Archive | denetarik

RSS feed for this section

Egipto

EgiptoAurten, zoritxarrez, oporrik gabe geratu naiz lanean egon naizelako. Aspertuta nenbilen egun haietan, aldizkariak eta egunkariak irakurtzen hasi eta jendea Egiptora erakartzeko bidaia iragarkiak ikusi nituen. Haiek ikusita, bertako lurraldea mirari bat dela pentsatu nuen.

Ez dago esan beharrik Egipto bisitan joateko leku guztiz interesgarria iruditzen zaidala, bai kultura eta erlijio eta baita historia aldetik ere. Nire iritziz, eta ziur ez naizela hau pentsatzen dudan bakarra izango, bertan dauden eraikuntza harrigarri eta zoragarrienak piramideak dira. K.a. 3000 urte inguruan eraikita, faraoien botere absolutu eta esklaboen menpekotasun lazgarrienaren isla dira.

Egiptoko zibilizazioak hil ondorengo bizitzan sinesten zuen. Horregatik, faraoiak hiltzen zirenean, euren gorpuak momifikatu eta ondorengo bizitzara joateko prestatzen zituzten piramide barnean gordez. Gorpu-ganbarak lur azpian kokatzen zituzten eta bertara iristeko sekulako labirinto eta tranpak ipintzen zituzten altxor bilatzaileengandik babesteko.

piramideakPiramideak, eraikuntza diren aldetik, era askotarikoak izan daitezke. Gehiengoak sekulako eraikinak dira, nahiz eta neurri ezberdinetakoak topatu, eta kareharriz eginikoak dira.

Buruari buelta batzuk emanez, berehala datorkigu galdera: nola da posible garai hartako baliabideekin gisa honetako obra bati ekitea? Milaka esklabo eta herritarren artean, harea eta adreiluzko behin-behineko arrapalen bidez, blokeak bere lekuraino igotzen zituzten. Eraikuntza amaitutakoan, piramidoi izeneko urrez edo beste material distiratsu batez estalitako bloke bat jartzen zen puntan. Bi milioi eta erdi bloke behar izaten ziren piramide bat egiteko. Izugarria, ezta?

FaraoiaAmaitzeko, hona hemen egiptoarren hainbat bitxikeria:

  • Astronomia oso ondo ezagutzen zuten. 30 eguneko 12 hilabeterekin osatutako 365 eguneko egutegia asmatu zuten. Azkenean, 5 egun zituen soberan.
  • Matematikari bikainak ziren. Biderkatzeko taula asmatu zuten eta trigonometria garatu zuten.
  • Lehen “eguzkitako betaurrekoak” asmatu zituzten. Begientzako margoak ematen zituzten eta galenaz perfilatu. Horrela, basamortuko eguzki gogorraz babesten zituzten begiak.
  • Kalse pribilegiatuetako umeek burua kaskamotz eta alboan txirikorda bat zintzilika zeramaten, bere gaztetasunaren ikur bezala.

Antzemango zenutenez, Egiptora bidaiatzeko irrikaz nago. Ea luze jo gabe horretarako aukera dudan! Zuetako norbait egonda dago bertan?

Informazio gehiago:

Comments { 3 }

Pirateria, lapurreta ala negozioa?

pirateriaUrterik urtera gizakiak aurrerapauso itzelak ematen ditu arlo askotan. Gure aiton-amonen garaian, esaterako, nork imajina zezakeen telefono mugikor bat edukitzea, messenger bidez beste norbaitekin txateatu ahal izatea edota mp3 txiki batean musika guztia alde batetik bestera eramatea posible izango zenik? Inork ez, egia esan. Eta guk, ordea, ezin dugu irudikatu ere egin teknologiarik gabeko gizarte batean bizitzea. Arlo honek gaur egun horrenbeste egin du aurrera, non berari lotuta bizi baikara. Hain da handia dugun menpekotasuna, ezen dagoeneko musika, liburuak, jokoak… ordenagailu baten bitartez lor ditzakegun. Honi lotuta pirateria deritzoguna dator, noski.

Egun, pirateria arazo izatera iritsi da; izan ere, gero eta film, musika, liburu… gutxiago erosten dira, hauek guztiak erraz internetetik jaisteko aukera baitugu. Honek artistei, autoreei eta diskoetxeei ekonomikoki bete-betean erasotzen die. Baina gu ez gara tuntunak. Zergatik erosi asko balio duen zerbait, gutxigatik lortzeko aukera edukita? Adibidez, merkatuan dagoen edozein disko askoz ere gutxiago ordainduta  eskuratzea dugu Top Manta delakoan. Hori gutxi balitz, eMule, Ares edo bestelako programak erabilita, dohainik lor dezakegu nahi dugun musika guztia saguarekin klik pare bat eginez.

Hariarekin jarraituz, pirateriak diskografiei izugarrizko kaltea suposatzen diela esan dugu. Baina, egia esan, baliteke hau pixka bat bidezkoa izatea, kontuan izan behar baita kaltetuenak ur handiko arrainak direla, hots, guri dirua ateratzen saiatzen diren diskoetxe interesatu horiek. Beste alde batetik, artistak edo idazleak ere kalteturik ateratzen direla esan beharra dago eta ideia hori gutxiago gustatzen zait.

DVD pirateriaEdonola ere, nire ustez, pirateria arrazoi sinple bategatik ematen da: gizarte kontsumista batean bizi gara eta horrexek gauzak erostera bultzatzen gaitu. Ez gara konformatzen disko bat edo bi edukitzearekin. Ez horixe! Gustatzen zaizkigun disko guztiak nahi ditugu, baina ezin dugunez hori guztia ordaindu, bide errazagoa bilatzen ahalegintzen gara eta, teknologia berriez baliatuz, pirateriara jotzen dugu. Horrela, nahi duguna lortzen dugu, berekoiak bihurtzen gara eta ez dugu kontuan hartzen artistei egiten diegun kaltea. Gauzak horrela, hauei hainbeste kostatu zaizkien lanak dohainik eskuratzen ditugu, lapurretaren itzala beste edozein aitzakiaren pean estaliz.

Egia esan, ez dakit arazo honen konponbidea zein izango litzatekeen, ezta zer izango litzatekeen onena ere. Baina diskoetxeek prezioak jaitsiko balituzte, agian, arazo honi konponbidea emateko bidean jarriko ginateke. Zer diozue zuek?

Comments { 1 }

Energiaren garrantzia

poste elektrikoaUdan bagaude ere, urtero negua iristean areagotzen den arazo batez arituko naiz: energiaren kontsumoa. Gaur egun, erregai nahiz elektrizitate ugari dugu eta zaila egiten zaigu horiek gabeko bizimodua irudikatzea. Dena den, jakin beharra daukagu energia iturri hauek ez direla beti garbi-garbiak.

Herrialde garatu edo industrializatuetan, planeta osoko energiaren %70 kontsumitzen da. Gauzak horrela, autoek, etxebizitzek, industriek… denek petrolioa, ikatza edo gas naturala behar-beharrezkoa dute. Bestelako erregaiak ere badaude, baina Europan kontsumitzen den %85 lehen aipatu ditugun energietatik etortzen da. Beraz, laster agortu egingo dira eta beste irtenbide batzuk aurkitu beharrean egongo gara.

Gure planetan arazo ugari dago eta, ezin ukatu, horietako baten eragile nagusia energia dugula: hondakin erradioaktiboak, berotegi-efektua, petrolio-isurketak, euri-azidoa… Dena dela, esan dugun bezala, badaude beste energia iturri batzuk: eguzkia, haizea, itsasaldiak… Garatu gabe daude oraindik, baina gauzak ondo egiten badira, etorkizunerako prest egongo dira, eta oraingo energia iturriek sortzen dituzten ondorio larrienak saihesten lagunduko dute. Horietako bi aipatuko ditugu jarraian:

EURI-AZIDOA

Industriek atmosferara sufre eta nitrogenoa botatzen dituzte eta, ur-lurrinarekin nahiz oxigenoarekin nahasten direnean, azido batzuk sortzen dira. Haizearen eraginez, azido horiek hainbatetan urrutira bidaiatzen dute eta, ondoren, ur tantekin batera lurrera erortzen dira. Ez dago esan beharrik, noski, honekin guztiarekin ibaiak eta urtegiak kutsatzen direla, urrutira jo gabe, Euskal Herrian gertatzen ari den bezala (%30 baino gehiago euri azidoak dira).

BEROTEGI-EFEKTUA

Berotegi-efektua CO2 gasak gure planetan eragiten duen arazoari deritzogu. Gas hau beste gas batzuekin nahasten da, proportzio txikiagoan, eta kristalaren antzera jokatzen du: eguzkia sartzen uzten du, baina,  ateratzerakoan, eragozpenak sortzen ditu. Gasak planetako tenperaturak gora egitea eragiten du eta glaziarretako poloak urtzea, besteak beste. Urtze horrek itsasoaren maila pare bat metro inguru igoko du eta, ondorioz, uharte asko ur azpian uzteaz gain, itsasertzak atzera botako ditu.

Jarraian berotegi-efektuaren ondorio nagusienetako bat ikus dezakezue: izozmendi plaken urtze prozesua.

Comments { 0 }
-->