About xjauregi

Author Archive | xjauregi

Irlanda eta errugbia

Irlanda edo Éire, gaeleraz, Europako ipar-mendebaldean kokatuta dagoen estatua da. Leku zoragarri ugari daude bertan, horien artean, Moher-eko itsaslabarrak, Erraldoien Zutabeak (gaur egungo zortzigarren miraritzat hartzen direnak), Europako parkerik handienetako bat den Phoenix parkea, bere gazteluak… Eiretarrek esan ohi dute, hauetariko leku zoragarriren bat ikusi gabeko bidaia, ez dela Irlandara egindako bidaia.

Edonola ere, aipatutako tokiez gain, badaude bisitatu beharreko hiriak, esaterako, Dublin (hiriburua), Cork, Galway… eta errugbi zaleentzat Limerick hiria, Munster errugbi taldearen estadioa kokaturik dagoen hiria. Musika zaleentzat ere badago zer entzun eta zer ikusi; izan ere, Irlandatik musika talde onak atera baitira The Corrs eta U2 ospetsuenak aipatzeko.

Batzuek dakitenez, otsailaren 2an Kitmar Ordizia errugbi taldea Irlandara joan zen partidu bat jokatzera Limerick-eko unibertsitatearen aurka. Baina ondo jokatu arren, partidua galdu egin zuten. Dena den, bi taldeen arteko giroa ezin hobea izan zen eta partidua jokatu ondoren, bi taldeak elkarrekin Limerick hiriko pub batera joan ziren Ingalaterra-Irlanda partidua ikustera. Zoritxarrez, Irlandak partidua galdu zuen.

Jarraian Irlandako bideo bat duzue ikusgai, haren edertasunaz goza dezazuen:

Eta hemen gure errugbi taldeak jolastutako partiduaren argazki batzuk (egin klik see more at Tabblon poster osoa ikusi ahal izateko):

Comments { 0 }

Playstation 3: belaunaldi berriko jokoa.

PS3Sony markaren azkeneko bideojokoa maiatzaren 23an atera zen salmentara 599 euroko salneurriaz. Belaunaldi berriko bideojoko hau Nintendo Wiiarekin eta Microsofteko Xbox 360arekin lehiatzeko sortu dute; beste bi horien aurka lehia dezake beldurrik gabe eta irabazi gainera. Ez du Wiiak duen kontrola, mugimenduak atzematen dituena, baina irudiak askoz hobeak dira eta joko mota gehiago ditu.

Jarraian, Sonyren bideojokoaren alde on batzuk aipatuko dizkizuet:

  • Informazio kopuru handiak kudeatzeko gai da duen prozesatze potentzia handia dela eta, horren ondorioz jokoak askoz hobeak dira.
  • PSParekin konekta dezakezu askoz gehiago dibertitzeko.
  • Bereizmen handiko telebista berriekin bateragarria da, irudiaren kalitatea izugarri handituz (PS3aren Blu-ray Disc erreproduzitzailearen laguntzaz)
  • Datu kopuru handia gorde daiteke (argazkiak, jokoak, musika, bideoak…) bere barnean duen 60 gigako disko gogorrean.
  • Jokoak imajinazio eta xehetasun handikoak dira, zerikusi handia dute Hollywoodeko produkzioekin.
  • Wi-Fi konexioa du.

Playstation 3ko joko batzuen irudiak ikusi nahi badituzue, ikusi ondorengo bideoa:

Comments { 1 }

Parakaidismoa arriskutsua iruditzen zaizu?

Gaur izugarri gustuko dudan kirol bati buruz mintzatuko natzaizue, parakaidismoaz. Parakaidismoa egiteko gauzarik garrantzitsuena jausgailua da. Txinatarrak izan ziren asmakizun honen ideia eman zutenak eta aterki itxura eman zioten dorretatik jauzi egiteko tramankuluari, baina ez zuten lortu haratago heltzea azkarregi erortzen zirelako. XVI. mendean Leonardo Da Vincik beste jausgailu bat sortu zuen eta piramide itxura eman zion. Harrigarria bada ere, su hartutako eraikin altuetan zegoen jendea salbatzeko sortu zuen. Azkenik, 1885ean Jean Pierre Blanchard frantsesak, kupula itxurako eta paketatu egin zitekeen jausgailua egin zuen. Bera izan zen lehena asmakizuna erabiltzen, globo batetik Parisera salto eginez, eta lehen emakumea bere emaztea izan zen.

Arriskuzko kirol hau egiteko altuera handiak hartu behar dira eta horretarako hegazkinak erabiltzen dira, gehienbat, baina globoak, helikopteroak… ere erabil daitezke. Parakaidismo modalitate asko daude sky surf, wing suit, eta abar; ezagunena, ordea, erorketa askea da. Modalitate honetan, normalean 4000 metro ingurutik egiten da salto eta jausgailua 1500 metrotara ireki arte, minutu bateko denbora gutxi gorabehera izan ohi da 250km/h-ko abiadura maximora itzulipurdi mota ugari egiteko. Kirol mota hau egiteko aukera eta ausardia izan dutenek berdin pentsatzen dute, erorketa hau egiterakoan sentitzen dena ezin omen da sentitu beste inon. Gainera, kontuan izan behar da altueraren erreferentziarik ez dagoenez, ezin dela bertigorik eduki, sentitzen den gauza bakarra haizeak sortzen duen presioa da.

Gehienek pentsatzen dute arriskutsua dela eta inoiz ez dutela egingo, baina ez da horrela. Nik kirol hau probatzera animatu nahi zaituztet aukera baldin baduzue, oso dibertigarria eta ederra baita. Benetan diotsuet, altuera horietan ikusten dena, sentitzen dena eta bizi dena ez duzue beste inon ikusiko, sentituko eta biziko.

Comments { 6 }
-->