Archive | arauak lantzen

RSS feed for this section

Arauak 16: izan ezik eta ez ezik.

JakintzaGaurko saioan izan ezik eta ez ezik bereizten saiatu behar dugu. Nik uste dut teorian denok dakigula adiera eta funtzio ezberdinak dituztela baina, antzekoak direlako edo, praktikara eramatean izugarrizko nahastea sorrarazten digu: Jon ez ezik, gainerakoak etorri dira ala Jon izan ezik gainerakoak etorri dira? Pasa gaitezen, bada, araua urratsez urrats azaltzera.

Hasteko, esan beharra dago ezik ezin dela inoiz bakarrik joan. Beraz, izan ezik edo ez ezik erabiliko da (esan nahi denaren baitan), eta ez ezik soilik.

Izan ezik

Salbu adiera eman nahi dugunean, izen-sintagmari izan ezik erantsiko zaio. Aurrean doan sintagmak dagokion kasu-marka eramango du:

Debekatuta dago autobusentzat eta taxientzat izan ezik.

Teologiaz izan ezik, beste edozertaz daki hitz egiten.

Hurrengo adibidean argi ikus daitekeen bezala, NORK kasuan, posible da NOR kasua erabiltzea izan ezik esapidearen aurrean:

Horixe egingo luke, zuk izan ezik, beste edozeinek, edo

Horixe egingo luke, zu izan ezik, beste edozeinek.

Ez ezik

Esapide honek beste adiera bat du: gehitu egiten du. (Gaztelaniazko: no sólo… sino también). Emendiozko esapide hau aurreko juntagaiaren atzean ez ezik eta bigarrenean ere lokailua gehituz eratzen da. Hona hemen zenbait adibide:

Ikusi duzu kamioi berri hori? Ikusi EZ EZIK, gidatu ERE egin dut.

Hau EZ EZIK, gainerakoak ERE ederto eginda daude.

Maite EZ EZIK, beste guztiak ERE etorri dira.

Gogoratu:

  • Izan ezik (=salbu) eta ez ezik desberdinak dira.
  • Ezik ezin da inoiz bakarrik joan.

– Teologiaz izan ezik (salbu), beste edozertaz daki hitz egiten. (Teologiaz ez daki.)

– Teologiaz ez ezik, beste edozertaz ere badaki hitz egiten. (Teologiaz badaki.)

Araua osorik.

Praktika

Comments { 0 }

Arauak 15: Galdetzailea + NAHI partikula.

Galdetzailea + NAHI partikula:

JakintzaGaldetzaile batez eta nahi partikulaz osaturiko esapideak hitz bakar batean idatziko dira:

Zernahi,

Nornahi,

Nolanahi, e.a.

adiBaina, lehen osagaia (hau da, galdetzailea) n-z, t-z edo k-z bukatzen bada, hitz batean (aipatutako kontsonante horiek galduz) edo marratxo baten bidez bereizita idatziko da:

Nonahi edo non-nahi (non + nahi),

Zenbanahi edo zenbat-nahi (zenbat + nahi),

Nondinahi edo nondik-nahi (nondik + nahi), e.a.

Ez idatzi, beraz, nor nahi, nonnahi,e.a.

Araua osorik.


Araua praktikatu

Comments { 0 }

Arauak 14: BA- eta GABEren idazkera.

Jakintza Hainbat arau korapilatsu ate-joka dagoela eta, gaurkoan, horietara indarrez heltzeko, 5 minutu baino kenduko ez dizkigun arau baten gorabeherak aipatuko ditugu: ba- eta gabe.

BA- ETA GABE-REN IDAZKERA

1. Ba- aurrizkia. Baldintza zein baietza adierazteko erabiltzen denean, aditzari lotua idatziko da beti (beste aurrizki guztiak bezala):

  • Mikel etortzen bada, elkarrekin afalduko dugu.
  • Badator Mikel.

Salbuespena: aurrizkiaren eta aditzaren artean hitzen bat jartzen bada, orduan ba bakarrik idatziko da:

  • Ba omen dator Mikel.
  • Ba ote dator Mikel?

2. Gabe hitza bereiz idatziko da. Partitiboaren marka har dezake gabe-ren aurreko hitzak nahiz gabe-k berak ere, baina ez biek aldi berean; markarik gabe ere erabil daiteke:

  • Argirik gabe,
  • Argi gaberik (argi barik)
  • Argi gabe.

Baina ez argirik gaberik. Barik forma ere ontzat ematen da, gaberik-en aldaera moduan.

Lotsagabe eta kidekoei dagokienez, ikus Euskaltzaindiaren hitz elkarketari buruzko araua. Arau hau nahiko luzea da eta ikasi beharreko salbuespenez josia dago; beraz, gaurkoz horrelaxe utziko dugu eta beste batean ekingo diogu hitz elkartuen araua lantzeari.

Araua osorik.

Praktika

Comments { 0 }
-->