Behar aditzarekin beti ukan jarri behar dugu?

Gaur atal berri bati hasiera emango diogu: euskal gramatikako zalantza batzuk. Denok dakigun bezala, askotan izaten ditugu zalantzak euskaraz idatzi nahiz mintzatzerakoan; horietako batzuk, bada, argitzen saiatuko gara atal berri honetan.

Bost urte igaro dira IVAPek Duda-muda kontsulta zerbitzua abian jarri zuenetik eta, geroztik, hamaika duda-muda jaso izan ditu. Ondorengo lerroetara horietako bi ekarriko ditugu:

Behar aditzarekin beti ukan jarri behar dugu, osagaia edozein dela ere? Alegia, joan behar dut edo joan behar naiz? Zein da zuzena eta zergatik?

  • Behar-en osagaia nor tipokoa denean (joan, etorri, jaiki, heldu…) laguntzailea bietara (da edo du) ager daiteke, nahiz hedatuena ukan aditza erabiltzea izan. Beraz, bi hauek ondo daude:

      Bazkaltzera joan beharko gara, ezta?

      Bazkaltzera joan behako dugu, ezta?
  • Behar-en osagaia nor-nork tipokoa denean, laguntzailea beti izango da du erakoa; honela, beraz:
      Gaur albisteak entzun beharko ditugu, ezta?

Mikel etorriko denean bezalako egiturak okerrak al dira? Hau da, ekintza bat etorkizuenan kokatzeko erabil dezakegu -ko denean?

Bai, okerrak dira. Berez, -(e)nean egiturak aldiberekotasuna adierazten du, hau da, denboraren ardatz hartuta, perpaus nagusiko ekintza eta menpekoa batera gertatzen direla.

* Mikel etorriko denean egingo dugu bilera.

Mikel etortzen denean egingo dugu bilera.
Mikel datorrenean egingo dugu bilera.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->