Archive | denetarik

RSS feed for this section

Etorkizuna orain

Orain arte aotoei buruz egin ditut nire idazlanak eta oraingoan ere bai. Baina honako hau ezberdina izango da, urtea amaitzera doa eta seguruenik ez dut gehiago idatziko. Makina bat poztuko dira. Azken honetan etorkizuneko autoei buruz arituko naiz (Lexus LF-C, Hyundai Genus, Saab Aerox…), hau da, concept deritzenei buruz.

Baina dakizuenez, auto hauetako askok ez dituzte kontzesionarioetako kristalak ikusiko, gainera hauei buruzko informazioa oso eskasa izan ohi da. Has gaitezen bada labur-labur.

Lehenik eta behin Kia etxe korearraz arituko gara, C´eed berriaz, hain zuzen ere. Korear etxe hauek ez dira soilik orain interesgarri bat bizitzen ari, etorkizun oparoa ere badute. Kiak aldaketak agindu ditu eta C´eed berriari begiratu besterik ez dugu honetaz konturatzeko. Zein Kiak du honen antza? 4,30 metro inguru luze izango lituzke eta segmentuko izarretariko bat izatera irits daiteke. Diseinua, behintzat, erabat berritzailea da. Zein segmentutan sartzeko gogoa duen jakinda eta Kia etxea ezaguturik, esango nuke 90 eta 130 zaldi bitarteko motoreak eskainiko dituela, eta deskuidoan 100 zalditik beherakoak badakartza, ez luke izango esan dugun arrakastarik.

Segidan ,Lexus, Toyotaren luxuzko autoaz arituko naiz. New Yorkeko Auto Erakusketan erakutsi zuten; eta, egia esan, erakusteko modukoa dela uste dut. Bi lagunentzako auto honetan luxua baino nahiago izan da coupé itxura azaldu. Adierazi bezala, itxura asko landu da eta auto honi begiratuz gero, ondoren datozen autoen ideia bat egin dezakegu. Gainera, izenak berak ere hori esan nahi du, Lexus Future Car (LF-C). Orain arte etxe japoniar honek erakutsi digunak ez du coupé edo deportibo antzik izan, baina concept honen plazaratzeareki, garbi ikusten da Lexus etxearen ideien aldaketa. Gainera, motorrak ere indartsuagoak hasiko dira sortzen; honek, adibidez, 4,3 litroko 8Vdun motorea darama. Bere zaldi potentzia adierazi ez den arren, 300 eta 500 zaldi bitartean ibiliko dela esango nuke. Eramango dituen zapatak, berriz, aurrekoa 245mm-koa eta atzekoa 285mm-koa, oso zabalak dira, eta hau da deportibo itxura eman nahi izan diotela ziurtatzen digun beste adierazle bat.

Auto honen argazki honetaz gain beste argazkirik ikusi nahi izanez gero , klikatuhemen.

Coupé baten atzetik beste bat, edo hobeto esanda, SUV bat (Sports Utility Vehicle). Hyundairen 4×4 autoetan aukera anitza dago, eta orain gehiago, duela gutxi berritutako Santa Fea dela eta. Baina Hyundai etxeari falta zaiona SUV auto bat da. Merkatua nola dagoen ikusirik, lo egoten denak jai izango du, eta Hyundai ez dago horretarako prest. Horregatik Genus hau atera berri du. Ginebran erakutsi zigun concept-a eta, egia esan, harrera ona izan du. Alemanian diseinatua izan da, harrigarri samarra Hyundai nongoa den jakinda, eta maila gorenera iristeko asmoa sumatzen zaio. Ez da auto txikien artean sartuko eta bere 4,75m-ko luzerak garbi uzten du hori. Ibilgailu erakargarria da eta oso ongi mugitu beharko luke bere 2,2 litroko motorraz baliaturik, noski, diesela. 2+2-ko auto bat da, kristal tindatuzko eta forma originaleko sabai eta maletategi handia dituena.


Azkenik Saab etxeko concept-a ikusiko dugu. Suediar etxe honek merezi duen postua lortzeko ahalegin handiak egiten ari da, bakardadean eginiko bidaia dela medio orainartean ukatua izan baitu. AeroX izeneko auto hau ez da esperimentu soil bat izan, ez da soilik denborapasa gisa egin. Dakigunez , seriera honelako auto bat eramatea ia ezinezkoa da, baina badakigu, halaber, auto edo bolido honen ukitua beste etxe honetako auto askok jasango dutela. Lehen begiratu batean ehiza-hegazkin baten antza duela esan genezake; eta, egia da, Saab etxea aeronautikarekin lotua egon dela betidanik, baina auto honek duen diseinu aerodinamikoa gaindiezina da. Adibidez, ateak eta haizetakoak pieza ia oso bat osatzen dute, batera artikulatzen direnak aurrerantz eserlekurako bidea ehiza-hegazkin baten oso antzekoa bihurtuz. Aurrealdea oso ondo amaitua du eta jakin ahal izan denez, hurrengo Saab modeloen isla da. Osaturiko materialek, diseinu aerodinamikoak eta mugitzeko duen gaitasunak, 2,8 litroko turbo bikoitzeko eta 400 zaldiko motorra darama. Ginebrako auto interesgarrienetariko gisa kokatu dute. Argazki gehiago nahi izanez gero, klik egin AeroX hitzean.

Klik egin hemen Ginebrako Auto Erakusketan erakutsi ziren concept gehiagoren argazkiak ikusteko. Lastima orria ingelesez egotea, baina honelako web orririk ez dago euskaraz. Gainera, bertan saltseatzen baduzue, auto berri askoren probak eta argazkiak ikusi ahal izango dituzue.

Amaitzeko gogorarazi nahi dizuet lehen esandakoa: seguruenik auto hauetako bat bera ere ez da merkatura aterako. Gainera, hemen doakizue azken-azkeneko autoen eta concept batzuen zerrenda zerbait gehiago jakin nahi baduzue:

1-Hyundai Santa Fe
2-Honda Civic
3-Ford S-Max
4-Ford Galaxy
5-BMW Z4
6-Alfa Romeo 159 Sportwagon
7-Cadillac BLS
8-Suzuki SX4
9-VW Passat 4motion
10-Audi Q7
11-Audi A6 allroad quattro
12-Chevrolet Captiva
13-Honda Civic Type R
14-Ford Focus eta C-Max “S”
15-Ford Focus coupé cabriolet
16-Volvo S-80
17-Opel GT
18-VW Edag Biwak
19-Dacia Logan Steppe
20-Nissan Terranaut

Comments { 0 }

Egiteko maleta zail bat

Nork ez du inoiz tetris-ean jokatu? Nork ez du inoiz maleta berregin behar izan gauza guztiak sartu ezin dituelako? Nor ez da inoiz ipuina laburtu beharrean aurkitu lehiaketako 6 orrialdeak gainditzen dituela eta? Guztiok izan ditugu noizbait espazioarekin arazoak.

Espazioaren inguruko problematxo dibertigarri batekin natorkizue gaurkoan jolaserako matematika atalean. Soken problemak jasan zuen utzikeriaren ostean, “idatzizko” kuestioen konplexutasunaz ohartu nintzen. Edo, hobekiago esanda, idazteak nolabaiteko “alferkeria” eragiten duenez, problema eskematikoago batekin saiatu naiz oraingoan. Ea honek zuen kuriositatea pizten duen!!


Zertan datza, baina, desafio honek? Ikus dezakezuenez, 5 pieza ageri dira laukiaren azpian, tamainaren arabera sailkaturik; 4 trapezio itxurakoak eta karratua azkena. Bada, 5 pieza horiek karratuaren barnean kokatzea da helburua, batak bestea estaltzen ez duelarik. Erraza, ez da hala? Kontuan izan ezazue piezak ingeradako lerro grisari gainezarri ezin zaizkiola, hura ukitu dezaketen arren. Baina ukitu bakarrik!! Gauza bera piezen euren artean ere. Elkar “ukitu” daitezke, baina inola ere ez gainezarri!!

Piezak karratuaren barnean kokatzeko hauek hartu eta bertara eraman beharko dituzue. Horretarako, egin klik-erdi eraman nahi duzuen piezaren barnean eta herrestan eraman laukiaren barneraino. Azkenik, pieza askatu, xaguaren botoia sakatzeari utziz. Modu honetan, hautaturiko pieza karratuaren barnean izango duzue; errepikatu prozesua beste lau piezekin eta saiatu guztiekin puzzle antzeko bat osatzen!!

Piezak biratu daitezkeen? Noski baietz!! Zer izango litzateke tetrisa piezak biratzeko aukerak buruan sor ditzakeen mila aukera desberdinak gabe? Argi dago biratu ezean, pieza guztiak azalera zati murritz horretan kokatzea ezinezkoa dela. Bada, piezei buelta emateko sakatu SHIFT tekla eta egin klik bere ardatzaren inguruan errotatzea nahi duzuen piezaren gainean.

Azken ohar txiki bat: ez dago karratua erabat bete beharrik; piezarik gabeko eskualdeak geratzea posible da, zati hutsak, alegia.

Piezak modu zuzenean (aipaturiko baldintzak betez) kokatzea lortzen duenari zorion ohar bat azalduko zaio pantailan, desafioa gainditu duela baieztatuz. Beraz, ez “EUREKA!” oihukatu mezu hori azaldu arte. Eta, zin dagizuet, ez da lan erraza! Beste ohar txiki bat; piezak oso modu zehatzean kokatu behar dira oharra azal dadin, milimetro bat gora edo milimetro bat beherako errorea baino ez baitu joko honek onartzen. Hortaz, soluzioa aurkitu duzuelakoan bazaudete, saia zaitezte piezak ahalik eta prezisio handienaz ahokatzen, bestela ez baita inoiz zorion-mezua agertuko. Dena den, aipaturiko abisua benetan agertzen dela hitzematen dizuet, piezak modu zuzenean kokatzean; oharra existitu existitzen da, desafioak emaitza jakin bat duen modu berean. Are gehiago esango nuke: piezek ez dute kokapen zuzen bakar bat. Hartara, emaitza posible desberdinak daude. Hala ere, guztiek dute zerbait komunean. Baina ez dut pista gehiagorik emango.

Horixe da guztia; funtzionamendua azalduta geratzen da. Jokatzea erraza da, jokoa da erraza ez dena. Orain zuen esku dago desafioa gainditzea. Funtzionamenduaren inguruko duda-mudaren bat izanez gero, zintzilika itzazue zuen zalantzak erantzunen atalean; horiek argitzen ahaleginduko naiz.

Era berean, soluzioa aurkitzen duenari edota aldez aurretik hura ezagutzen duenari eskertuko nioke haren berri gainontzekoei ez ematea; ez ezazue besteen dibertsioa zapuztu, saiatzean eta saiatzean baitatza joko honen dibertimendua. Beraz, emaitza zuzena lortu duzuelakoan bazaudete, bidal iezadazue e-mail bat hura azalduz: xabier.arana@gmail.com. Lehen asmatzailearen berri emango dut erantzunen atalean. Eta orain, pentsatzera!! Ea nor den maleta egiten lehena!!

Comments { 12 }

ADI GOZOZALEOK!

Lehengo batean martxan jarri zen atal berri honi jarraipena eman nahian nabil gaur ni. Sukaldari afizionatu gisa, postreak prestatzea gogoko dut eta gaurkoan bi errezeten berri emateko asmotan nabil: Trufa Beltzak (txokolatezkoak) eta Ijito Besoa (Brazo Gitano). Zer gosea piztu al zaizue?? Bada, pasa gaitezen bi postre goxo, erraz eta merke hauen prestakuntzara. Adi!

TRUFA BELTZAK

Prestakuntza denbora: 20 minutu
Zailtasun maila: minimoa

Beharrezko osagaiak:

300 g txokolate beltz
45 g gurin
150 ml esnegain
90 g azukre (glas azukrea)
2 gorringo

Trufen estalkia burutzeko:

200 g txokolate beltz
Kakao hautsa
Azukrea (Glas azukrea)

PRESTAKUNTZA

Uhhhhmmm!!!
1. Ontzi batean txokolatea ipini eta berau urtu. Aldi berean, beste ontzi batean bi gorringoak eta azukre kantitate erdia nahastu, nahasketa homogeneo bat lortu arte.
2. Esnegaina berotu irakite puntura iritsi arte eta orduantxe gurina eta geratzen den azukrea gehitu. Dena elkarrekin ondo nahastu. Ondoren, berriz ere irakite puntura eraman eta hori lortu ostean, nahasketa guztia gorringoekin eta txokolate urtuarekin nahastu.
3. Aurreko pausoan buruturiko masa gogortzen hasten denean, koilara baten laguntzaz txokolate zatiak hartu eta bandeja batean jarri.Txokolate zati guztiak guztiz gogortzen utzi eta ondoren, eskuen laguntzaz borobildu.
4. Azkenik, trufen estalkia burutzeko txokolatea urtu eta trufak bertatik pasarazi. Era berean, ontzi banatan azukrea eta kakaoa ipini, trufak bertatik pasaraziz. Amaitutakoan, trufak hozkailuan gorde.

Erraza, ezta? Tira, saia gaitezen, bada, bigarren postrearekin.

IJITO BESOA

Prestakuntza denbora: 30 minutu
Zailtasun maila: erdizkakoa

Osagaiak:

125 g irin
125 g azukre
5 arrautza
Limoi birrindura

PRESTAKUNTZA:

1. Ontzi batean arrautzen gorringoak azukre normalarekin eta limoi birrindurarekin nahastu. Nahasketa ondo egina dagoenean, zuringoak gehitu (hauek aurretik beste ontzi batean nahastu) eta nahasketa elur-punturaino irabiatu.
2. Irinez igurtziriko bandeja batean nahasketa ipini eta gainazal guztian zehar kantitate homogeneoan hedatu, lortzen den lodiera bost zentimetro ingurukoa izatera iristen den arte.
3. Masa hau labera sartu hamar minutuz eta, ondoren, bandeja labetik atera eta masa mahai gainean ipini.
4. Esnegain nahastua masaren alde batetik igurtzi eta, ondoren, labeko paperean bildu erroilu bat lortuz. Hori egin ostean, masa hozten utzi. Hoztu ondoren, papera kendu eta glas azukre pixka bat bota.

Listo! Burutu ditugu bi postreak. Orain, berauek prestatzera animatzen al zarete?

Comments { 2 }
-->