Aurreko artikuluan blog bat sortzen irakatsi nizuen; oraingo honetan, berriz, nire asmoa irudiak, bideoak eta estekak nola txertatzen diren azaltzea da.
Hasteko, beraz, irudiak nola txertatzen diren ikasiko dugu. Hori munduko gauzarik errazenetakoa da, ez baitu inongo misteriorik. Hori esanda, egin beharreko gauza bakarra da gure gunera joan eta lehenengo artikulua idazteari ekin. Idatzi ondoren, guk nahi ditugun irudiak igotzeko, irudiak igotzeko botoia sakatu besterik ez dugu (ikus irudia). Hori egitean, leiho berri bat agertuko zaigu eta bertan irudiak igotzeko bi aukera ezberdin ditugula ikusiko dugu. Batetik, irudia gure ordenagailutik igotzeko aukera emango digu (add image from your computer). Igotzeko, ohiko prozedura erabiliko dugu (arakatu eta gure ordenagailuan dugun irudi bat hautatu). Bestetik, interneten aurkitutako irudi baten URLa sartu ahal izango dugu. Ohi bezala, interneten aurkitutako irudiaren helbidea kopiatu eta itsatsi egingo dugu. Azken aukera hau nahiko gomendagarria izan daiteke; izan ere, blog plataforma gehienek irudiak igotzeko muga jartzen baitute.
Aurreko hariari eutsiz, bideoak txertatzeko, bide bera jarraituko dugu. Bideoak txertatzeko botoia sakatuko dugu (ikus irudia) eta, berriz ere, leihotxo bat azalduko zaigu. Bertan, add a video to your blog post ikusiko dugu. Bloggerek, plataforma askok ez bezala, gure ordenagailutik bideo bat igotzeko aukera ematen digu (arakatu eta gure ordenagailutik bideo artxiboa hautatuz). Dena den, youtube bezalako guneetatik gure blogera bideo bat ekarri nahi badugu, plataforma gehienek bideo horren URL helbidea edo html etiketa eskatuko digute. Azken kasu honetan, html etiketa txertatzeko edit html botoiari emango diogu (testu editorearen goialdean gure kasuan) eta bertan itsatsiko dugu aldez aurretik lortutako etiketa. Nola lortzen da etiketa hau baina? Embed etiketa lortzeko (honela deitzen zaio), joan youtubera edo beste edozein bideo bilgunera eta, gainean klik eginez, nahi duzun bideoa hautatu. Behin hautatutako bideoaren orrian zaudela, eskuinean Embed atala ikusiko duzu. Kopiatu azpian azaltzen den etiketa eta, lehen esan dugun bezala, gure blogeko edit html atalean itsatsi. Kontuz! Ziurtatu etiketa osoa kopiatzen duzula; izan ere, ohikoa izaten da zatiren bat kopiatu gabe uztea etiketa oso luzea baita. Etiketa osoa kopiatu ezean, ez da bideoa ikusiko (Embed etiketaren itxura ikusi).
Gerta liteke gure blogeko memoria agortu nahi ez izatea gure argazki, irudi edota bideoekin. Kasu horretan, sarean zehar dauden doako bilguneetan gordetzea izaten da onena; izan ere, badira gune batzuk artxibo hauek igotzeko aukera ematen digutenak: divshare artxiboentzat, Flickr argazkientzat eta YouTube bideoentzat, esaterako. Hiru web hauek erabilienak dira eta doakoak. Honek ez du esan nahi beste mordo bat ez denik: metacafe, google video, myspacetv…
Jarraian, estekak nola sartzen diren azalduko dizuet. Lehenengo bidalketan esan nizuen bezala, oso garrantzitsua da gure idatzietan beste blog edo webgunetara irakurlea bidaltzea esteken bidez. Hauek oso modu errazean sartzen dira. Ezer baino lehen, linkatu nahi dugun hitza edo esaldia hautatuko dugu eta, link botoia sakatu ondoren (ikus irudia), irekiko zaigun leihotxoan estekatu nahi dugun webgunearen helbidea idatziko dugu. Listo!
Une honetan, prest gaude gure artikulua argitaratzeko. Idatzi dugu eta idatzitakoa irudiez apaindu dugu. Horretaz gain, bideo ikusgarriren bat txertatu dugu eta, informazio gehigarria emateko, esteka interesgarriak ipini ditugu. Amaitzeko, idatzitakoa argitaratuko dugu publish post botoi laranja sakatuz. Horraino dena ondo, ezta? Baina argitaratu ondoren, jakin-mina pitz dakiguke. Irakurleak ditugu? Nondik datoz? Zertara? Nola jakin? Hori hurrengorako utziko dugu…
No comments yet.