Archive | autoen txokoa

RSS feed for this section

Handi bezain indartsu: H3

Hummer etxeak kaleraturiko azken hau, lehenagoko hiru autoak (H1, H2 eta H2 SUT) baino txikiagoa da, eta Europa alderako egokiagoa. Hala ere, ez da batere txikia: ia bost metro luze (4’7m), bi metro zabal (1’89m) eta beste hainbeste altu (1.89m). Beste era batera esanda, Nissan Pathfinder eta Toyota Land Cruiser autoen antzeko tamainak ditu, eta honekin adierazi nahi da, ez dela aparkatu ahal izateko arazorik izango, baldin badago non aparkatu behintzat.

Bere hiru aurreko modeloen antz handia du, angelu zuzen askoz osaturiko diseinua, izugarrizko gurpilak, azken hauen arteko tarte handia eta kristal belztu eta txikiak.

Barrualdea Barrualdetik begiratuz:

Errespetua sortzen duen kanpoko itxura militarra ahantziz, luxuzko autoa dirudi barnealdetik. Bere anaiek baino akabaera hobeak ditu, eta, horrez gain, ekipamendu osatuagoa du. Modan jartzen ari diren eserleku berogailudunak ditu, sabaian kristalezko leiho irristatzailea eta luxuzko gehigarri gehiago, larruzko eserlekuak esaterako. Denetan bitxiena, ordea, oso gutxi ikus daitekeen satelite bidezko XM irratia da. Posible da gainera sei hazbete eta erdiko pantaila duen GPS nabigatzailea ezartzea; noski, azken honek garestitu egingo du autoa erostera joateko garaian.


Motorearen xehetasunak:

H3 berriak Vortec 3500 motorea darama, 220 zalditako indarra duena. Gasolinazkoa da eta oraingoz izango duen motore bakarra. Hau da, agian, Europako merkatutik pixka bat aldentzen duen arrazoia, jakina baita diesela dela nagusi gure kontinentean. Motorearen kontsumoa, hala ere, ez da neurriz gainekoa, alderantziz, oso ongi mugatua dago: batez beste 11’8 litro ehun kilometroko.
Gasolinazko 220 zaldik indar asko diruditen arren, 2 tona pasako auto batean (2132 kg), nahiko justu geratzen dira, batik bat autopistetan auto eta kamioiak aurreratzerakoan. Gainera, bere abiadura 158 km/h-ra mugatua dago.

H3 berria Garbi geratzen da, beraz, ez dela errepiderako eginiko autoa. Beraz, mendia dugu Hummer handi honi probetxua ateratzeko leku bakarra. Mendian gabiltzala, oztopo gutxik gera dezakete eta zabalera handia duen arren, merkatuko autorik onenetarikoa da mendian ibiltzeko, oso ongi prestatua baitu azpialdea. Hori dela eta edozein lekutan sar gaitezke beldur handirik gabe.

Prezio aldetik, berriz, oso ondo dago, 48800 eurotik aurrera hasten baita bere balioa. Europako merkatuan aurrera egiten laguntzen dion arrazoia da, beste autoekin alderaturik antzeko balioa baitu. Esan behar da, H3-ak, bere anaien erdia balio duela. Honakoak dira luxuzko 4×4 autoetan ezagunenak:

X5 50600€*
TOUAREG 49420€*
XC90 45400€*
Q7 54860€*

*balio hauek gasolinazko autorik merkeenei dagozkie.

Aurreko balio horiekin alderaturik, H3-ak erraz egin dezake aurrera. Azkenik, esan behar asko ikusiko ez den arren, irailaren erdirako 20 eskaera eginik zeudela, prezioa jakin aurretik. Horrek esan nahi du, geroztik gehiago saldu direla eta, egunen batean, gure herrian bertan ikusteko aukera izango dugula.

Comments { 1 }

IZARRETAN HANDIENA CLASE S BERRIA

Auto gehienak berritzeko garaia da, eta oraingoan Mercedes etxeko Clase Sari egokitu zaio. Oso maila handiko autoa da oraingo hau, eta itzal egiteko zaila. BMWren serie7a eta Audi A8a jartzen dituzte parean, baina teknologia aldetik, askoz ere hobea dela irizten diot Mercedes izugarri honi.

Kanpotik, itxura hobetu du, batez ere, atzerako ispilu eta aurreko zein atzeko fokuetakoa. Deportibo tankera gehiago du aurretik izan zenak baino, baina hala ere, ez du barneko erosotasunik galtzen.
Lehen esan bezala, teknologia aldetik izugarria da. Hona hemen serietik dakartzanak:

    . Jadanik ohituak gauden masaje ematen duten eserlekuak ditu, elektronikoki berotzen direnak.
    . BAS Plus. Arazo eta istripu posibleak aurreikusi eta bat-batean balaztatzen du.
    . NVA (Night View Assist). Gauez, argi infragorri bidez ikus liteke 150 metroraino.
    . Pre-safe. BAS Plus-ekin loturik doa. Autoaren dezelerazioa handia denean eta istripua datorrela jabetzean, gerrikoak tenkatzen ditu, aurreko eserlekuak estutzen dira eta aldamenetako leihoak ixten dira.
    . Autoaren atzean, kamera txiki bat dago, aparkatzen laguntzeko.
    . Atzekoeta aurreko eserlekuen burukoen atzean, bi TFT pantaila DVD irakurlearekin.

Dudarik ez izan, ordea, teknologia ordaindu egin behar izaten dela.

Argazkietan ikus daiteke lehen aipaturikoa.

Teknologia berriez ahantzi gabe, azkeneko prototipo garrantzitsuetara pasa behar dugu. Hona hemen zerrendatxo bat:

    . Alfa Romeo Brera Spyder
    . Audi A9 (Le Mans)
    . Audi A2 berria
    . Audi Shooting Brake Concept
    . Ford Iosis
    . Jaguar Coupé
    . Mitsibishi Concept-X
    . Peugeot 207 GTI
    . Renault Egeus (SUV)
    . Renault Zoe
    . VW Scirocco
    . Smart Brabous Forfour…

Ikus dezakezuenez, auto ilara luzea dago merkatuan sartzeko zain. Gehien gustatu zaidan autoa, ordea, Audiren Shooting Brake Concept-a izan da, hona hemen bere bi argazki.

BMWaren serie 1aren tankera izugarria du eta merkatuan bere parean jarriko da ziurrenik.

Prototipo hauetaz zerbait gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen eta azalduko zaizuen orriaren azpian aurrera pasaz, aipaturiko prototipoak eta gehiago ikus ahal izango dituzue.

Comments { 0 }

Indartsuenen arteko lehia.

Neuk bezala, automobilismoaz maitemindutako orok ezin dio luxuzko mendiko kotxeei begirik ere kendu. Elegantziaren eta indarkeriaren arteko harmonia perfektu dira, denaren gainetik ipintzeko boterea ematen dutenak, gizakiaren handinahiaren erreflexu zuzenak, alegia. Nahi duzuna egiteko askatasuna eskaintzen dizute, betiere ematen duten konfortarekin bidaiatzea esperientzia ahaztezin bilakatzen delarik.

Baina auto hauek badute trabarik, bakarra bada ere: garestiegiak suertatzen dira. Hala eta guztiz ere, auto guztien jabe eta zaindari diren hauen salmentak gorantz doaz, gizakion nahiak ahala gainditzen duelarik, ametsa edo fikzioa errealitate bilakatuz.

Fenomeno honen ondorio zuzen gisa, hau guztia izen handieneko etxeen kontua izatetik, aukera zabaldu eta, beste etxeen kontua ere izatera pasa da. Konpetentzia areagotu egin da, segmentu hauen aintzindari direnen kalterako, baina, aldi berean, gainontzeko ekoizleen, eta zeresanik ez erosleon onerako.

Orain arte, Europako SUVen (Sport Utility Vehicle) merkatuan, segmentu honetan murgildu ziren lehenak izan dira nagusi, besteak beste, BMW X5a eta Mercedes-benz ML autoa. Europan prestigio handien duten fabrikatzaileak dira, biak alemaniarrak, luxuzko merkatu zabalean jaun eta jabeak, lehena bere portaera dinamiko hobezinarengatik eta izaera deportiboarengatik gailentzen dena, eta bestea, berriz, bere konfort ukitu eta izpiritu elegantearengatik. Bi auto hauek izan duten arrakasta dela eta, behin eta berriro berritzen dituzte, mehatxu berrien aurrean zaharkituta geratu ez daitezen.

BMW X5 Mercedes ML

Aipatu beharra dago, hala ere, BMW dela nagusi. X5ak sekulako arrakasta du. Etxe honek ematen duen segurtasunaz gain, motore barietate itzela du, eta dieseletan, batez ere, eskaintzen duten potentzia eta duten tamaina eta pisua kontuan hartuz gero, oso kontsumo txikia dute. Dinamismoa aparta da beti, berlina batean zoazela dirudi, itzel mugitzen da, batez ere asfaltuan, eta mendian ere ez da atzean gelditzen. Gainera, diseinuari eta materialei dagokienez, bonboi hutsa izateaz gain, BMWk merkatu zabalena eskaintzen du, modelo merkeago bat baitu, X3a, eta 2008rako x6a aterako baitu.

BMW X3

Mercedesen MLa ordea, eleganteenentzat dago gordea. Modelo berriak gainera asko irabazi du, eta egungo X5a apur bat zaharkituta uzten du. MLaz gain, M izeneko modeloa ere eskaintzen digu.

Volvoren XC90a aipatu ez badut ere, aipatzekoa da. Horren arrakasta handia izan ez badu ere, etorkizunera begira izan lezakeela ezin da ukatu, Volvo etxearen bertutea segurtasuna baita, egungo erosketetan gero eta garrantzi handiagoa eskuratzen ari den faktorea alegia.

Volvo XC90

Land Rover etxea ere ezin dugu ahaztu. Orain arte berariaz mendian ibiltzeko autoekin lan egiten zuen, baina jabetu da erosleen eskaera bestelakoa dela, hau da, lur orotako ibilgailuak bai, baina asfaltuan konforta eskaintzen dutenak nahi ditugula, espazio eta indarraren konbinazio izaki. Horrela bada, Discovery3ak eta Range Roverrak metamorfosi handia jasan dute segmentu honetan borrokatzeko. Discvery3a gainontzekoak baino merkeagoa da, Range Roverra berriz, garestixeagoa. Gainera, lehen aipatutako etxeekiko abantaia garbia izango du Land Roverrek, erosleak jakin badakielakomendirako hoberik ez dagoela .

Range Rover Land Rover Discovery

Gaur egun, ordea, luxuzko auto hauen merkatuan, beste etxe batzuk bere lekua hartzen ari dira pixkanaka.

Lehenik, Volkswagenen eskutik Touarega iritsi zen. Oso erantzun ona izan zuen erosleen aldetik, lehen aldia zela aintzat hartuz.

VW Touareg

Ondoren, Porsche etxe ezagunak Cayannea atera zuen. Honen salmentak eskaxagoak dira, izan ere, garestiena baita. Honek, ordea, badu bere alde ona ere, lehen ikustaldian antzematen da bere etxearen izaera potenteari leiala dela.

Porsche Cayanne

Aipatuko dudan azken modeloa, Audi etxeak Frankfurteko auto erakusketan atera berri duen Q7a izango da. Sekulako oihartzuna izan du. Handiena izango da, zazpi eserleku izango dituelarik, eta diseinu aldetik, aparta zalantzarik gabe. Hau ere, seguraski, gerestiegi suertatuko da erosleen gehiengoarentzat.

Audi Q7

Gero eta zabalagoa den aukera honekin, orain arte Alemanian finkatua zegoen tronua dantzan hasi da. Borrokaren txinpartek sua piztu dute, eta hil ala biziko lehia bilakatu da. Nor bihurtuko ote da segmentu berri honetako errege? BMW etxeak guztien gainetik nagusitzen jarraituko al du?
Edonola ere, irabazle irtetea ez dago batere merke. Mercedesen mehatxua beti egongo da hor, Land Roverren esperientziak pisu handia du, eta Volkswagen eta Audi etxeak hartzen ari diren indarrak ere kikildu egiten du. Volvo ere beti egon izan da lehian, Porshe beste segmentu askotan ere errege da, eta gainera, fabrikatzaile gehiago ere badaude, eta gehiago ere sartuko dira.

Nor suertatuko da garaile???

Comments { 0 }
-->