Archive | arazoak

RSS feed for this section

Norberaren interesen araberako neurriak

Askok jakingo duzuen bezala, 2006ko urtarrilaren 1ean tabakoaren aurkako legea indarrean jarri zen. Bertan azaltzen denaren arabera: “Taberna, jatetxe eta aisialdirako edozein establezimenduren jabeek, beraien lokaletan erre ahal daitekeen ala ez aukeratu behar dute. Erre ahal daitekeela aukeratuz gero, erretzaileentzat prestaturik dagoen zonalde bat eraiki beharko dute, baina zonalde honek ezin du establezimenduaren %30a baino gehiago hartu.”

Lege hau lau urtez indarrean egon ondoren, 2011ko urtarrilaren 2an, aurretik azalduriko lege horren erreforma aldarrikatuko da lege hori gogortzeko asmoarekin. Erreforma honen ondorioz, eremu publiko guztietan erretzea debekatu da; baita osasun-zentro, ikastetxe (unibertsitateetan ez) eta haurrentzako jolasleku orotan ere, nahiz eta hauek atari zabalean egon. Honen ondorioz, esan daiteke Espainia tabakoaren kontrako mugimendu honen aurrean jarriko dela orain arte gogorrena izan den Irlandaren aurretik, bertan behintzat kanpoan erretzerik badago eta.

Egia da, tabakoak sortzen dituen kalteak izugarriak dira. Dakigun bezala, tabakoak ez dio erretzaileari bakarrik eragiten, bere inguruan daudenei ere bai. Medikuek diote Espainian gutxi gorabehera urtero 3.000 erretzaile pasibo hiltzen direla. Beraz, bazen garaia egoera honi irtenbide bat emateko. Baina zein izan da konponbide hau erabakitzerakoan kontuan harturiko irizpide nagusia? Argi eta garbi esango dizuet: ekonomia beste edozer baino lehen.

Hasieratik gauzak ez dira era egokian egin. Ez dago dudarik lege hau martxan jartzearen kaltetu nagusiak ostalaritza zerbitzuko langileak izan direla. Askok eta askok 2006an ateratako legea zela eta, euren lokalak birmoldatu behar izan zituzten eta orain, berriz, alferrik egindako gastu baten aurrean daude.

Horrez gain, etengabe kexaka ari dira tabakoaren kontrako legeek beraien ekonomia pertsonalean erabat eragiten duelako. Baliteke norberaren ekonomia edonoren osasuna baino lehen kontuan hartzearen ikuspuntu hau berekoitzat hartzea, baina zerk harritzen gaitu? Gobernua bera ez al da berdin-berdina egiten ari?

Hitz gutxitan esanda: tabakoak gure osasunean hain kalte latzak eragiten baditu, ez dut ulertzen zergatik ez den produktu honen salmenta guztiz debekatzen. Antza denez, Estatu Espainiarraren diru-sarreren portzentaia gogoangarri bat produktu honen salmenten ondorioa da. Hortaz, bistakoa da ez diotela diru kopuru horri guztiari uko egin nahi, jende ugari horren ondorioz gaixotzen jarraitu arren. Nolanahi ere, arazo hau ez da herrialde honetakoa soilik, munduko edozein herritan aurki baitaiteke.

Orain ulertuko duzue zein den ostalarien jarrerak ni horrenbeste ez harritzearen arrazoia, azken finean gure mandatariak imitatu besterik ez baitute egiten. Hau guztia gutxi balitz, gai honi hainbeste publizitate emateak erretzaile kopuruaren hazkundea besterik ez dakar, eta ni lan madarikatu horren partaide naiz.

Gehiago ikusi nahi baduzu:

Comments { 0 }

Zer da jubilazioaren kontu hori guztia?

Gaur egun ahoz aho dabilen gaietako bat jubilazioaren gaia da. Estatua, ekonomiari dagokionean, krisi sakon batean murgildurik dago, eta honi aurre egiteko aukeretako bat jubilazioaren epea pixka bat luzatzea delakoan daude. Ez litzateke epe luzeegia izango, pare bat urtekoa besterik ez, 65 urtetik 67 urtera arte hain zuzen. Guk, gazteok, oso urrun ikusten dugu oraindik muga hori, baina erretiroaren zain dauden langileentzataldaketa nabarmena izan daitekeelakoan nago.

Gainera, ez zait ideia ona iruditzen zenbaitek hanka sartze handi bat egin zutelako, langile guztiek hanka sartze horrek ekarritako arazo guztiei aurre egin beharra izatea, hankasartze hori egin dutenek trankil asko eta inongo eragozpenik gabe bizi diren bitartean. Azken finean, estatuak duen krisia krisi ekonomikoa da, eta, maiz, erabaki garrantzitsu horiek gaizki hartzen dituzten pertsonek lan gogorragoetan dirauen langile arrunt batek irabazten duen soldata baino askoz ere handiagoak irabazten dituzte, zenbait kasutan hauek langile batek dituen ikasketa maila bajuagoa izanda ere.

Bestalde, orain arte, bakoitzak jubilazioan zehar kobratu beharreko diru kopurua, azkeneko 15 urteetan irabaziriko batez bestekoarekin lortzen zen. Jubilazioa 67 urtera arte atzeratzearekin batera, 15 urteko epe hori azken 20 edo 25 lan urtera arte igo nahi dute, zenbaitek bizitza osoan irabaziriko diruaren batez bestekoa ere egin nahi dutela.

Hau guztia ikusirik, jubilatzeko data bere horretan uztea nahi duten horiekin ados nagoela esan beharra daukat. Lehenik eta behin, ez zaidalako batetere ondo iruditzen erabakiak hartzeko gaitasuna duten gutxi horiek ongi bizi daitezen, gu guztiok lanean bukatzeko epea pixka bat luzatu beharra izatea. Bestalde, bidezkoena eta logika gehien izango lukeen irtenbidea da, nire uste apalean, krisi hau honaino heltzeko erabaki txar horiek hartu dituztenen soldata jaistea. Hauek sekulako dirutza irabazten baitute pare bat erabaki eta hitzaldi batzuen truke.

Hemen esandako guztia egia ote? Ala guztiari irtenbide bat emateko erabil daitekeen aitzakietako bat da?

Comments { 1 }

Non eta nola

Hamalau urte besterik ez zituen. Aurrez behin baino gehiagotan alde egin zuen etxetik eta, oraingo honetan ere, egun batzuetako ezinegonaren buruan azalduko zela uste zuen poliziak. Baina ez dira egun batzuk bakarrik izan, bi hilabete baizik. Eta ez da ezinegon hutsa izan, infernu hotz eta garratza baizik.

Urriaren 3an desagertu zen Madrilgo Prosperidad auzoko neska, bere mutil errumaniarrak elkarrekin ihes egiteko ideia eman ostean. Berak ez zekiena zen, ordea, ihesaldia baino kaiolatzea izango zela. Errumaniarrak Badajozeko etxe batean giltzapetu eta herriko bizilagunei -herriko zinegotzi-ohi bati eta bake-epaile bati, besteak beste- saldu zien gaua joan eta gaua etorri, 10-60 euroren trukean. Bi hilabeteko oinaze jasanezina izan zen gazteak jasan beharrekoa, abenduak 4ra arte ez baitzen askatua izan.

Neskatoaren mina alde batera utzita -zaila bada ere-, Berrian irakurri nuenean benetan deigarri gertatu zitzaidanari helduko diot. Herritarrei (neskaren prostituzioaz jakitun ziren ugari baitzeuden) bi hilabeteko epe horretan nolatan ezer esan ez zuten galdetzean, itxuraz “beste neska errumaniar bat” zirudiela izan zen jasotako erantzuna.

Beste neska errumaniar bat? Beste bat? Badirudi jendea gogoz kontra bahitu eta beste zenbaiten gose gaixobera asetzeko erabiltzeak gure ingurukoekin gertatzen denean bakarrik larritzen gaituela… Baina zer gertatzen da beste neska errumaniar guztiekin?

Espainian 400.000 emakume inguru esplotatzen ditu negozio honek -gehiago ez badira-, eta, lanbidea borondatez hautaturikoa izanez gero legez onarturikoa bada ere, horietako asko behartuak dira; gehiengoa inoiz beteko ez diren promesez limurturiko kanpotarrez osaturikoa izanik. Eta beste zenbait herrialderekin alderatuz, geurean arlo honek (ere) duen tabuaren itzalak ez du laguntzen arazo honen desagerpenean.

Erakunde ugari dira indarrez kontu honi aurre egin nahian dabiltzanak, baina badirudi ezer gutxi lortzen ari direla. Azken urteetako immigrazio masiboak eta helmuga herrialdeetan immigrante horiek lana aurkitzeko dituzten zailtasunek prostuzioaz gain beste irtenbiderik ez dutela uzten ditu neska asko eta asko: mundu ilun honetan sartu beharko dira, biziraungo badute. Honek -eta krisiak langabe utzi dituen pertsonen gorakadak- beraien burua saltzea beste irtenbiderik ez duten pertsonen kopuruaren gorakada ekarri du. Eta okerrena ageriko irtenbiderik ez dagoela da…

Nik, bitartean, ezingo dut burutik kentzea lortu munduan -Madrilgo neska desagertuaren senitartekoek azken bi hilabeteetan egin zuten antzera- Gabonak beraien alabak non eta nola dauden galdetuz igaro beharko dituzten milaka familia daudela.

Comments { 6 }
-->