Archive | euskara

RSS feed for this section

“EGA 03-04 azterketak” liburu osoa sarean eta EGAko azken aldeketak

Aurtengo udak eman du pixka baterako. Hondartzara buelta batzuk eman, turismo pittin bat egin eta, bueltan opor ondorengo depresiorik ez izateko, aditu guztiek aholkatzen duten bezala, lantxo batzuk egiteko behar adina animoa ere izan dut. 😉

Azken atal horren ondorio zuzenak dira EGAko ikastaroa berritzea eta EGA 03-04 azterketak liburu osoa sarean ipintzea; izan ere, 15 egun baino falta ez direnean EGA 2008ko bigarren deialdirako, imajinatzen dut azterketariei ondo baino hobeto etorriko zaiela azterketa gehiago online egiteko aukera izatea.

EGA ikastaroa berrituta

Dakizuen bezala, iaz azterketa eredu berria ipini zuten indarrean. Aldaketa nabarmenenak ahozko azterketan eman dira (testu bat laburtzeko ariketa kendu eta bi azterketarien arteko bat-bateko elkarrizketa saioa sartu dute haren ordez). Beste aldaketa bat sinonimoak eman ariketaren planteamenduari dagokiona da. Orain, lexikoa deritzo eta testu labur batean markatutako hamar hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Horretaz gain, puntuatzeko moduan ere egon da hainbat berrikuntza: lexikoa eta esaldiak berridazteko ariketen kalifikazioak bildu egingo dira eta bien artean, gutxienez, 5 puntu lortu beharko dira. Batean zein bestean, gutxienez %40 atera beharko da (azalpen osoa Zer da EGA? kontzeptu-mapa berrian ikus dezakezue).

Beraz, EGA ikastaroan (goialdeko menuan) aldaketa horiek guztiak jasotzeaz gain, beste gune batean kokatu eta itxura aldatzeko ere aprobetxatu dut. Antolaketa honela gelditu da:

  • Goialdean: informazio orokorra (EGA azterketaren azalpena, egutegia, matrikularen kontsulta, agiria jaso…)
  • Orrialde nagusian: liburu osoak online.
  • Ezkerreko zutabean: azterketaren atal ezberdinak lantzeko materiala eta baliabide orokorrak (hiztegiak, kontsultaguneak, arauak lantzeko ikastaroak…)
  • Behealdean: EGAko hurrengo azterketarako atzerako kontaketa eta euskara ikasteko gune interesgarriak.

2003ko eta 2004ko azterketak liburu osoa online

EGA 03-0405-06 azterketak

Iaz ikasleek etekin handia atera zioten sarean ipinitako EGA 05-06 azterketak liburuari. Behin eta berriz egin zituzten etxean azterketak eta, egia esan, asko eskertu zuten (erantzunak berehala jasotzeko aukera, atarikoetan hainbat azalpen, galderak aldi oro hurrenkera ezberdinean azaltzea…).

Horiek entzunda, aurreko liburua, EGA 03-04 azterketak, pasatzera animatu naiz. Guztira sei atariko proba eta idatzizko 7 azterketa daude. Aurreko liburuan bezala, Atarikoak bi modutara egin daitezke: osorik (azterketa egunean atera ziren bezala) eta entzutezko ulermenik gabe (horren ordez, beste atariko proba batzuetan ateratako galderekin). Sinonimoen ariketak ere bi modutara egin daitezke. Batetik, testuingururik gabe, bi zutabe ezberdinetako sinonimoak lotuz; eta, bestetik, azterketan atera bezala, hau da, markatuta dauden hitzen sinonimo bana jarriz (testuinguruko esanahia errespetatu eta atzizki bera jarri behar da).

Comments { 1 }

Arauak 29: Arazi aditzaren erregimena

JakintzaAurrekoan, arazi zertarako erabiltzen dugun eta zeri/nola lotzen zaion ikasi genuen. Gaurkoan, berriz, bere erregimenari buruz arituko gara. Erregimena hitz jakin batek eskatzen duen kasua da (adib., esker postposizioak aurreko hitzak -i deklinabide-atzizkia eramatea eskatzen du).

Arazi erabiltzen dugunean, aditz arazlearen laguntzailea aldatu egiten da. Halatan, nor motako adizkiak nor-nork bihurtzen dira; nor-nork motako adizkiak, ordea, nor-nori-nork. Bestela esanda, adizkian beste pertsona-marka bat sartzen dugu. Baina gatozen harira eta ikus dezagun zehaztasun osoz Euskaltzaindiak honi buruz araututakoa:

  1. Araziren subjektua beti NORK kasuan doa: Koldok etorrarazi du Mikel.
  2. Oin aditzaren objektua beti NOR kasuan doa: Koldok etorrarazi du Mikel.
  3. Oin aditza iragankorra denean, subjektua NORI kasuan darama: Niri liburua irakurrarazi zidaten.
  4. Oin aditzaren subjektua NOR kasuan doanean, NOR kasuan ageri da perpaus kausatiboan ere: Mikel jarrarazi dute.
  5. Oin aditzaren subjektua ergatiboa baldin bada eta agerian objekturik ez badu, bi egoera bereizi behar dira:

    a) Objektua ezabatua edo aditzari atxikia duten aditzekin datiboa eskatzen du subjektuak:

    Mikeli janarazi diote; Mikeli irri eginarazi diote.

    b) Sekula objekturik hartzen ez duten aditz deponenteekin, aditzaren izaera semantikoa kontuan hartu behar da. Aditzak subjektu biziduna eskatzen duenean, NORI kasuan ageri da:

    Inori ez diogu pairarazi behar.

    Baina subjektua bizigabea bada, Nor kasuan jarriko da:

    Ura irakinarazi dute.

Egia esan, ez dago gizagaixorik aurreko guztia ulertuko duenik; beraz, ur sakonegietan sartu gabe erregimenaren arazo hau ulertzeko, egokiagoa iruditzen zait ondorengo hau kontuan izatea:

ARAZI:

  • Aditzoinari eransten zaio zuzenean.
  • Aspektu-markak arazi-ren atzean eransten dira.
  • Aditz laguntzailea aldatu egiten da beste pertsona bat sartuz:
    • nor → nor-NORK                          etorri DA → etorrarazi DUT
    • nor-nork → nor-NORI-nork             ekarri DU → ekarrarazi DIOT

praktika

Comments { 0 }

euskaljakintza EGA

Ongi etorri euskaljakintza EGA gunera! Bertan EGA azterketa prestatzeko baliabide ezberdinak topatuko dituzu:

  • Goialdean: informazio orokorra
  • Ezkerrean: azterketaren atal ezberdinak lantzeko materiala eta baliabide orokorrak.
  • Behealdean: atzerako kontaketa eta gune interesgarriak.
  • Lehen orrialdean: urte ezberdinetako azterketak online.
LIBURU OSOAK ONLINE
Ega 07-08 azterketak
Comments { 9 }
-->