Archive | denetarik

RSS feed for this section

Txikienen errebolta

Gaurkoan txikien erreboltari buruzko artikulua dakarkizuet. Jakina da auto txikiek gero eta leku gehiago dutela kontzesionarioetan. Txikiak dira eta maletategi handia ez izan arren, hiri eta herri barruetan ibiltzeko erraztasuna dute. Horrez gain, merkeak dira erosteko garaian (handiagoekin alderatuz) eta kontsumo mugatua dute. Azkenaldian gainera, beste auto guztiak bezala beren tamaina handitua dute eta arrazoi hori dela eta garrantzi handia hartzen ari dira.

Adibide gisa, hiru auto hautatu ditut, klase honetan kalitate eta balio aldetik eskaintza hoberenak dituztenak, hain zuzen ere: Fiat Grande Punto, Mitsubishi Colt eta Renault Clio. Gainera hirurak gasoliozko propultsatzailearekin hautatu ditut, eta 80 eta 100 zaldi bitartekoak.

FIAT GRANDE PUNTO 1.3 MULTIJET 16V 90CV
Fiat berri honetan, bere itxurari begiratzen diogu lehenik, pixka bat handitu baina gehien bat itxura guztiz aldatu duelako. Itxura berri honekin Maserati etxe italiarraren autoen antza du. Izaera deportiboa duela esaten dute bere gain eginiko kritikek. Muturreko aire-sarreretan berrikuntza handiak jasan ditu eta argi-fokuekin batera asko edertzen dute beribila. Baina alde dituen gauzez gain, baditu kontrakoak ere. Eserlekuak ez dira kalitatezkoak eta motorra zilindrada txikikoa denez, ez du indar handirik bere 90 zaldiak edukiagatik. Autopistetan arazoak eduki ditzake beste auto eta kamioiak aurreratzerako orduan, eta gehiago ibili ohi diren abiaduretan. Gainera, 6ko abiadura-kaxa gehitzen badiogu moteldu egingo genuke. Barrualdetik begiratuz, kalitatezko materialak ditu eta jada ohikoa gertatzen den legez, bolantean kokaturiko mandoek erraztu egiten dute auto barruko kontrola. Horrez gain, informazio koadroa oso ongi kokatua du eta informazioa oso garbi ageri da. Bere salneurria 15050 €tik aurrera hasten da.

MITSUBISHI COLT CZ3 1.5DI-D 95CV
Itxuraz ez da oso erakargarria baina ez da itsusia, bestela ez bailitzateke salduko. Bere 95 zalditako indarrak deportibotasun apur bat ematen dio monobolumen itxurako auto honi. Argi-fokuek eta zilar itxurako eskapeak ere laguntzen dute horretan. Barrualdetik oso ongi amaitua dago eta eserlekuak ere erosoak dira. Lehen hitz eginiko autoak ez bezala, honek ez du auto barnekoa kontrolatzeko aukerarik bolantetik. Gainera informazio kontrola ezin da esan onena denik gauza bakoitza lekuz kanpo dagoela ematen baitu. Ez da oso ezaguna baina bere balioa ezagunenen artean kokatzen da. 15490 €tik aurrera hasten da bere balioa eta ez du ESPrik prezio barruan. Gainera, beste auto denek baino maletategi txikiagoa du, 155 litro soilekin.

RENAULT CLIO 1.5DCI 85CV
Kalitate eta balio aldetik aukerarik hoberenetarikoa da momentu honetan Espainiako merkatuan. Fiat Grande Puntoak baino 50 euro gehiago balio du eta 5 zaldi gutxiago edukiagatik, maletategi handixeagoa du eta barrualdeko kalitate eta lekua hobekiago daude berebil italiarrean baino. Gainera, serietik gauza berdintsuak dakartzan arren, aukera gehiago du Clio berriak. Itxura, guztiz berritzailea da eta kritika ezberdinek diotenez,(eta nire iritziz), lehenagokoa baino politagoa da edo, behintzat, hobekiago amaituriko detaileak ditu. Motore aldetik oso ongi dago eta zaldi asko ez eduki arren, indarra duen autoa da, bere 1500 zilindradei esker. Barrualdetik oso ongi amaitua dago, kalitatezko materialak ikusten dira eta Renault etxe frantsesean ohikoa den bezala, eserleku bikainak ditu. Informazio koadroa ez nuke esango Grande Puntorena baino hobea denik baina ongi kokatuak ditu jakin beharrezko guztiak. Maletategi polita du, 288 litrorekin eta bere balioa 15100 €tan hasten da.

Arrazoi hauek direla eta, auto txiki hauek nagusitzen ari dira eta egunetik egunera gehiago ikusiko ditugu.

Aurreko balio hauek gasoilezko autoenak dira, gasolinazko merkeagoak ere badira.
Artikulu hau bereziki Magic jaunarentzat da, auto garestiez soilik idazten dudalako kexatzen baita.

Comments { 4 }

Adi matematikari! SOKEN PROBLEMA: soluzioa aurkitzeko gai al zara?

Aurreko batean matematikaren inguruko jolas edo buruketekin etorri nintzaizuen, logikaren mundu zirraragarriaren ateak ireki nizkizuen eltxo “supersonikoaren” problema harekin.

Ingeniariaren bitakora pertsonalean zehar nabigatzen aritu ostean, bestelako problema batekin egin dut topo, eltxoarena baino zailagoa, agian, baina, noski, politagoa. Horrela, bada, modu honetako kuestioak maite dituzuenontzat, matematiken benetako zaleentzat edo erronka zailagoen bila zabiltzatenontzat, hona hemen beste problema bat:

    SOKEN PROBLEMA

Bi soka dauzkagu, ezberdinak elkarren artean eta materiaren egiturari, luzerari eta konbustio abiadurari dagokienean, zeharo irregular eta bestelakoak. Elkarren artean guztiz desberdinak diren bi soka, azken finean; su ematen badiegu, oso abiadura ezberdinetan erreko direnak. Eta, noski, pospolo kaxa bat ere badugu, honen barneko pospoloekin, sokei su emateko erabiliko ditugunak, alegia.

Sokek, ordea, badute antzekotasun bat: ordubeteko erretze edo konbustio denbora dute biek.

Eta jarraian, planteatzen zaigun arazoa: 45 minutu kronometratzeko eskatu digute. Ordea, ordularia galdua dugu. Nola lortuko dugu sokak erretzearen metodoa erabiliz denbora hori zehatz-mehatz determinatzea?

(Gogoan izan ezazue erregelarik nahiz neurri unitaterik ez daukagula eta soken egitura materiala zeharo irregularra dela: zati batetik bestera sokaren erretze abiadura asko alda daiteke. Beraz, ez dago, aurretik halako daturik ez daukagunez, sokaren zati bakoitzari erretze denbora bat iradokitzerik).

Galdera planteatuta geratzen da. Soluzioaren arrastorik bai? Zeuen lana da orain hura bilatzea; konplikatuxeagoa dugu hau, baina ea zorterik duzuen! Azken ariketa honen soluzioa ere egun batzuen buruan agertuko zaizue publikatuta. Bien bitartean, bizkorrena nor den itxarotea baino ez. Nor izango dugu irabazle berria? Anima zaitez!!

Aurreko artikuluan erreferentzia ematen banizuen ere, oraingo honetan ere Josep Maria Albaigés i Olivart-en bitakoraren helbidea ezin utzi dezaket aipatu gabe. Beraz, honelako problemak gustuko badituzue nahiz Albaigésen matematika kontuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ingeniariaren bitakora pertsonalean izango duzue honen guztiaren berri.

Comments { 0 }

Handi bezain indartsu: H3

Hummer etxeak kaleraturiko azken hau, lehenagoko hiru autoak (H1, H2 eta H2 SUT) baino txikiagoa da, eta Europa alderako egokiagoa. Hala ere, ez da batere txikia: ia bost metro luze (4’7m), bi metro zabal (1’89m) eta beste hainbeste altu (1.89m). Beste era batera esanda, Nissan Pathfinder eta Toyota Land Cruiser autoen antzeko tamainak ditu, eta honekin adierazi nahi da, ez dela aparkatu ahal izateko arazorik izango, baldin badago non aparkatu behintzat.

Bere hiru aurreko modeloen antz handia du, angelu zuzen askoz osaturiko diseinua, izugarrizko gurpilak, azken hauen arteko tarte handia eta kristal belztu eta txikiak.

Barrualdea Barrualdetik begiratuz:

Errespetua sortzen duen kanpoko itxura militarra ahantziz, luxuzko autoa dirudi barnealdetik. Bere anaiek baino akabaera hobeak ditu, eta, horrez gain, ekipamendu osatuagoa du. Modan jartzen ari diren eserleku berogailudunak ditu, sabaian kristalezko leiho irristatzailea eta luxuzko gehigarri gehiago, larruzko eserlekuak esaterako. Denetan bitxiena, ordea, oso gutxi ikus daitekeen satelite bidezko XM irratia da. Posible da gainera sei hazbete eta erdiko pantaila duen GPS nabigatzailea ezartzea; noski, azken honek garestitu egingo du autoa erostera joateko garaian.


Motorearen xehetasunak:

H3 berriak Vortec 3500 motorea darama, 220 zalditako indarra duena. Gasolinazkoa da eta oraingoz izango duen motore bakarra. Hau da, agian, Europako merkatutik pixka bat aldentzen duen arrazoia, jakina baita diesela dela nagusi gure kontinentean. Motorearen kontsumoa, hala ere, ez da neurriz gainekoa, alderantziz, oso ongi mugatua dago: batez beste 11’8 litro ehun kilometroko.
Gasolinazko 220 zaldik indar asko diruditen arren, 2 tona pasako auto batean (2132 kg), nahiko justu geratzen dira, batik bat autopistetan auto eta kamioiak aurreratzerakoan. Gainera, bere abiadura 158 km/h-ra mugatua dago.

H3 berria Garbi geratzen da, beraz, ez dela errepiderako eginiko autoa. Beraz, mendia dugu Hummer handi honi probetxua ateratzeko leku bakarra. Mendian gabiltzala, oztopo gutxik gera dezakete eta zabalera handia duen arren, merkatuko autorik onenetarikoa da mendian ibiltzeko, oso ongi prestatua baitu azpialdea. Hori dela eta edozein lekutan sar gaitezke beldur handirik gabe.

Prezio aldetik, berriz, oso ondo dago, 48800 eurotik aurrera hasten baita bere balioa. Europako merkatuan aurrera egiten laguntzen dion arrazoia da, beste autoekin alderaturik antzeko balioa baitu. Esan behar da, H3-ak, bere anaien erdia balio duela. Honakoak dira luxuzko 4×4 autoetan ezagunenak:

X5 50600€*
TOUAREG 49420€*
XC90 45400€*
Q7 54860€*

*balio hauek gasolinazko autorik merkeenei dagozkie.

Aurreko balio horiekin alderaturik, H3-ak erraz egin dezake aurrera. Azkenik, esan behar asko ikusiko ez den arren, irailaren erdirako 20 eskaera eginik zeudela, prezioa jakin aurretik. Horrek esan nahi du, geroztik gehiago saldu direla eta, egunen batean, gure herrian bertan ikusteko aukera izango dugula.

Comments { 1 }
-->