Archive | denetarik

RSS feed for this section

Fidel Castro: Moncadatik Marcha a La Habanara (II)

Hona hemen Fidel Castroren biografiaren bigarren ataltxoa, ene ustez bere bizitzako unerik garrantzitsuenak eta hunkigarrienak kontatzen dituena.

FIDEL CASTRO: MONCADATIK MARCHA A LA HABANARA

Moncada kuarteleko erasoa

Moncadaren aurkako erasoan atxilotuakHarridura. Horixe sentitu ei zuen Fidelek Batistak 1952an emandako estatu kolpearen aurrean gainerako talde politikoek borroka oro alboratu zutela ikustean. Baziren bizpahiru urte Alderdi Ortodoxoan militatzen zuela, eta une hartantxe erabaki zuen alderditik irten eta militante kopuru esanguratsu bat biltzea, borrokari lotzeko. Berriz ere, harrituta geratu zen iraultzaile kubatarra jarraitzaileak biltzeko izan zuen zailtasun ezarekin. Hilabete gutxi batzuetan 1200 gizon bildu zituen Fidelek, eta Alderdi Ortodoxoko beste zenbait kiderekin batera, hauei klase kontzientzia ematen saiatu ziren. Izan ere, erreklutatu zituzten gazte gehienak, ortodoxoarrak izanik, antibatistarrak baziren ere, oraindik ez zuten klase kontzientzia oso garatua. Hala ere, Fidelen helburua ez zen taldetxo honekin iraultzari ekitea izan. Eraso puntualen bidez erregimenaren aurkarien arteko batasuna sustatu eta gobernua kolokan jarri nahi zuen. Mugimendu honen gidaritza hartzeaz arduratu ziren Fidel bera, Abel Santamaría eta Jesus Montané. Raul Castrok ere parte hartu zuen Moncadako erasoaren prestakuntzan, beste maila batean, ordea; izan ere, Gazteria Komunistetako kide zen eta beste ardura batzuk zituen. Horrez gain, Alderdi Komunistak ez zuen erasoan parte hartu nahi izan, Batistarekin negoziatzen baitzebilen.

Bogotazo“-n eta Dominikar Errepublikan lorturiko esperientziari jarraiki antolatu zuten Moncada kuartelaren asaltoa, eta, gaur egun, Fidelek onartzen du plana ia perfektua zela. Hau da, kuartelaren aurkako erasoa arrakastatsua izan balitz eta bertan gordeta zeuden milaka armak lortu izan balituzte, Batistaren gobernua berehalakoan jausiko zela. Iraultzaileek eman zituzten pausoak honakoak izan ziren:

  • Uztailaren 25eko goizaldean, Fidelen gizonek bi leku ezberdinetan egin behar zioten eraso armadari, Moncada kuartelean eta Gayacón kuartelean. Azken hau hartzearen helburua zubi bat leherrarazi eta kontraerasoa oztopatzea zen. Aipagarria da altxatutako guztiak sarjentuz mozorrotuta ibili zirela, 1933ko Sarjentuen estatu kolpea kopiatzeko.
  • Moncada kuartelaren aurkako erasoan 120 gizon inguruk hartu zuten parte, gehienak ehizarako 12 kalibreko eskopetekin. Arma falta ikaragarria zutelako baliatu behar izan zuten ehizako eskopeta hauez, zeinak eraikuntza barruko borrokarako oso egokiak ziren.
  • Moncada kuartela hartuko bazuten, ezin garrantzitsuagoa zen soldaduak lotan zeudela preso hartzea, erreakzionatzeko denborarik ez emateko. Bi taldetxok ospitalea eta auzitegia hartzeko ardura zuten, eta, bitartean, Fidelek eta Abelek soldaduak ohetik irtenarazi eta plazan elkartu behar zituzten, preso egiteko. Itxuraz, ez zen batere zaila. Hala ere, Santiago de Cuban Inauteriak zirela eta, ustekabeko patruila batekin topo egin zuten, eta autoetan zihoazen gazteak behar baino lehenago hasi ziren erasoa jotzen, oraindik kuartelaren barruan sartu gabe zeudenean. Horrexek eragin zuen iraultzaileen galera, soldaduak antolatzen hasi baitziren. Dena galdua zela ikusirik, auzitegiko taldea eta Fidelen taldean biziraun zutenak Granjitara, euren basera, abiatu ziren. Bertatik mendira ihes egin bazuten ere, egun batzuk beranduago kide guztiak atxilotuak izan ziren, eta haietatik ia 60 unean bertan exekutatuak izan ziren. Fidel preso egin zuten bere anaia Raulekin batera.

Che eta Fidel Pinar del Ríon“Historiak errugabetuko nau” eta Mexikoko erbestea

Atxilotua izan ondoren, Fidel Castro epaitua eta bizi-osoko kartzela zigorra betetzera zigortua izan zen. Epaiketa hartan zehar plazaratu zuen bere ideiak eta ekintzak biltzen zituen “Historiak errugabetuko nau” hitzaldia, gerora benetan famatu egingo zena eta iraultzaileen programaren oinarri izango zena. Hala ere, 22 hilabete baino ez zituen egin kartzelan, 1955ean askatu baitzuten, amnistia orokorraren ondorioz. Une hartan, erbesterako bidea hartu eta Mexikon errefuxiatu zen. Berarekin atzerriratu ziren Moncada kuarteleko erasotik bizirik irten ziren gehienak. Mexikon zeudela, Fidel gerrilla gerra bat aurrera eramateko ideiaren inguruan gogoeta egiten hasi zen, garbi baitzuen sendoki armaturiko ejertzitoaren aurka gerra konbentzionala alferrikakoa zela. Helburu horrekintxe alokatu zuten “rancho” bat eta bertan entrenatzen hasi ziren Kubara itzuli eta Sierra Maestran borrokari ekiteko. Garai honetan lotu ziren Fidelen 26-J mugimendura geroago Granma ontzian Kubarako bidaiari ekingo zioten Ernesto “Che” Guevara, Camilo Cienfuegos, eta abar.

Sierra Maestran

Sierra Maestrara iritsi berritan82 iraultzaile, dozenaka fusil, itsasontzi txiki bat. Horixe zen Granma ontzia Kubara bidean abiatu zenean. Hasierako helburua lehorreratzea 26-J herri mugimenduko zenbait kideren erasoekin koordinatzea bazen ere, era horretan Santiago hiria hartzeko, itsasontziaren gainkargaren eraginez berandutu egin ziren eta armadak 26-Jkoen altxamendua galarazi ahal izan zuen. Horrez gain, lehorreratzearen berri ere izan zuenez, 82 iraultzaileak lurrera heldu bezain laster, Pinar del Ríon erasotuak izan ziren. Hainbat egunez mendian galduta, elkarrekin hitz egin ezinik eta 4-5 pertsonako taldetan banatuta ibili ondoren, lortu zuten 12 pertsonako taldetxo bat biltzea eta borrokan jarraitzea. Garai hartan ejertzitoaren presioa izugarria zen lurreratu zirenak harrapatzeko, baina, hala ere, poliki-poliki bizirik irten ziren guztiak biltzen joan ziren baserritar “guajiroen” laguntzarekin. Hauek izan ziren arma gehiago lortzeaz arduratu zirenak ere eta babesa eman zietenak.

Berrantolaketari ekin eta 30 bat kidez osatutako taldeak erasoari ekin zion berriz ere Sierra Maestratik abiatuta. Lehen garaipena lortu ondoren, 1957ko urtarrilaren 17an, lehorreratu eta 46 egunera, mugimendua gero eta jarraitzaile gehiago lortzen joan zen, eta zabalkunde horretan berebiziko garrantzia izan zuen 26-J mugimendua hirietan ere antolatzeak. Garai honetan hasiko dira jadanik nabarmentzen geroago buruzagi nagusiak izango direnak: Che, Camilo Cienfuegos eta Castro anaiak. Era berean, hauek izan ziren urtebete inguru beranduago, artean iraultzaileak indartsuagoak zirenean, hainbat batailoitan banatu eta, Camagüeyko lautada igaro ondoren, hiriburura abiatu zirenak.

Habanara bidean ekitaldi bateanIraultzaileek kuartel nagusia Pinar del Ríon eta Santiagon ezarria bazuten ere, hasiberrientzako eskola eta guzti, Batistak ez zuen oraindik amore eman, eta 1958ko udan azken kontraerasoari ekin zion. Goitik behera armatuta zeuden 10000 gizon abiatu ziren 300 gerrillariei aurre egitera. Kanpaina mediatikoari ere gogor eutsi zioten, erasoaldi haren baitan zabaldu baitzen Fidelen heriotza, iraultzaileak desmoralizatzeko helburuarekin. Hala eta guztiz ere, Fidelen gizonek eutsi ahal izan zioten erasoaldiari eta udazkenean orotara 900 gizon jarri zituzten abian, uharte osoa okupatzeko helburuaz.

Santiago de Cuba hiria setiatuta zutenean, bertako jeneralak tratu bat proposatu zion Fideli: gobernua behin-behineko talde batek hartuko zuen eta Batista justiziaren eskuetan utziko zuten. Fidelek tratua onartu bazuen ere, Cantillo jeneralak hitza jan eta Batistari ihes egiten lagundu zion. Horrez gain, gobernuan Carlos Piedra izeneko epaile bat ezarri zuen, bere interes pertsonalak babesteko. Bitartean, uharte osoa, La Habana hiriburua izan ezik, gerrillarien eskuetan zegoen. Che Santa Clara hiria hartzen ari zen eta Camiloren batailoia, berriz, Camagüeyko lautada gurutzatzen ari zen. Gobernu aldaketaren berriak heltzean, Fidelek bi gizon hauei agindu zien Columbia eta La Cabaña hiriburuko kuartel nagusiak hartzera joatek; izan ere, uharte osoan nagusitu zen altxamendu orokorraren kontrolpetik at zeuden zonalde bakarrak baitziren.

Marcha a La Habana

Habanara iritsitakoan egindako ekitaldiaOrduan, El Caneyko kuarteleko indar bereziak iraultzaileen alde jarri ziren eta “Marcha a La Habana” delakoa hasi zuen Fidelek 3000 gizonekin, eta 8 egunen ondoren iritsi zen Habanara, zein ordurako Camilo Cienfuegos eta Che Guevararen agindupean zegoen. Bidean zehar topatu zituen herri guztietan iraultzaren aldeko mitinak eman zituen, askotan hitzaldi luzeen bidez, ohitura duen moduan. Besteak beste, nazionalizazioaren aldeko mezuak, Carlos Piedraren aurkakoak eta justizia sozialaren aldekoak nabarmendu ziren bere ibilbide horretan. Herriz herri bere hitzaldiak entzuteko biltzen zen jendetzak ezin argiago uzten zuen gerrillariek herria alde zutela, eta halaxe sartu zen Fidel Habanan, iragarri zuen bezala, errugabe eta herriaren babes osoa zuela. Etapa berri baten hasiera zen hura Kubarentzat, eta baita Fidelentzat ere, abiatu berria zen iraultzaren buruzagi izan (Camilo eta Cherekin batera) eta ildoak zehaztea baitzegokion orduan.

Comments { 0 }

Fidel Castro: pentsamendu errebeldearen formazioa (I)

10 urterekinOrain ez asko jaso dugu Fidel Castrok komandante-buru kargua betiko utzi duela dioen berria. Ia 50 urtez munduko iraultzaile ugariren eredu eta ia-ia mito izan denak, edo bere gorputzak behinik behin, nahikoa da esan duela dirudi, Kubaren alde 70 urtez borrokatu ondoren, agintaritza bere anaia Raul Castroren esku utzi baitu. Urteak ez dira alferrik iragaten, eta ezta Sierra Maestrako oihanean erretako puruak ere, eta badirudi kubatarraren gorputzak hori dena nabaritu duela.

Esan bezala, Raul Castro anaia hautatu du Kubako Diputatuen Batzarrak Estatu Kontseiluko lehendakari izateko. Bere anaiaren karisma eta ospea izan ez arren, garai berri bati hasiera ematerakoan eta zenbait berrikuntza, arlo ekonomikoan bereziki, ematerakoan buruzagi berri honek urte hauetan guztietan egindako lana agerian geratuko omen da. Egokiena omen da herritarren bizi-kalitatea hobetuko duen “trantsizio” gisako bati ekiteko, kubatar komunismotik XXI. mendeko sozialismorako saltoa egiteko, alegia. Hala ere, ukaezina da bizi den artean Fidel Castrok izugarrizko eragina izango duela Kubako gobernuan, eta horrexegatik bereziki interesgarria iruditu zitzaidan bere bizitzari buruz zer edo zer gehiago jakitea, bizar luzedun eta uniforme berdedun gizon horren bizitzari buruz zer edo zer gehiago jakitea.

Hala ekin nion Fidel Castrok berak, Ignacio Ramoneten galderei erantzunez, idatzitako biografia irakurtzeari. Bere bizitzako gertakizun txiki ugari eta Kubako Iraultzaren berri gehiegi ez dugula ohartu nintzen segituan, ez dugula Che Guevara gisako mitoez eta zenbait komunikabidek diotenaz gain ezer asko ezagutzen. Biziki interesgarria iruditu zait, bada, XX. mendeko pertsonaia karismatikoenetako bat denari buruz zerbait gehiago jakitea eta, orain, garbi dut denok jakin beharko genukeela zerbait gehiago berari buruz, askotan arinkerian hitz egin gabe. Saiatu naiz bere biografia laburtu eta interesgarri bat egiten, baina, esateko horrenbeste egonik (eta egongo delarik!), hiru ataletan banatzea erabaki dut. Espero dut nik bere bizitzaren inguruan egindako laburpena interesgarri egingo zaizuela!

FIDEL CASTRO RUZ: PENTSAMENDU ERREBELDEAREN FORMAZIOA

Haurtzaroa

Bere gurasoakIraultzailea iraultzaile gisa heltzeko, ezinbestekoa omen da bere haurtzaroa eta hazi zen ingurune soziala aztertzea. Batek baino gehiagok pentsatuko zuen Fidel Castrok garatu zituen ideia ezkertiarrak zirela eta langile klaseko kide edo, Kubaren kasuan, esklabo familiakoa izan behar zuela. Harrigarria bada ere, bere aita garaiko klase latifundistakoa zen, Galiziatik etorria Independentzia Gerran parte hartzeko. Hainbat urtez armadan borrokatu ondoren, Birán izeneko herrixkan etxetxo bat erosi eta azukre kanabera lantzen hasi zen. Apurka-apurka inguruko lurrak erosten joan zen eta Fidelek, Debate argitaletxearen liburuan dioen gisan, “bastante pudiente” izatera iritsi zen, azienda, pinudiak eta soroak zituela.

Birán herrixka hartan ezagutu zuen Angel Castro Fidelen aitak Lina bere ama, Pinar del Riokoa. 1926an jaio zen herrixka hartan Fidel, eta 4 urterekin jada herriko eskolara bidali zuten. Berebiziko oroitzapena omen du Espainiako Gerra Zibilaren inguruan; izan ere, bere aitaren aginduetara lan egiten zuten asko espainiar analfabetoak ziren, eta, ondorioz, berari eskatzen zioten gerraren berri emateko. Hasieratik ohartu omen zen langileen artean bazeudela bi bando, errepublikazaleena eta nazionalena, eta baita bere aita azken hauen aldekoa zela ere.

Eskolan hasi bezain pronto hasi omen zen erreboltari izateko joera hori azaleratzen, klaseko gazteena izaki eta anai-arreba zaharragoak izanik, aurre egiteko beharra izan baitzuen. Txiki-txikitatik haur guztiekin, baita beltz haitiarrekin ere, erlazionatzen omen zen. Horrek behin baino gehiagotan barnetegira joateko zorian utzi zuen kubatarra, bere gurasoek ez baitzuten bere portaera onartzen.

Biraneko etxea6 urte bete bezain pronto eraman zuten Santiago izeneko hirira irakasle batekin bizitzera, bere hezkuntza hobetu zezan. Hobetu beharrean, bere hezkuntzak okerrera egin zuen. Ez zuen klaserik jasotzen, gosetuta eta ezer egitekorik gabe, benetan formazio iraultzailearen oinarri izan zen esperientzia izan zen Santiagokoa. Horrez gain, garai hartan Kuban mugimendu politiko garrantzitsuak eman ziren, Sarjentuen Altxamendua (Fulgencio Batista diktadorea agintera eramango zuena) eta II. Mundu Gerra kasu. 1937 inguruan, etxekoak Santiagoko eskolaren egoera txarraz ohartu ondoren, La Salle ikastetxe jesuitara eramatea erabaki zuten, bertan lau urte eman zituela. Beranduago, “Los Dolores” eta “Belen” ikastetxe erlijiosoetan ikasi zuen, 1945ean batxilergoa amaitu arte. Urte haietan guztietan mendizaletasunagatik eta kirolekiko zaletasunagatik egin zen ezagun Fidel. Askotan aitortu duen moduan, ez zen inoiz ikasle ona izan, klaseetan golpe zorrik ez jotzearen ondorioz, klasetik kanpo ikasi behar izaten baitzuen.

Jarrera iraultzailearen sorrera

Fidelek erdi bromatan esan izan du berak hain berezko izan duen agintearen aurka joateko joera hori izan zituen irakasleek sortu ziotela. 1937an Angelita bere ahizparekin eta irakasle batekin bizitzen ari zela, sekulako eztabaida izan zuen azken honekin, eta etxea erretzearekin ere mehatxu egin zion. Horren aurrean, bere gurasoek La Salle ikastetxera eraman zuten. Garai hartan kontzientziarik ez bazuen ere, beste irakasle leondar batekin izandako haserrealdiak ere garbi adierazten digu Fidelek gauzen zergatia argitzeko zuen grina. Santiagon ikasten ari zela, bere gelan ikasle beltzik zergatik ez zegoen galdetu zien, ea hainbeste izanda gelan zergatik ziren denak zuriak; eta, honi erantzunez, ordu luzez liburuak eusten izan zuen irakasleak mutiko kubatarra. Hau bezalako beste istorio asko izan zituen Fidelek umetan, notak faltsutzearena kasu, eta berak behin esandakoak argi laburbiltzen du bere haurtzaroa: “Ni ez nintzen iraultzaile jaio, baina, bai errrebelde.

Politika munduan sartzen unibertsitatean

Jardunaldi antiinperialistetan parte hartzenCastro 1945ean sartu zen Habanako unibertsitatean, batxilergoko ikasketak bertan amaitu ondoren. Garaiko ikasle eta gazte gehienek izaten ez zuten aukera izan zuen goi-mailako ikasketak egiteko, bere familiaren aberastasuna zela eta. Aurrez esana dugu zenbait ideia matxino bazituela, batez ere justizia arloari zegokionean. Unibertsitatean, berriz, ideia horiei forma emateko aukera izan zuen, bertan egin baitzen iraultzaile eta marxista-leninista. Garai hartan ez zuela ideologia finkorik azpimarratu izan du behin baino gehiagotan, ideiez borborka zegoen pertsona zela, eta irakurri zituen hainbat liburuk eman ziotela aukera ideia horiek guztiak antolatzeko.

Segituan hasi zen politika munduan sartzen, lehen urtean gelako ordezkari izateko hautatu baitzuten alde handiz, 181 boto alde eta 31 aurka. Argi dago karismatikoa izan dela betidanik. Hautatua izan bezain laster, bere izaera berezi hori ere segituan azaleratu zen, ez baitzituen mafia gisa antolatua zegoen ikasle erakundearen jarraibideak errespetatzen. Oposizio horrek, baina, bere fruituak eman zituen eta, hurrengo urtean, Puerto Rico eta Dominikar Errepublikaren independentziaren aldeko batzordeetako lehendakari izendatu zuten.

Bestalde, bere ikasketei jaramonik egin gabe jarraitzen zuen, 50 ikasgai izan arren, ez baitzuen ia-ia azterketarik egin azken kurtsora arte. Suposatzekoa da, beraz, nahi adina denbora izango zuela gai politikoetan buru-belarri murgiltzeko. Testuinguru horretan eman zuen izena Trujillo dominikar diktadorea erorarazteko espedizio armatuan. Espedizio hura porrot hutsa izan bazen ere, Fidelen bizitzan inflexio puntu garrantzitsu bat ezarri zuen, “Bogotazo” delakoarekin batera. Alderdi Ortodoxoaren barruan lanean eta ordurako bere burua marxista-leninistatzat zuela, 1952 inguruan, etorkizunerako plan bat prestatu zuen. Bere helburua gerrilla gerrari ekitea zen, herriaren altxamenduaren abangoardia gisa, eta,  altxamenduaren bidez, boterean agintari bakar gisa ezarria zen Batista kanporatzea. Helburu horrekintxe ekingo zion Fidelek talde armatu irregularrak prestatu eta ideologia iraultzailea zabaltzeari, herria altxamendu armaturako prestatzeko eta bere programaren oinarriak azaltzeko. Orduantxe hasi zen Moncada kuartelaren asaltoaren prestakuntza eta bertan sortu ziren ia hamarkada bat beranduago Kubako agintaritza hartuko zuen herri-mugimenduaren lehen ernamuinak.

Comments { 2 }

Piercingen mundua

Aurrekoan, Wikipedian piercingaren inguruko informazioa bilatzea otu zitzaidan. Antzinatik datorren gorputz adierazpen mota hau kultura ezberdinek beraien artean desberdintzeko erabiltzen zuten; baita gorputzaren eboluzioa markatzeko ere, umetatik hasita heldu bilakatu arte. Garai guztietan egon dela esan genezake, baina garaiak aldatzen doaz. Antzina, piercingek kulturarekin harreman estua zuten; gaur egun, aldiz, gure gorputzak apaintzeko edota gizarte-talde batengandik ezberdintzeko erabiltzen dira. Piercingen jatorria ez da zehatz-mehatza, baina K.a. 709. urtean hasi zela esan daiteke; izan ere, garai hartako hieroglifiko batzuek erakutsi digutenez, erritual batzuen bitartez, ahoa zulatzen baitzuten. Badirudi hortik piercingen jatorria ondoriozta dezakegula.

Piercingak kultura ezberdinetan

antzi.jpgAlaskan bizi diren eskimalek ezpainean jartzen dute, mutiko txiki bat izatetik ehiztari izatera pasatzea adieraziz. Gizonezkoek, kultura honetan, beraien belarriak eta sudurra materia ezberdinez osatutako objektuez apaintzen dituzte. Emakume afrikarrei dagokienez, belarrietako gingilak disko itxura duten tresna batzuen bitartez handitzen dituzte sorbaldara heldu arte eta ezpainean ere gauza bera egiten dute. Gizonezkoek, aldiz, sudurrean hosto bat eramaten dute, ezpainean disko bat eta bizkarra orbainez josia. Indiako emakumeek, bitartean, belarriak eta sudurra zulatzen dituzte urrezko bitxiak zintzilikatzeko apaingarri moduan. Ozeanian, emakumeek sudurra alde batetik bestera zulatzen dute arrain baten hezurra ipiniz apaingarri gisa; gizonezkoek, aldiz, sudurretik arrainen hortzak jartzen dituzte zintzilika. Kultura ezberdinekin jarraituz, Ipar Amerikakoa aipa dezakegu. Hemen, piercingen erabilerak emakumeen garapena markatzen du. Erdialdeko Amerikan, egurrezko maskara batzuen bitartez, umeen burua itxuragabetzen dute forma on bat lortzeko asmoz. Tatuajeak gizarte-maila zehazten du, eta beraien bitxi garestienak erakusteko, piercingak egiten dituzte sudurrean, ezpainetan eta belarrietan. Toki eta kultura ezberdinetatik zehar eginiko ibilbideari amaiera emateko, Hego Amerika aipatuko dugu. Bertan, gizonezkoek sudurrean kolorezko lumak txertatzen dituzte haien arteko maila ezberdintzeko. Ikus daitekeen legez, piercingaren kultura esanahi ezberdinez josita dago.

mas pir.jpg

Piercing bat egin aurretik kontuan izan beharrekoak

  • Mingaineko piercingaErabili behar den materiala esterilizatuta egotea. Horretaz gain, zuloa jostorratz batez egitea komeni da, eta ez pistola erabilita.
  • Piercingak titaniozkoa izan behar du, ezin du izan ez urrezkoa, ez zilarrezkoa, ezta brontzezkoa ere. Egin berri den zulo batean ipiniko dugu.
  • Profesional batek egiten duela ziurtatu behar da.
  • Piercinga egin baino lehen, zuloa egin behar den guneko azala ondo garbitu eta desinfektatu behar da.

Zuloa ixteko epea 

Gorputzaren atal bakoitzak denbora jakin bat behar izaten du bertan egindako zuloa ixteko:

  • Belarriaren goialdea: 8-12 aste (pertsonaren arabera).
  • Belarriaren behealdea: 4-7 aste.
  • Bekaina: 6-8 aste.
  • Sudurra: 6-8 aste.
  • Zilborra: 6-8 aste.
  • Ezpaina: 4-6 aste.
  • Mingaina: 4-10 aste.
  • Genitalak: 8-12 aste.

Arriskuak 

Zenbaitentzat gustagarriak izan baitaitezke ere, arriskutsuak ere izan daitezke; izan ere, ondorio latzak ekar ditzakete gaizki zainduz gero. Adibidez:

ezpain.jpgInfekzioak
Infekzioak arrazoi ezberdinengatik eman daitezke, besteak beste, desinfekzio kaskarragatik, emandako kremen erabilera okerrarengatik, jarraitu beharreko tratamendua behar bezala ez jarraitzeagatik eta beste jende batek erabilitako produktuak erabiltzeagatik.

Erreakzio alergikoak
Gertaera honen ondorioak latzak izan daitezke eta, horregatik, hau gertatu bezain pronto, komenigarriena produktua kendu eta medikuarengana joatea da. Okerrera eginez gero, gomendagarriena larrialdi zerbitzuetara joatea litzateke.

Odol jarioak
Zainen bat hautsi eta gorputzak odol kantitate handia bota dezake kanpora. Odol isuri hori gelditzen ez bada, larrialdietara joatea aholkatzen da.

Nerbio baten zulaketa
Zulatzean nerbio bat sastatzen bada, arriskutsua izan daiteke. Gune horretako sentikortasuna galtzeaz gain, mugimendua galtzera irits baitzaitezke.

Beste arrisku batzuk
Esanak esan, oso garrantzitsua da kontuan izatea gorputz bakoitzak erreakzio ezberdina izan dezakeela. Hainbat kasutan, gorputzak ez du piercinga ondo onartzen. Halaber, gerta daiteke hilabete batzuk pasa ondoren, piercinga erortzea.

Ondorioz, ezinbestekoa da egindako piercinga ondo zaintzea ondorio lazgarriak pairatu nahi ez baditugu. Kontu handiz ibili behar dugu aldaketak edo tratamenduak aplikatzeko orduan. Eta, amaitzeko, infekzioak har gaitzan nahi ez badugu, inoiz ez dugu ipini behar beste pertsona batek erabili duen objekturen bat.

Gaia interesgarria iruditu bazaizu, irakurri iaz euskaljakintzan Josunek idatzitakoa. Eta, gorputz apaingarrien inguruan zer edo zer gehiago jakin nahi baduzu, hementxe dituzu beste erreferentzia batzuk:

Comments { 4 }
-->