->