Ohikoa ez bada ere, irakurri dudan azken eleberriaren izenburua internetez aurkitu nuen. Euskarako lana egin behar nuela eta argitaratu berri ziren nobelen bila hasi nintzen. Orri batek beste batera eraman ninduen eta Durangoko azken azokako albisteetara iritsi nintzen. Han zegoen: Harkaitz Canoren azken nobela izan da Durangoko azokan gehien saldu den liburua. Twist. Izenburuak ez zidan ezer esaten, baina artikuluetan aipatzen ziren 1983an gertatu ziren torturak ezagunak egiten zitzaizkidan. Twist irakurriko nuen.
Twist eleberriaren sortzailea Harkaitz Cano da. Idazle hau Lasarte-Orian jaio zen 1975ean. Zuzenbidean lizentziatua da Donostiako EHUko unibertsitatean. Literatur munduan Lubaki Banda taldearen eskutik hasi zen, sortzaileetako bat izan zelarik 1993an. Harkaitz Canok Euskal Herriko hainbat egunkaritan kolaboratzeaz gain, irrati eta telebistako gidoigile bezala ere lan egiten du. Gaur egun euskal literaturako idazlerik sendoenetakoa da, argitaratu dituen lan guztiek izan baitute arrakasta genero desberdinetan.
Idazle lasartearrak 80ko hamarkadan Euskal Herrian bizi zen giroa aurkezten digu nobela honetan. 1983an bi gaztek sufritu zituzten tortura eta heriotzarekin antza handia du gaiaren muinak, gertaera honen inguruan irudizko pertsonaia eta pasadizoak asmatzen dituela.
Liburua zortzi ataletan banatuta dago. Lehenengo kapituluan, “Cambalache, 1983â€, Soto eta Zeberio gazteak, ezkutuan, sasi artean, maite dituztenen agurrik gabe, torturatuak eta erailak lurperatzen dituzte. Zati honetan irakurri nituen lehen aldiz Rodrigo Mesa teniente koronelaren hitz gordinak: “Itxura penagarria dute, ezin ditugu horrela utzi: desager daitezelaâ€. Ondoren, sarraskia ezkutatu nahian, haragia hezurretan utzi arte erreko zuen hauts zuriaz estali zituzten hilobia konpartitzen zuten bi gorpu besarkatuak. Hitz horiek berak agertuko dira berriro 154 eta 208 orrialdeetan: “Itxura penagarria dute, ezin ditugu horrela utzi: desager daitezelaâ€, idazleak irakurleari nobelaren zimenduak zeintzuk diren gogora ekarri nahian bezala.
Nobelaren estiloa erabat aldatzen da bigarren kapitulutik aurrera, nobela narratiboagora edo konbentzionalagora zuzenduz. Hurrengo kapituluetan Diego Lazkano idazleak hartzen du protagonismoa, beti ere Soto eta Zeberio lagunak gogoan dituela. Soto, Zeberio eta Lazkano lagunak antzerki talde bateko kide ziren. Orain bakarra bizi da, Lazkano, baina bere inguruan gertatzen den guztiak gogora ekartzen ditu bi adiskideak. Beti ari da haiek biziko zuketena birbizitzen saiatzen. Lazkanok eman zituen Soto eta Zeberioren izenak torturapean eta honek loa kentzen dio. Bere torturatzaileek bizkarrean urratuz idatzi zioten “chibato†hitza, akats ortografiko eta guzti, bizitza osoan izango da Lazkanorentzat lotsagarri. Soto eta Zeberio bere lekuan egon izan balira, salatuko ote zuten?
Pertsonaia ugari agertzen zaizkigu liburuan zehar: artistak, kazetariak, antzerki zuzendaria, abokatuak, editorea, familiartekoak, bahituak, poliziak… Lazkanoren bizitzan jendea desagertu egiten da eta gutxien espero duenean agertzen da berriro, hezur haragiz edo mamu bezala. Lazkanoren bizitzako bakardadea, maitasun bizipenak, familia harremanak, adiskidetasuna… azken batean, gazi-gozoak irakurgai ditugu Twist eleberrian.
Niri, gaiari dagokionez, erakargarria bezain gogorra egin zait Twist nobelaren irakurketa. Behin eta berriro datozkit burura jatorrian zeuden bi gazteak eta beraien senditartekoak. Bestalde, nobela fikzioa dela pentsatuz eta interneten Armiarma literaturaren sarean dagoen Literatur Emailuak atalean agertzen den bezala, “errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, antzezpena… asko dira Harkaitz Canoren Twist nobelaren hariak, baina denen gainetik nagusitzen da adiskidetasunari egindako kantua†eta hari hauek guztiek irakurlea bereganatzen dute eta irakurtzen jarraitzeko irrika piztu.
Hizkuntzari dagokionez, irakurterraza gertatzen dela esan daiteke. Liburuan zehar era arruntean ematen diren elkarrizketa eta bakarrizketa ugari dago. Tarteka gaztelaniaz ere idazten du Canok, batez ere polizien ahotan jartzen dituenean hitzak, baina baita euskaldunok, ohituraz, gaztelaniaz erabiltzen ditugun zenbait espresio ere, esaterako, 19. orrialdean agertzen den hau: “Kale jantziz doaz -de paisano- eta ez da galoiduna bereiztea erraza”.
Laburbilduz, Harkaitz Canoren azken lan hau, Twist hain zuzen ere, irakurtzea gonbidatu nahi zaitut. Arrazoiak asko izan badaitezke ere, niretzako nagusiena azalduko dizut: barrenean zerbait mugitzen duelako, sentimenduak pizten dituelako, ez zaituelako inola ere axolagabe utziko, eta ez delako irakurriko duzun liburu bat gehiago izango.
Jarraian, Harkaitz Canok Durangoko azokan egindako Twist liburuaren aurkezpena aurki dezakezu:
Iruzkin berriak