Txikitatik erakutsi izan zaigu tabakoa ez dela osasunerako ona, hau da, gure gorputzerako kaltegarria dela. Hori jakin arren, batzuen jokabidea ez da aldatu eta, ondorioz, gobernuak muturra sartu behar izan du kasu askotan. Denok dakigu tabakoa ez dela osasuntsua eta, hala eta guztiz ere, jendeak erretzeari ekiten dio. Jakinaren gainean egon arren, askori ezinezkoa iruditzen zaio uztea; izan ere, erretzaile askok pentsatzen du ez dela horretarako gai izango, edo hainbatek ez du utzi nahi, besterik gabe.
Askotan ikusi izan da, tabakoa erretzeari uzteko, gobernuak zenbait lege sortu dituela. Askoren ustez, hori guztiontzat da ona, bai erretzaileentzat eta baita erretzen ez dutenentzat ere -batik bat azken hauentzat-. Zergatik bereziki erretzen ez dutentzat? Nik uste dut legeak egin izan direla erretzen ez duen jendeak ez duelako zertan jasan erretzaileen kea. Gainera, erretzaile bat ondoan izatea kaltegarria da edonorentzat, hau da, kea xurgatu egiten da eta, ondorioz, denok gara kaltetuak. Azken urteotan, leku publiko batzuetan erre zitekeen (jabeen aukeran utzi zen erabakia), baina, denbora asko pasa ez dela, osasun arduradunek lege berri bat ezartzeko premia sentitu dute. Lege berri hau indarrean sartzen denean, debekatuta egongo da erretzea edozein leku publikotan. Beraz, tabernetan erretzeko ohitura bazenuen edo bazkari on bat eta gero erretzen bazenuen, ahaztu lehenbailehen! Hemendik aurrera ezingo da gehiago egin!
2009ko amaiera aldean, Osasun Ministerioak legearen berri eman eta aurtengo lehen seihilekotik aurrera ezarriko dela esan du. Tabakoa saltzen duten enpresei dagokienez, euren paketeen %40 tabakoaren kontrako abisuez estali beharko dute. Legearen beste puntu bat ondorengoa da: eskoletan erretzea debekatzen da, hau da, aisialdian ezingo da erre. Horretaz gain, 300 metroko tartean ezingo da tabakoaren publizitaterik egin, eta 18 urtetik beherakoei ezingo zaie saldu. Azken puntu hau kuriosoa da benetan; izan ere, denok aspalditik baitakigu adinez txikiei ezin zaiela saldu. Betetzen al da hori, baina? Nik ezetz esango nuke…
Hau guztia kontuan hartuta, esan genezake, tabakoaren lege berria indarrean sartzearekin batera, gobernuak erretzaile gutxiago egongo diren itxaropena duela. Eta hori benetan bete nahi dutela frogatzeko, zergak egongo dira. Ez dute hauen berri zehatzik eman, baina kasu askotan zerga gogorrak egon daitezkeela ziurtatu dute. Taberna edo jatetxeen kasuetan, adibidez, ixteraino irits daitezkeela dirudi.
Benetan baliagarri izango ote da lege berri hau? Horixe da nire buruari galdetzen diodana. Nik uste dut ez duela merezi lege berria ipintzea; izan ere, lehen zegoenarekin gauzak ez ziren gehiegi aldatu, eta logikoa da pentsatzea jendeak erretzen jarraituko duela; ez bada leku itxietan, kanpoan egingo du. Dena den, jendeak erretzeari uko egitea nahi bada, tabakoaren salmenta galarazi beharko litzateke. Halere, agian, hori gehiegi eskatzea da; izan ere, gobernuak ere probetxua ateratzen baitu tabakoaren industriak lortzen duen diruarekin.
No comments yet.