Begirale izateko formazio ikastaroa

ikastaroaEuskararen sustapena udaleku irekietan ikastaroa antolatu du Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Euskara Biziberritzeko Planaren (EBPN) barruan, haur eta gazteen hizkuntzaren erabileran begiraleen prestakuntzak berebiziko garrantzia duela-eta. Hitzaro Euskara Elkarteko begirale-poltsan izena emanda daudenei begira antolatu dute ikastaroa bereziki, horiek aritzen baitira Txirristi Mirristi udaleku irekietan, baina, lekurik balego, haur eta gazteekin aisialdian aritzen den beste edozein hezitzaile ere onartuko dute.

Hamar ordu iraungo du ikastaroak, eta lau egunetan emango da, maiatzaren amaieran: hain justu ere, maiatzaren 21, 23, 28 eta 30ean, 17:00etatik 19:30etara. Urtxintxa Eskolakoek emango dute eta honako edukiak landuko dituzte, besteak beste: soziolinguistikako oinarrizko kontzeptuak, begiraleen jarrerak euskara sustatzeko, euskal jolasak eta adibide praktikoak: jolas dinamizazioak, barnetegiak, udalekuak…

Ikastaroan landuko diren eduki guztiak biltzen dituen txostenaz gain, Urtxintxa Eskolak argitaratutako Euskal Jolasak liburuxka eta Gazte Hizkeraren Jolasak liburuxka banatuko zaie ikastarora doazenei. Ikastaroan 8 lagunek eman beharko dute izena gutxienez, eta gehienezko muga 20koa izango da.

Maiatzaren 11an amaitzen da izena emateko epea. Udaleko Herritarren Arretarako Udal Bulegoan egin behar da, 30 euro ordainduta.

Txirristi Mirristi udaleku irekiak Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu eta Hitzaroko begiraleek dinamizatzen dituzte. Txirristi Mirristi, berriz, ekainaren 25etik uztailaren 20ra izango da. Eskuorria ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->