Archive | EGA

RSS feed for this section

Hautaprobak prestatzen (III)

Zenbait gomendio, euskarazko azterketako idazlana hobeto egiteko

ivapGauza jakina da azterketa bat gainditzeko ez dagoela errezeta magikorik, eta are gutxiago, hizkuntzaren ezagupena egiaztatzeko azterketa baldin bada. Hala ere, EGA, hizkuntza eskakizunak eta horrelako probak egin behar diren bakoitzean, lagun pilo batek jotzen du irakasle, aztertzaile eta adituengana aholku bila: “Aizu, nola idatzi behar dut aprobatzeko?” Bada, oraingoan, gauza bera egin dugu geuk. Aztertzaile horiekin harremanetan jarri eta euren gomendioak jaso. Ea baten bat baliagarri gertatzen zaizun.

Joseba Lozano (HAEEko administrazioko hizkeraren arduraduna, Administrazioa Euskaraz)

1. Azterketa behar bezala prestatzeko komenigarria izaten da aldez aurretik kalitatezko testuak euskaraz irakurtzea. Ikusi nola aritzen diren idazle onak, aztertu beraien idazkera, eta buruan gorde gehien gustatzen zaizkizun egiturak, hitzak eta esamoldeak.

2. Praktikatu behin eta berriro, eta, ahal izanez gero, azterketaren baldintzak errespetatuz (denbora, luzera…). Gero, aberasgarria izan daiteke dakien bati testua ematea eta zuzentzeko eskatzea.

3. Banatu denbora, hiru ekintza hauek kontuan izanik: eskema, idazlana bera eta zuzenketa. Eskaini aldi bakoitzari merezi dituen minutuak.

4. Eskema egiten emandako denbora ez da lan alferra; izan ere, eskema on batek gaiaren garapen egokia ziurtatzen du, eta inprobisazioa baztertzen. Bestela, ideiak agortu, eta agindutako lerroak idatzi nahian, noraezean ibiliko gara eta betelanean hasiko.

5. Irakurri arretaz azterketako oharrak, baina ez kopiatu hitzez hitz argibideetako esaldiak eta adibideak.

6. Idazten hasi baino lehen pentsatu ondo zein den idazkiaren helburua (informazioa ematea, zerbait eskatzea, konbentzitzea…), zein eragin sortu nahi duzun irakurleengan (harritzea, zure aldeko bihurtzea…), nolako tonua erabiliko duzun (formala…) eta abar.

7. Eginahalak egin euskaraz pentsatzeko, eta ez gaztelaniaz. Egizu kontu gaia ahoz azaldu behar duzula, hizketan. Horrek izan behar du zure abiapuntua, eta hortik aurrera, nahi duzun bezala apaindu idazlana, beti ere, euskal diskurtsoan oinarriturik.

8. Komunikagarritasunak izan behar du gure helmuga. Aztertzaileak behin bakarrik irakurri beharko luke esaldi bakoitza; hortaz, ez luke zertan ibili saltoka esanahiari antzemateko. Hori dela-eta, testua zuzentzerakoan kontuan izan behar dugu guretzat argi eta garbi adierazita dagoena irakurlearentzat ilunagoa izan daitekeela. Beraz, zalantzarik badago, hobe berridaztea.

9. On da papera aurreztea, baina utzi arnasten testuari. Marjinak eta zuriuneak eskertzekoak dira, gutxiago idazteko aitzakia gisa hartzen ez badira, behintzat.

10. Idazlanaren azken lerroaldearekin agur egiten diozu aztertzaileari. Presaka ibili arren, testu bat ezin da edozein modutan amaitu. Ahalegindu zaitez, beraz, zure idazlanari nolabaiteko betetasuna ematen.

11. Idatzian aurrera egin ahala, kontzentrazioa galdu egiten da askotan, eta, horren ondorioz, akatsak pilatu egiten dira bukaeran. Eutsi kontzentrazioari, izan ere, hasiera onek ez dute ezertarako balio, behin erdialdera helduta hanka-sartze guztiak biltzen badira.

12. Idazten ari zarela, aukeratu hitz egokiak eta zehatzak, azaldu nahi duzuna adierazteko (sinonimoak…).

13. Gehienez ere 20-25 hitzeko esaldiak idaztea komeni da ideiak jorratzeko. Edozein modutan ere, monotonia hausteko, esaldi luzexeagoak eta laburtxoagoak tartekatu, erritmoarekin jokatuz.

14.Testuaren baitan perpausek elkarri uztarturik egon behar dute; eta lerroaldeen artean ere halako lotura bat beharrezkoa da, horrek bideak urratzen baitizkio ideien garapenari.

15. Arestian esan dugu idazten hasi aurretik garbi izan behar dugula zein den gure helburua eta baita testuan barrena erabiliko dugun tonua ere. Hori horrela, zenbait idazki formaletan tokiz kanpo egon daitezke honelako esamoldeak: kristona, demasa…

16. Egitura batzuk, nahigabe, errepikatzeko joera daukagu, eta testuak -(e)larik, -z, bait eta horrelakoez betetzen dira. Azterketa egin baino lehen, aztertu zein diren zure errepikapenak eta saiatu kontrolatzen eta parekoak bilatzen.

17. Aztertzaileak ezin du jakin zuk esaldi bat izan duzula buruan eta ez duzula asmatu behar bezala idazten. Ideia bat emateko modu asko dago, eta bide batetik abiatuta irteerarik aurkitzen ez baduzu, atzera bueltatu eta berridatzi beste era batera. Azken batean, zeuk kontrolatu behar duzu arriskua eta, beraz, idazkia; ez alderantziz.

18. Amaitzeko hamar edo hamabost minutu falta direnean hasi zaitez zuzentzen, eta ahal dela, modu sistematikoan (ortografia, joskera…).

19. Arreta handiz begiratu aztertzaileek ere arreta handiz begiratuko dituzten gauzak (ergatibo markak, pluraltzaileak….), edota etxean edo klasean egiten dituzun idazlanetan gehien errepikatzen dituzun akatsak (ergatibo pluralak, erlatibozko esaldiak eta konpletiboak nahastu…).

20. A!, ez ahaztu: aldaketa bat egiten duzun bakoitzean, begiratu ea nahi gabe arazoren bat sortarazi duzun komunztaduran. Aholkuak aholku, hona hemen azken gomendio bat, programatik kanpokoa, baina, nire ustez, garrantzitsuena: gozatu idazten eta idatzi gozatuz. Azterketa batek egoera larrian jartzen bazaitu ere, ez ibili estu eta larri: saiatu aztertzaileei erakusten zein ondo idazten dakizun.

Aholku guztiak irakurtzeko, klikatu hementxe. Hurrengoan puntuazioa errepasatuko dugu.

Comments { 3 }

Arauak 27: Iraupena eta maiztasuna

jakintzaMaiz iraupena eta maiztasuna nahasten ditugu. Ez da gauza bera periodo edo epealdi oso bati erreferentzia egitea edo noizean behin egiten dugun hori aipatzea; halere, ezjakintasunez edo, ohikoa izaten da horiek nahastea. Nola adierazi behar dugu zerbaitek 3 aste iraun duela? Hiru astean, hiru astetan, hiru astez… Zein kasu marka erabili behar dugu? Eta maiztasuna aditzera emateko? Lau hilabetez behin edo lau hilabetean behin? Biak? Bada, hori guztia argitzen saiatuko gara jarraian. Ohi bezala, Euskaltzaindiak dioenarekin hasiko gara eta, amaieran, ikasitakoa praktikan jartzeko ariketa bat eskainiko dugu. Hasteko prest?

1. IRAUPENA ADIERAZTEKO

— Iraupena adierazteko: NOR (absolutiboa), -Z instrumentala eta NON (inesiboa) erabiltzen dira maiz .

— NON sintagma hauei dagokienez, mugagabea onartzen bada ere, mugatu singularra erabiltzea hobesten da periodo edo epealdi oso bateko iraupenari erreferentzia egiten diogunean, hau da, zenbatzailedun sintagma horrek adierazten duen denbora etengabeko unitate bakar gisa hartzen denean (inesiboaren bidez prozesu edo gertaera baten iraupena adierazten denean). Adibidez,

Hiru astean asko hazi da haurra.

Hiru urtean ikasi du euskara .

Lau urtean lan egin du Afrikan.

Hauetan denetan mugatu singularra erabiltzen da iraupena adierazteko.

Iraupenik adierazten ez denean, noski, mugagabeak ohiko lekua izango du. Hiru urteko iraupena adierazi beharrean hiru urte desberdinetan gertatu den zerbait adierazi nahi bada, mugagabea beharko da:

Hiru urtetan antolatu dute tanborrada (hiru urte desberdinetan).

praktika iraupena

[kml_flashembed movie="https://euskaljakintza.com/ariketak/arauak/iraupena.swf" width="550" height="400" wmode="transparent" /]

1. MAIZTASUNA ADIERAZTEKO

— Mugagabea erabiliz, eredu hauen artean aukera dezakegu:

Lau urtez behin elkartzen dira senitartekoak.

Lau urtetarik behin elkartzen dira senitartekoak.

Lau urtetarik lau urtetara elkartzen dira senitartekoak.

Lau urterik behin elkartzen dira senitartekoak.

— Mugatu singularrean ere aukera ezberdinak ditugu:

Lau urtetik behin elkartzen dira senitartekoak.

Lau urtetik lau urtera elkartzen dira senitartekoak.

— NON kasuan, berriz, forma mugatua erabili behar da honelakoetan:

Lau urtean behin elkartzen dira senitartekoak.

— Maiztasuna adierazteko egituren artean, [izena + -ero] gisako esamoldea onartzekoa da:

{ Astero, hilero, ordulaurdenero…} etortzen da.

Kontuz! Gaitzestekoa da: -ERO atzizkiaren bidez osatua den * [zenbatzailea + izena + -ero] sintagma:

* Bi urtero egiten dute bilera batzordekoek.

*Hamabost egunero etortzen zait bisitan.

—Hamabostero, ordea, onartzekoa da, hamabostean behin nahiz hamabosterik behin-en parean.

praktika maiztasuna

[kml_flashembed movie="https://euskaljakintza.com/ariketak/arauak/maiztasuna.swf" width="550" height="400" wmode="transparent" /]

Araua osorik.

Comments { 0 }

Arauak 26: Izen sintagmen arteko juntadura dela ela

JakintzaIzen sintagma bat beste bat edo gehiagorekin elkartu nahi dugunean, zalantza ugari sortzen zaigu; izan ere, ez da gauza bera pertsona izenordainak elkartzea, esaterako, edo kasu-marka bera daramaten bestelako sintagmak elkartzea. Nire ustez, azalpenetan edo hitz teknikoegietan galdu beharrean, onena beti adibideak ikustea izaten da; horiek ikusita, errazagoa izaten baita egiten ditugun akatsak identifikatzea.

Gauzak horrela, adibide ugariz baliatuta, Euskaltzaindiak arazotsuak gertatu ohi diren kasuen inguruan erabakitakoa emango dugu. Amaieran, beti bezala, araua praktikan ipintzeko ariketa bat topatu ahal izango duzu. 

Izen sintagmen arteko juntadura dela eta, tradizioko erabilerak kontuan harturik, Euskaltzaindiak ARAU hauek ematen ditu euskara baturako:

1. Kasu-marka bera dakarten sintagmak beti junta daitezke:

  • Bilboko jokalariek eta Bermeoko arraunlariek batzarra egin dute.
  • Zuri, niri eta beste askori gertatu zaigu.
  • Zure etxeaz eta gure lanbide berriaz mintzatu dira.
  • Baionatik, Bilbotik eta Gasteiztik omen datoz ikasle horiek.

2. Hau da erabili behar den juntabidea, pertsona izenordainak elkartzen direnean:

  • Zuk eta guk egingo dugu (eta ez * zu eta guk egingo dugu).
  • Niri, zuri eta beste lagunei gertatu zaigu (eta ez * ni, zu eta beste lagunei gertatu zaigu).
  • Gutaz eta zuetaz mintzo dira (eta ez * gu eta zuetaz mintzo dira).

3. Halaber, singularreko sintagmetan, kasu-markadun sintagmak juntatzea gomendatzen da:

  • Itsasoan eta lehorrean bizi diren narrastiak.
  • Amarekin eta amamarekin bizi da.

Juntatzen diren izenak oso hurbilekoak direnean, edo izenlagunaz nahiz izenondoaz lagundurik doazenean, ardatz anitzeko sintagma osa daiteke, kasu-marka amaieran ezarriaz:

  • Gorputz eta arimatik atera den oihua.
  • Bere emazte eta alabari galdetu zien.

4. Pluraleko sintagmetan, izenak ere junta daitezke, kasu-marka amaieran emanaz. Kasu-sintagmak juntatzea edo izenak juntatzea, aukeran izaten da orduan:

  • Itsaso, mendi eta basamortuetan ibili da.
  • Maite ditut lagun eta ahaideak.
  • Adiskide eta lankideei kontatu diet.
  • Meatze eta lantegietatik atera den oihua.
  • Maite ditut eguzki, zeru eta izarrak.

5. Determinatzailea duten kasu-markarik gabeko izen sintagmak ezin junta daitezke kasu markadun sintagma batekin: Gogoratu asteriskoak erabilera okerra adierazten duela.

  • * Mendia eta itsasotik heldu da ura.
  • * Adiskideak eta lagunez mintzatu zara.
  • * Burua eta zangoei behatu nien.
  • * Bihotza eta buruak horretaratzennau(te).
  • * Gizon hau eta emakume hark esango dizute.

6. Genitibodun (noren) sintagmetan ere ez da zilegi sintagma mugatu soila eta genitiboko sintagma juntatzea:

  • * Ikastolak eta gobernuaren arteko bilerak.
  • * Irakaslea eta ikaslearen arteko harremana.

Araua osorik.

 Praktika

[kml_flashembed movie="https://euskaljakintza.com/ariketak/arauak/izensintagma_juntadura.swf" width="550" height="400" wmode="transparent" /]

Comments { 0 }
-->