Archive | hautaprobak

RSS feed for this section

Hautaprobetako euskarako azterketarako aholkuak

hautaproba2Dakizuen bezala, Hautaprobak unibertsitatean sartzeko bidea ematen duten gaitasun-probak dira, eta horiek gainditzea derrigorrezkoa da ikasketak unibertsitate publikoan hasi nahi duten bertako zein kanpoko ikasleentzat.

Aurtengo Hautaprobak izkinaren bueltan dira. Hainbeste kezka, buruhauste, urduritasun, larrialdi eta estura sorrarazten dizkiguten azterketak hementxe dira, ekainaren 10ean hasi eta 12ra bitartean. Euskarako proba, dakizuen bezala, azken egunean izango da, ostiralean.

Azken urteetan, euskarako azterketa ahalik eta ongien egin dezazuen, hainbat aholku eta iradokizun argitaratu dugu. Hementxe dituzue, errepaso modura, horiek guztiak bilduta:

  1. Azterketaren egitura eta ezaugarriak
  2. Argudio testua idazteko aholkuak
  3. Zenbait gomendio euskarazko azterketako idazlana hobeto egiteko
  4. Puntuazioa
  5. Idazlanaren autoebaluazioa
  6. Galde-erantzunen autoebaluazioa eta kontuan izan beharrekoak
  7. Gaia eta laburpena
  8. Azken aholkuak

Hautaproben inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, jo ezazue ondorengo gunera: euskaljakintza hautaproba. Bertan, atalez ataleko prestaketa, egindako ereduak eta bestelako laguntza topatu ahal izango duzue.

Zorte on! 😉

Comments { 1 }

Hautaprobak prestatzen (VIII): azken aholkuak

Eguna iritsi da eta hauxe izango duzue berrikasketarako azken mezua. Gogoan izan gelan esandako guztia:

1. Irakurri testua bizpahiru aldiz. Ez hasi ezer erantzuten testua bi aldiz irakurri arte.

2. Galde-erantzunak:

  • Galdegaia kontuan izan.
  • Ez idatzi zentzurik ez duen ezer.
  • Irakurri erantzuna galdera aurrean izango ez bazenute bezala eta ziurtatu zentzu osoa duela (subjektua, osagarriak eta aditza).
  • Erantzun diozue galderari?

3. Gaia:

  • Gaiaren bidez, egilea zertaz mintzatzen den adierazi behar da, ahalik eta hitz gutxien erabiliz.
  • Ez dadila izan ez orokorregia ezta zehatzegia ere.
  • Ahal dela aditzarik ez erabili (gehienera jota, aditz nominalizatuak: etortzea, sortzea…)
  • Irudiak, sinboloak edo metaforak ez ditugu gaitzat hartuko; izan ere, norbaiti testua horri buruzkoa dela esango bagenio, ez luke testuaren nondik norakoaren arrastorik ere izango.

4. Laburpena:

Laburpena idazten hasi aurretik, paragrafo bakoitzaren aldamenean ideia nagusia jarri. Ideia nagusi horien bildumak emango dizue laburpen egokiena. Lokailuak erabili ideia nagusi horiek euren artean uztartzeko (ez idatzi esaldi solteak bata bestearen atzetik, inongo loturarik gabe).

5. Esaldiak moldatu:

Ondo pentsatu lotu beharreko esaldi horien artean zer nolako erlazioa dagoen (aurkaritzakoa, ondoriozkoa, kausazkoa…) eta horren baitan erabaki zein lokailu erabili. Puntuazioa zaindu (puntu eta koma, koma…)

Ariketak egin nahi badituzu, egin klik hemen.

6. Idazlana:

Egizu gidoi bat idazten hasi aurretik. Egitura erabakitzean, pentsatu gidoian zerrendatutako ideiak zenbat paragrafotan garatuko dituzun. Paragrafo gehiago edo gutxiago erabiliz antolatuko duzu testua, baina, ahalegindu zaitez, paragrafo bakoitzean elkarrekin lotura daukaten ideiak biltzen. Izan ere, ondo antolatzen ez baduzu, ideia bat paragrafo bitan banatuta gera dakizuke, edota paragrafo berean lotura gutxidun ideiak bilduta gera dakizkizuke. Kontuan har ezazu, gidoitik aukeratutako ideiak elkarrekin ondo lotzen badituzu, irakurleari informazioa ordenatu egingo diozula, eta irakurtzean hariari errazago jarraitu ahal izango diola. Horretarako, ideiak antolatzeko, elkarrekin lotzeko eta hariari ondo eusteko, pentsatu zer lotura eta zer antolatzaile (1 eta 2) erabiliko dituzun.

Informazio gehiago nahi baduzue, joan gure wikira.

Estresa pixka bat gainetik kentzeko, abesti hau eskaini nahi dizuet. Zorte on!🙂

Comments { 1 }

Hautaprobak prestatzen (VII): gaia eta laburpena

Atal honetan emandako testuaren laburpen txiki bat egiteko eskatzen da eta gaia zein den esateko. Lan hori txukun egiten baduzu (ideia funtsezkoak emanaz eta testuaren nondik norakoez jabetu zarela erakutsiz), bi puntu emango zaizkizu, gramatika oker nabarmenik ez baduzu, behintzat. Beraz, sintesi gaitasuna neurtuko da. Era berean, zuzentasuna eta koherentzia ere kontuan hartuko dira. Akats larriak zigortuko dira.

Behin baino gehiagotan azaldu dugu laburpena egiterakoan zer zaindu (jarraitu aurreko lotura esandakoa errepasatzeko). Bestalde, hementxe dituzu gaia eta laburpenaren autoebaluazioa egiteko fitxak.

GAIA

1. Asmatutako gaiak testuaren muina jasotzen du, alferreko elementurik gabe.

BAI

EZ

2. Esanguratsua izateko, nire gaiari ez zaio elementu garrantzitsurik falta.



3. Ulergarria da.



4. Irakurri ez duenak testuaren zentzua atzemango du gai honi esker.



5. Ez dut irudi edo metaforarik gaitzat hartu.



6. Luzera egokia du: ahalik eta hitz gutxien erabili dut.



LABURPENA

1. Argi eta garbi adierazita dago gai nagusia zein den.

BAI

EZ

2. Funtsezko ideia guztiak jaso ditut.



3. Hari nagusiarekin zerikusirik ez zutenean, osagarri, adibide eta txikikeria guztiak baztertu ditut.



4. Zehatz egituratuta dut testua, neure erara, artikuluaren ordena orpoz orpo jarraitu gabe.



5. Ez dut ezer errepikatu.



6. Ideia eta paragrafoak ongi uztartu ditut.



7. Lotura hizkiak (hala ere; hau da; adibidez; beraz…) erabili ditut testuari kohesioa emateko.



8. Artikuluaren berri izan gabe, irakurle batek erraz uler dezake nire laburpena.



9. Testuan aipatzen direnak laburtu ditut, neure iritziak gehitu gabe.



10. Luzera: laburpena eskatutakora egokitu dut.



Comments { 0 }
-->