BLACKOUT – Xabier Montoia

Rock musikan aitzindari gaztetandik, idazle gasteiztar hau betidanik saiatu da musika eta literatura uztartzenMontoia. Poesia eta narrazioa landu du gehienbat. Lan horren fruitu, bost poema-liburu argitaratu ditu; Anfetamiña (1983), Likantropo (1985), Narraztien mintzoa (1988), XX. mendeko poesia kaierak (2000) eta Bingo (2005).

Montoiaren beste lan batzuk Emakume biboteduna (1992), Gasteizko hondartzak (1997) eta Baina bihotzak dio (2002) dira. Hauek ipuin liburuen sailean kokatzen dira.

Eleberriak ere idatzi ditu; Non dago Stalin? (1991), Hezur gabeko hilak (1999), Denboraren izerdia (2003), Blackout (2004) eta Elektrika (2004).

Aipatzekoa da ere idazleak eginiko Plastikozko loreak erregearentzat (1998) kronika-liburua.

Hauen guztien artean nik Blackout eleberria aukeratu nuen. Irakurtzen hasi eta lehenengo kapitulua amaitu ondoren, istorioa ulertzen ari ez nintzela konturatu nintzen, hasierak liburuaren erdian egon beharko lukeen zati bat baitzirudien. Eleberriari buruzko informazioa bilatzen hasi ondoren jakin ahal izan nuen Hilen bizimoldea trilogiaren bigarren liburua zela. Hori horrela, trilogiaren lehenengo zatiari buruzko laburpenak eta kritikak irakurri behar izan nituen istorioan kokatzeko.

Blackout
Blackout nobelan kontatzen dena II. Mundu Gerran naziek hartutako Parisen kokatzen da. Trilogiaren lehenengo liburuan bezala, Miarritzekoa den Jean Etxegoien da protagonista. Hau nazien mende dagoen egunkari bateko idazlea da, Frantziako kolaboristen alde jarri eta egunkariko zuzendariorde egiten duten arte. Puntu honetatik aurrera liburuan gehienbat jorratzen dena, protagonistaren bizitzako egoera ezberdinetan izandako elkarrizketa eta izaeraren bidez, traizioa da, eta baita Jeanen burugogortasuna, egozentrismoa edota diru gosea ere.

Liburuari buruzko nire iritzi pertsonala oso positiboa da. Egia esan, liburua izenez ezaguna egiten zitzaidalako aukeratu nuen, eta horrek bere ondorioak ekarri ditu, ez baitzaizkit horrelako gaiez hitz egiten duten liburuak gehiegi gustatzen. Hala ere, esan beharra dago, oso entretenigarria eta irakurtzeko erraza dela. Aurkitu diodan zailtasun bakarra liburua lapurteraz (edo) idatzita egotearena da, baina honek ez du istorioaren ulermena galarazten. Kontaketa sinplea dela iruditu zait, apaingarri gehiegirik gabeko esaldi laburrak erabiltzen dira eta .

Oso gustukoa izan dut idazleak garai hartako errealitatea adierazteko modua eta protagonistari eman dion izaera. Istorioa gogorra, oso krudela da eta harrigarriena iruditu zait atseginak edo bihotz onekoak diren pertsonaia bakarrak emakumeak izatea.

Aipatzekoa da elkarrizketek hartzen duten garrantzia istorioan, hemen erakusten baititu autoreak jendearen intentzio txarrak eta odol hotza egoera zailen aurrean.

Horrela, orokorrean liburu erakargarria iruditu zait. Kontatzen dena oso interesgarria da nire aburuz eta Montoiaren idazteko era ikaragarri gustatu zait. Beraz, irakurtzea gomendatuko nukeen liburuetako bat da dudarik gabe. Ni trilogia amaitzen duen azkeneko liburuaren bila hasi naiz jada 😉

Liburuaren zati bat irakurri nahi izanez gero, klikatu hemen.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->