Archive | arazoak

RSS feed for this section

Highway to hell

http://noticias.coches.com orrialdetik ateratako argazkia

Nori ez zaio gustatzen esnatu eta bere kafetxoa hartzen ari den bitartean egunkaria irakurtzea? Nik begirada azkar bat ematen badiot ere, egunero irakurtzen ditut, behintzat, berri garrantzitsuenak. Eta azkenaldi honetan gero eta gehiago ari naiz kezkatzen kezkagarria izan behar ez lukeen arazo batez: auto istripuak. Azken bolada honetan, ia egunero begiztatzen dut egunkarian mota honetako berri tamalgarriren bat, eta denek dute antzekotasun handia euren emaitzan: ez dakit zenbat hildako eta hainbat zauritu. Oso penagarria iruditzen zait auto istripu baten ondorioz pertsona batek bere bizia galtzea, baina are penagarriagoa pertsona baten edo pertsona talde baten arduragabetasunagatik beste hainbatek larriki ordaintzea. Arrazoi hori dela eta idazten dut gaurko honetan artikulu xume hau, ez baitut inondik inora onartzen gidari axolagabeen jarrera lotsagarri eta guztiz berekoia.

Lehenik eta behin, eta ezer esan aurretik, datu bat eman nahi nizueke: 2009an Espainiako errepideetan hildakoen kopurua 1.897 pertsonekoa izan zen, 2003an ia 4.000koa izanik. Ezbairik gabe, jaitsiera hau oso datu positiboa da, hildakoak erdira murriztu baitira 6 urtetan. Baina, hala eta guztiz ere, ez zaizue gehiegi iruditzen, orokorrean Espainiak duen errepide sarea egokia izanda, dauden radar sistema modernoak egonda… ia 2.000 hildako suertatzea errepideetan? Zaila egiten zait ulertzea nola egon daitekeen hainbeste istripu gaur egun dagoen segurtasun maila egonda. Eta arazoa zertxobait gehiago ulertzeko geure burua epaitzea beste irtenbiderik ez dagoela badakit, gu baikara ezbehar horietako askoren eragile bakarrak.

Izan ere, zenbat aldiz hartu ote dugu gizakiok autoa gainean pare bat kopa gehiago eramanda? Ez dut imaginatu ere egin nahi zenbat pertsonak egin ote duen axolagabekeria galant hori. Baina arazoa ez da pertsona horrek sekulako arriskua daramala gidatzen ari den bitartean, beste gidariek dutela bere ekintzen arduragabetasuna ordaintzeko boleto guztiak baizik. Eta ez pentsa hori dela arazorik tamalena alkoholaren kasuan, ez. Gure gobernuak du, nire uste apalean, erruaren zati handi bat. Zergatik? Hasteko, DGTren lema “Bolantean, alkoholik ez” bada, nola da posible alkoholemia tasa 0 (gramo litroko) izan beharrean, 0,3koa izatea? Ulertezina egiten zait hori. Zer demontre!

http://blog.encooche.com orrialdetik ateratako argazkiaAlkoholaren erruz istripuak gertatzea nahi ez badute, jaitsi dezatela tasa hori zerora. Gainera, neurri hau errespetatu ez eta edan eta gero kotxea hartzen dutenentzat zer dauka pentsatuta gobernuak harrapatuz gero? Munduan gizakiak ikusi duen asmakuntzarik onena: puntuak kentzea. Mesedez, goiko alde horretan dauden horiek ez dira konturatzen oraindik zer arrisku dagoen mozkor batek autoa hartzen duenean. Lehengoan irakurri nuen pertsona batek auto istripua izan zuela, bikote bat euren seme-alabekin zihoan kotxe baten aurka talka eginez. Zorionez, ez zen hildakorik egon, baina bai zaurituak. Notiziaren amaieran jartzen zuenez, errudunaren alkoholemia tasa 0.61ekoa zen. Eta zer da egin ziotena? 4 puntu kendu eta 500€ inguruko isuna jarri. Konturatuko zinetenez, familia errugabe horren bizitzak gidabaimeneko 4 puntu ziztrin eta diru kantitate xume bat besterik ez zuen balio izan kasu horretan. Egia esan, horrelako lotsagabeekin zer egin beharko litzatekeen esateko eskubidea edo aukera izango banu, bat baino gehiago kartzelan egongo litzateke denbora luzez honezkero. Nire iritziz, alkohola, gidatzeko orduan, bai kantitate handi edo baita txikian ere, delitu larria baita.

Alkoholaren gaia alde batera utzi eta arduragabetasunaren beste adar bat aipatu nahi nuke: gehiegizko abiadura eramatearena. Badirudi, gaur egun badagoela hainbat gidari abiadurarekin maiteminduta dagoena. Pilotu hauek euren bizia baino gehiago maite dute besteen artean nabarmentzea eta begirada guztiak erakartzea; izan ere, eurek pentsatzen duten modura, azkarrago joateagatik besteak baino hobeak edo talentuz jositako gidariak baitira. Niri, egia esan, bost axola zait pertsona zoro hauen bizitza, baina hauen erruz arrisku bizian dauden beste gidariena inporta zait, eta ezin dut onartu 10 urteko pentsamendua duten pertsona batzuk beste jende baten bizitza kontuan ez hartzea euren txorakeriekin. Hori dela eta, DGTk radar sistema moderno baten instalazioa hasi du herrialdean zehar. Tresna hauek bolantean lege-hausteak egiten dituzten axolagabeak “in fraganti” harrapatzeko balio dute, eta oraingoz badirudi nahiko emaitza onak ematen ari direla, Barne Ministeritzako presidente den Alfredo Perez Rubalcabak adierazi duen modura. Orain, arazo bakarra radar horiek non dauden adierazten duten aparatu berri horiek desagertaraztea da, azkenaldi honetan, modan jartzen ari diren GPS ilegalak baitira horietako asko. Abiaduraren maitaleentzat, ordea, XXI. mendeko asmakuntza bihurtu da.

Hau guztia dela eta, argi utzi nahi nuke artikuluaren hasieran esan dudan bezala, gu geu garela akzidenteen eta hauen erruz hainbat pertsonaren heriotzaren errudun garbienak. Horregatik, gaur egungo gidari guztiei fabore bat eskatu nahi nieke denon hobebeharrez: errepideetan hildako gehiago ez gertatzeko edo, behintzat, heriotza kopurua murrizteko, errespeta dezatela ondoko gidaria, hark bera errespetatzea nahi lukeen bezalaxe. Horrela, behin edo behin, lortuko dugu tolerantziaz beteriko errepideetan zehar lasai eta gustura bidaiatzea buruan kezkarik izan gabe.

Azkenaldi honetan asko ikusi den bideoa: gazte bati Guardia Zibilak egindako alkoholemia kontrola.

Comments { 0 }

Nora doa gure dirua?

Azken urteetan krisi ekonomikoa konpontzeko hainbat neurri hartu dira, baina askok ez dute eragin handirik izan. Adibidez, zergak igotzeak ez du beti estatuak gehiago kobratzea eragiten. Beste alde batetik, askotan, norbaitek lapurtu duen dirua ez da aurkitzen edo dirua egintza kriminaletarako erabil daiteke, inork saihestu gabe. Arazo hauek guztiek kausa komun bat dute: zerga paradisuak eta sekretu bankarioa.

Zerga paradisuak atzerritar dirudunei oso zerga gutxi kobratzen dieten herrialdeak dira. Hauetako batzuk dira Monako, Liechtenstein, Kaiman Uharteak… , eta munduko diruaren eta enpresen zati garrantzitsu bat han kokatuta daude. Zerga gutxi ordaintzearen ondorioz, enpresa asko mugitzen dira estatu horietara eta diru asko aurrezten dute. Gehienetan, gainera, beste estatuekin ez dute kolaboratzen eta, beraz, dirutzak ezkutuan gelditzen dira. Honek hainbat efektu negatibo ditu beste estatuetan.

File:Tax havens.svg

Alde batetik, beste estatuen zerga bilketan efektua du. Normalean, dirudunek zerga gehiago ordaintzen dituzte eta norberaren diruaren arabera proportzionalki ordaintzen da. Hau egokiena izango litzateke sistemak ondo funtzionatuko balu. Baina honek tranpa bat du: dirudunek enpresak eta kontu korronteak zerga paradisuetara eramaten dituzte, gutxiago ordainduz. Honen ondorioz, gehien ordaintzen dutenak dirua dutenak baina aberatsak ez diren pertsonak dira, eta kaltetuenak klase ertainak dira. Adibidez, eliteko kirolari askok etxebizitza zerga paradisuetan erregistratua dute, zerga gutxiago ordaintzeko. Gauzak gaizki doazenean ere, dirudunek zerga paradisuei probetxua ateratzen diete. Adibidez, enpresa bat errentagarria ez denean, porrota egin duela aitor dezakete eta, horrela, ezin dira zorrak ordaindu. Eta diru guztia zerga paradisuetan sartu dutenez, diru hori ezin da erreklamatu.

Zerga paradisuek kriminalitatean ere eragina dute. Ustelkerian sartutakoek zerga paradisuak erabiltzen dituzte lapurtzen duten dirua ezkutatzeko, eta horrela zailagoa da jende hau harrapatzea. Kondenatu eta kartzelan sartu eta gero ere arazoak sortzen dituzte, dirua itzultzeko eskatzean, dirurik ez dutela esaten dutelako. Diru hau zerga paradisuetan ezkutatuta dago, baina banku-sekretuaren ondorioz, diru honen existentzia ezin da frogatu. Kriminalek eta mafiosoek ere zerga paradisuetan sartzen dute dirua, horregatik da hain zaila hauen arrastoa jarraitzea. Terroristek ere dirua zerga paradisuetan gordetzen dute, eta finantziazioa hemendik lortzen dute.

Hau guztia kontuan hartuz, krisi handi bat berriro ez errepikatzeko hartu behar diren neurrien artean, nahitaez, zerga paradisuen desagerpenarena dago. Zerga paradisuen desagerpenak hainbat onura ekarriko lituzke. Zerga progresiboak igotzea posible litzateke, aberatsek gehiago ordainduz. Dirua ezkutatzeko tokirik ez balute, ordaindu egin beharko lukete eta, ondorioz, estatuak eskuratzen duen dirua handitu egingo litzateke. Gainera, diru hori gaizki erabiltzea zailagoa izango litzateke, politikoek zailago luketelako eskua sartzea. Beraz, irabazten den diru hori hobeto inbertituko da. Hala ere, oso zaila izango da hau martxan jartzea. Alde batetik, boterea duten askok interesak dituztelako zerga paradisuetan; eta, bestetik, ekonomia kontrolatzen duten “neocons“-ek ez dutelako inoiz onartuko.

Comments { 1 }

Konturatu al zara zure larruazalarekin egiten ari zarena?

Uda guztietan bezala, aurtengoan ere irrikaz gaude gure gorputzak kolore beltzarana hartzeko. Orduak eta orduak pasa genitzake eguzkiaren azpian, eta noski, hori helburu zehatz batekin: edertu egiten gaituen kolore hori har dezagun. Hala ere, ez gara konturatzen eguzkia arriskutsua dela eta beharrezkoa dela haren aurrean babestea. Ba al dakigu zein ondorio izan ditzakeen hainbeste denbora eguzkia hartzen pasatzeak? Axola al digu etorkizunean gerta litekeena? Zergatik askotan ez dugu beharrezkoa den babesa ematen?

Lehenik eta behin, eguzkiak larruazalean nola erreakzionatzen duen aipatu behar da. Izpi ultramoreak gure azalean sartzen dira, eta honek larruazala handitzea eragiten du. Ez bagara denbora luzez egoten, pigmentazioan handiagotze bat gertatzen da. Hori belztea izango litzateke. Arazoa dator denbora gehiegi egoten garenean; izan ere, izpi ultramoreek larruazalean eragin kaltegarria baitute. Azalak kolore gorrixka hartzen du eta zerbaitekin igurztean mina egiten digu. Beste era batera esanda, erre egiten gara. Normalean, hiru eguneko epean erredura desagertu egiten da, baina egun horiek batzuetan oso mingarriak izaten dira.

Bigarrenik, eguzkiaren aurrean ez babesteak begietan lesioak eragin ditzake, baita azaleko minbiziaere. Larruazal guztiak desberdinak direnez, erreakzioa desberdina da guztiengan; gauzak horrela, ezinbestekoa da babestea. Hala ere, onurak ere baditu. Izpi ultramoreak beharrezkoak dira, D bitaminaren iturri nagusia baitira. Kaltzioaren xurgatzea laguntzen du, horrela gure hezurrak gogor eta osasuntsu mantenduz. Nolanahi ere, ez dugu zertan eguzki azpian denbora asko egon D bitamina gureganatzeko.

Beraz, argi ikus daiteke beharrezkoa dela babes egoki bat larruazalean arazorik izan ez dezagun. Azken batean, ez da batere kostatzen gorputzean krema apur bat noizbehinka ematea eta, horrela, arriskuak ekiditea. Ondorioz, norberak ikusi beharko du zer egin bere gorputz eta larruazalarekin, baina kontuan izan minbizia eta erredurak ez direla txantxetako kontuak.

Comments { 1 }
-->