Aupa denoi!! Aspalditik mutu zirauen ikasle ohi honi hitz batzuk esatea otu zaio gaur. Atsegina da noizean behin tartetxoren bat “aspaldiko” garaiak gogoratzeko erabiltzea. Eta zer euskaljakintzan artikulutxo bat idaztea baino hoberik horretarako?
Osteguna da. Proiektos-eko klase frenetiko baten ostean, zer egin ez nekiela geratu naiz 19:15eko autobusa iritsi bitartean.
Bai, zinez klase gogorra izan da. “Estresantea” askoren hitzetan. Zer eta arkitektoetan arkitektoena, handietan handiena, guretzat ia-ia aita saindua bera den Mies Van der Rohe arkitektu ospetsuak eraikiriko Bartzelonako Pabilioia klase bakar batean teknikoki marrazteko erronka planteatu digu Mungi-k, irudigintzako irakasleak, perspektiba axonometrikoan: jesukristoren lana, edo Van der Roherena, nolabait esateko.
Irudia. Horixe dugu arkitekturako ikasleok eguneroko ogia. Irudikatzea da gure lana: forma geometrikoak, eraikinak, eskaiolazko estatuak… Ez da, ordea, ikusten dena baino irudikatu behar. Baita ikusten ez dena ere. Gauzen estrukturaz mintzo naiz, alegia. Izan ere, guztia baitago estruktura batek baldintzaturik: zuhaitzak, giza gorputza… eta noski, baita eraikinak ere. Estruktura zuzen irudikatu ostean, kanpoko azalak bide zuzena eramango du eta mila bider zailagoa izango da gure irudikapena txarto burutzea.
Horiexek dituzue Mungiren azalpenak. Amen esatea baino ez, aditu ostean. Ostera, hori guztia praktikara eramatea ez da hain erraza.
Baina utz ditzagun azalpen teorikoak alde batera, ez baita arkitektura irakastea artikulu honen xedea; karrera honek eragin dizkidan erreflexioez mintzatzea da ene helburua. Beraz, gatozen harira.
Karrera teknikoagoa izango zela pentsatzen nuen hasiera batean. Txiki-txikitatik zientzien, zehaztasunaren, eztabaidaezintasunaren segurtasunak erakarririk, letrak albo batera utzi eta zenbakiak hautatu nituen lagun. Segurtasuna, horixe guztiaren gakoa. Zehatza ez zen eta eztabaida zitekeen, subjektiboa izan eta aukera bakar eta zuzenik ez zuen orok ez ninduen erakartzen, nonbait. Beldurra agian? Izan daiteke. Baina badago zerbait gehiago, ene uste apalean: alferkeria.
Bai, alferkeria.
Inbestigazioaren aurreko alferkeria. Edo amaierarik gabeko lanaren aurrekoa. Horixe baita inbestigazioa, amaierarik gabeko lana. Aukera asko baitaude letren alorrean. Bide ugari baitaude testu bat idazteko, istorio bat kontatzeko edota artikulu bat idazteko. Gauzak esateko modu asko. Eta guztiak azaleratzea, horietan guztietan pentsatzea… lan handia suposatzen bide zuen horrek. Amaierarik gabekoa nahi izanez gero; beti baitago testu, istorio edota artikulu bat hobetzeko aukera.
Subjektibotasuna eta lana, beraz. Ordea, zer da, bada, arkitektura? Arte honen inguruko bi osagai aipatu beharko banitu, horiexek aipatuko nituzke, nire harriduraren aurrean. Gaur arte arbuiatutakoa dut egungo gai: nire beldurrei aurre egitea egokitu zait.
Eta bi hilabete pasa ondoren, hauexek dituzue nire ondorioak: alde batetik, subjekktibotasuna erlatiboa dela konturatu naiz. Subjektibotasuna ez dela erabat subjektiboa. Agian objektibotasunetik gehiago duela subjektibotasunetik baino. Izan ere, beharrizanaren arabera irekiko baitira beti leihoak, jarriko baitira beti altzariak eta antolatuko baitira gela desberdinak. Beharrizanak arautzen baitu guztia. Arkitekturak badu, beraz, arrazionaltasun garbia. Eta noski, arrazionaltasuna, logika, eztabaidaezintasuna… ongietorriak dira.
Bestetik, lana eta alferkeria erlazionatzeak zentzurik ez duela aipatu nahi nuke. Plazera dakarkigun zerbait egitearen aurrean alferkeria sentitzen al dugu inoiz? Garbi dago ezetz. Hortxe dago, bada, guztiaren gakoa: gauzak gozatuz egitean, gauzei erakargarritasuna bilatzean, lana bizitzean. Edota lana eta plazera erlazionatzean. Horixe alferkeriaren aurkako armarik bortitzena.
Baina ez dut gehiago luzatu nahi. Ezin dut, ordea, artikulua amaitu honakoa esan gabe: proiektatzeko ezinbestekoa da egungo bizimodua, ohiturak eta beharrizanak kontuan izatea, beraz, egungo gizartea edota egungo mundua ulertzearen beharra sortzen da. Ez hori bakarrik, materialen erreakzioak, indarrak eta energiaren domeinuak menperatzea ezinbestekoa da, fisika eta kimikaren alorrak ere hor daudelarik. Eta, noski, matematika eta geometria uneoro daude buruan jira-biraka. Dena aldi berean.
Baina arkitektura ofizio bat baino zerbait gehiago da: norberaren burua ezagutzeko modu bat, pertsona bezala hezitzeko, inguruaz gozatzeko, ingurua maitatzeko bide bat edota naturarekin hitz egiteko aukera bat. Bizitza politagoa egiteko, bizitzaz gozatzeko modu bat, alegia.
Eta, noski, ongietorria da.
Oharra: zer ikasi zalantzan dabilen zuetako edonork karrera honetan interesatuta egon eta nondik norakoak zehaztasun handiagoz ezagutu nahiko balitu, atsegin handiz erakutsiko nioke zertan gabiltzan. Beraz, lasai etorri informazio bila.
Iruzkin berriak