Archive | euskaljakintza

RSS feed for this section

Zorionak Alaitz eta Aloñari!

Gelan proposatutakoari jarraituz, gaur atal berri bati emango diogu hasiera: ZORIONAK! Atal honetaz baliatuko gara euskaljakintzako kideak zoriontzeko eta, batik bat, urtebetetzeen berri emateko. Dena den, gure kideen artean errekonozitzeko moduko edozein ekintza (Gonzalok “ligatu” egin duela, Jon Anderrek “First Certificate” atera duela…) gertatzen dela jakiten baduzue, lehenbailehen adierazi eta hementxe ipiniko dugu. 🙂

Lehenengo saio honetan, zorion bikoitza eman behar dugu; izan ere, hilaren lehenengo egunean Alaitz ataundarraren urtebetetzea izan baitzen eta, atzo, Aramako Aloñak ospatu baitzuen bere eguna (azken hau ez zoriontzekotan egon naiz bizkotxorik gabe gelditu nintzelako, baina, tira, azkenean, damutu eta berari ere bere gustuko abesti bat eskaintzea erabaki dut). 😉 😛 Ez dakizue zer itxura zuen bizkotxoak!!!!! Berak prestatutakoa izango zen? Amak egindakoa? Baina gatozen harira.

Hauexek dira aukeratutako bideoak. Lehenengoa, abestia eta izena bezain alaia den Alaitzentzat (txori txiki batek Betagarri gustuko duzula esan dit…). Hala da?

Bigarrena, erromantikoagoa, Aloñarentzat (hau ere iturri onetik ateratako informazioa, e!). Ederki ospatuko zenutelakoan, agurtzen naiz hurrengo saiora arte. Muxu handi bat biontzat!

Comments { 5 }

Azterketa bezpera: LENGUA.

Gaur atal berri bati ongietorria emango diogu: azterketa bezpera. Bertan, hainbat gaitan azterketa aurreko azken berrikusketa egiteko aukera izango dugu. Zalantzarik gabe, zuetako askok zuen kontura eginda izango dituzue gai bat edo bestea errepasatzeko eskemak, baina zer irudituko litzaizueke irakasleak egindakoa hemen jarriko bagenu? Bada, horixe izango da atal berri honen xedea.

Euskal Hizkuntza eta Literatura gaia lantzeko bloga dugu hau, dakizuen bezala, baina gustura hartzen ditugu lankidetza lanak datozela datozen esparrutik. Beraz, gaurkoan elkarlana Lengua Española-ko mintegiarekin egingo dugu, Elena Riaño irakaslearekin, hain zuzen ere. Elenak asteartean izango duzuen azterketa errepasatzeko eskema helarazi dit. Zuentzako baliagarria izateaz gain, beste guztioi ere ondo baino hobeto etorriko zaigu garai batean ikasitakoa freskatzeko. Beste irakasleak ere pixkanaka-pixkanaka animatzen joango direlako esperantzaz, hementxe duzue gure lehenengo eskema-aurkezpena.

Aurkezpena neurri handian ikusi nahi baduzue, klikatu hementxe eta full-i eman (aurkezpenaren behealdean, eskuinean). Zuentzat gorde nahi izanez gero, berriz, klikatu hemen eta gorde zuen ordenagailuan.

Comments { 5 }

Perspektiba berri bat

Aupa denoi!! Aspalditik mutu zirauen ikasle ohi honi hitz batzuk esatea otu zaio gaur. Atsegina da noizean behin tartetxoren bat “aspaldiko” garaiak gogoratzeko erabiltzea. Eta zer euskaljakintzan artikulutxo bat idaztea baino hoberik horretarako?

Osteguna da. Proiektos-eko klase frenetiko baten ostean, zer egin ez nekiela geratu naiz 19:15eko autobusa iritsi bitartean.

Bai, zinez klase gogorra izan da. “Estresantea” askoren hitzetan. Zer eta arkitektoetan arkitektoena, handietan handiena, guretzat ia-ia aita saindua bera den Mies Van der Rohe arkitektu ospetsuak eraikiriko Bartzelonako Pabilioia klase bakar batean teknikoki marrazteko erronka planteatu digu Mungi-k, irudigintzako irakasleak, perspektiba axonometrikoan: jesukristoren lana, edo Van der Roherena, nolabait esateko.

Irudia. Horixe dugu arkitekturako ikasleok eguneroko ogia. Irudikatzea da gure lana: forma geometrikoak, eraikinak, eskaiolazko estatuak… Ez da, ordea, ikusten dena baino irudikatu behar. Baita ikusten ez dena ere. Gauzen estrukturaz mintzo naiz, alegia. Izan ere, guztia baitago estruktura batek baldintzaturik: zuhaitzak, giza gorputza… eta noski, baita eraikinak ere. Estruktura zuzen irudikatu ostean, kanpoko azalak bide zuzena eramango du eta mila bider zailagoa izango da gure irudikapena txarto burutzea.

Horiexek dituzue Mungiren azalpenak. Amen esatea baino ez, aditu ostean. Ostera, hori guztia praktikara eramatea ez da hain erraza.

Baina utz ditzagun azalpen teorikoak alde batera, ez baita arkitektura irakastea artikulu honen xedea; karrera honek eragin dizkidan erreflexioez mintzatzea da ene helburua. Beraz, gatozen harira.

Karrera teknikoagoa izango zela pentsatzen nuen hasiera batean. Txiki-txikitatik zientzien, zehaztasunaren, eztabaidaezintasunaren segurtasunak erakarririk, letrak albo batera utzi eta zenbakiak hautatu nituen lagun. Segurtasuna, horixe guztiaren gakoa. Zehatza ez zen eta eztabaida zitekeen, subjektiboa izan eta aukera bakar eta zuzenik ez zuen orok ez ninduen erakartzen, nonbait. Beldurra agian? Izan daiteke. Baina badago zerbait gehiago, ene uste apalean: alferkeria.

Bai, alferkeria.

Inbestigazioaren aurreko alferkeria. Edo amaierarik gabeko lanaren aurrekoa. Horixe baita inbestigazioa, amaierarik gabeko lana. Aukera asko baitaude letren alorrean. Bide ugari baitaude testu bat idazteko, istorio bat kontatzeko edota artikulu bat idazteko. Gauzak esateko modu asko. Eta guztiak azaleratzea, horietan guztietan pentsatzea… lan handia suposatzen bide zuen horrek. Amaierarik gabekoa nahi izanez gero; beti baitago testu, istorio edota artikulu bat hobetzeko aukera.

Subjektibotasuna eta lana, beraz. Ordea, zer da, bada, arkitektura? Arte honen inguruko bi osagai aipatu beharko banitu, horiexek aipatuko nituzke, nire harriduraren aurrean. Gaur arte arbuiatutakoa dut egungo gai: nire beldurrei aurre egitea egokitu zait.

Eta bi hilabete pasa ondoren, hauexek dituzue nire ondorioak: alde batetik, subjekktibotasuna erlatiboa dela konturatu naiz. Subjektibotasuna ez dela erabat subjektiboa. Agian objektibotasunetik gehiago duela subjektibotasunetik baino. Izan ere, beharrizanaren arabera irekiko baitira beti leihoak, jarriko baitira beti altzariak eta antolatuko baitira gela desberdinak. Beharrizanak arautzen baitu guztia. Arkitekturak badu, beraz, arrazionaltasun garbia. Eta noski, arrazionaltasuna, logika, eztabaidaezintasuna… ongietorriak dira.

Bestetik, lana eta alferkeria erlazionatzeak zentzurik ez duela aipatu nahi nuke. Plazera dakarkigun zerbait egitearen aurrean alferkeria sentitzen al dugu inoiz? Garbi dago ezetz. Hortxe dago, bada, guztiaren gakoa: gauzak gozatuz egitean, gauzei erakargarritasuna bilatzean, lana bizitzean. Edota lana eta plazera erlazionatzean. Horixe alferkeriaren aurkako armarik bortitzena.

Baina ez dut gehiago luzatu nahi. Ezin dut, ordea, artikulua amaitu honakoa esan gabe: proiektatzeko ezinbestekoa da egungo bizimodua, ohiturak eta beharrizanak kontuan izatea, beraz, egungo gizartea edota egungo mundua ulertzearen beharra sortzen da. Ez hori bakarrik, materialen erreakzioak, indarrak eta energiaren domeinuak menperatzea ezinbestekoa da, fisika eta kimikaren alorrak ere hor daudelarik. Eta, noski, matematika eta geometria uneoro daude buruan jira-biraka. Dena aldi berean.

Baina arkitektura ofizio bat baino zerbait gehiago da: norberaren burua ezagutzeko modu bat, pertsona bezala hezitzeko, inguruaz gozatzeko, ingurua maitatzeko bide bat edota naturarekin hitz egiteko aukera bat. Bizitza politagoa egiteko, bizitzaz gozatzeko modu bat, alegia.

Eta, noski, ongietorria da.

Oharra: zer ikasi zalantzan dabilen zuetako edonork karrera honetan interesatuta egon eta nondik norakoak zehaztasun handiagoz ezagutu nahiko balitu, atsegin handiz erakutsiko nioke zertan gabiltzan. Beraz, lasai etorri informazio bila.

Comments { 5 }
-->