Archive | hitzaro

RSS feed for this section

EBPNri buruzko IDEIA-LEHIAKETA Ordizian

EBPNri buruzko IDEIA-LEHIAKETA
Abenduak 31, Planari ekarpenak egiteko azken eguna

Ordiziako Udalak, herritarren parte-hartzea eta berrikuntza bultzatzeko apustuari jarraituz, 2010eko EBPNri buruzko ideia-lehiaketa antolatu du abenduaren 1etik 31ra. Helburua ordiziarrek euskararen inguruan Udal mailan egiten den lana hobetzeko ideia sortzaileak ekartzea da.

Ekimen horren bitartez, Udalak euskararen inguruan egiten duen lanaren herritarren pertzepzioa zein den ere ezagutu nahi du Euskara Zerbitzuak, hobetzeko alderdiak identifikatzearekin batera. “Konponbideak planteatzeko eta ekarpenak egiteko gonbidapena egin nahi diegu herritarrei, gutxien baloratzen dituzten gaietan irtenbideak bilatzeko”, adierazi du Udaleko Euskara zinegotzi Belen Maizak.

Ideiak abenduaren 31a bitartera proposatu ahal izango dira ebpn@ordizia.org helbidera idatzita, eta 2010eko urtarrilean zehar jasotako ideien berri emango zaie herritarrei.

2010eko euskara planari buruzko IDEIA-LEHIAKETA ORDIZIAN

Zer egin: Ordiziako euskararen egoera hobetzeko ideia bidali.

Nora idatzi: ebpn@ordizia.org

Ideiak bidaltzeko epea: Abenduaren 31

Lehiaketaren emaitza: Urtarrilak 15

Sariak

    1. saria: 2 gau Euskal Herriko nekazalturismo batean bi lagunentzat
    2. saria: iPod-a
    3. saria: euskarazko liburu sorta
Comments { 4 }

“Sukalde kontuak” filmarako sarreren zozketa

ebpnsukalde_kontuakDatorren asteburuan (ekainaren 5, 6, 7 eta 8an), Aizpea Goenagaren Sukalde kontuak euskarazko filma botako dute Ordiziako Herri Antzokian, eta Udaleko euskara zerbitzuak lau sarrera bikoitz zozketatuko ditu herritarren artean.

Zozketan parte hartzeko Euskara Zerbitzura deitu edo idatzi behar da (943 80 56 22 / ebpn@ordizia.org), ostiraleko 13:30ak baino lehen. Izena ematen duten guztien artean zozketa egingo da. Saridunek aukeratuko dute zein egun eta ordutan joango diren Herri Antzokira, filma ikustera.

Comments { 0 }

Kauta, otsailaren 20an Ordizian

Kauta musika kautataldea Ordiziako Herri Antzokian izango da otsailaren 20an, ostiralez, Isladak bere hirugarren diskoa aurkezten. Iragan Durangoko Liburu eta Disko Azokan, Kautaren azken lana izan zen cd-rik salduena, eta arrazoi horrek bultzatu ditu antolatzaileak Kauta Ordiziara ekartzera, “herriko eta eskualdeko gazteei punta- puntan dabilen taldearen lanaz gozatzeko aukera eman nahi diegulako, euskarazko musikaren emaitzak ezagutzera ematearekin batera.”

Ordiziako Udaleko Euskara eta Kultura Sailek antolatu dute Kautaren kontzertua. 2009ko lehen lauhilabetekoan lau kontzertu programatu dituzte guztira. Benito Lertxundik jarri zion hasiera kontzertu-sortari, eta Kautaren ondoren, Rafa Rueda (martxoak 18) eta Beasaingo Sugan taldea (apirilak 8) antolatu dituzte. Benito Lertxundiren kontzertuan 600dik gora entzule bildu ziren eta Kautaren kontzertuan eta ondorengoetan ere jendearen erantzuna ona izatea espero dute.

Andoaingo hiru gaztek osatzen dute Kauta taldea: Mikel Moreno (ahotsa, gitarra), Adrian Elustondo (baxua) eta Gorka mendizabalek (bateria). Musikan aditu direnen esanetan, rock alternatiboaren, punkaren edota Emoaren jarraitzaile dira.

Dagoeneko salgai dira Kautaren kontzerturako sarrerak. Otsailaren 20an Herri Antzokiko leihatilan 12€ balioko du sarrerak, eta aurrez, berriz, 10€. Honako lekuetan daude jada salgai: Ordiziako D’Elikatuz gunean; Zaldibiako Kultur Etxean; Legorretako Olaso tabernan; Goierriko Hitzak Beasainen duen egoitzan; Lazkaoko Gerriko liburu-dendan; Ataungo liburutegian; Segurako liburutegian, Idiazabalgo Izpar dendan eta Ormaiztegiko Itxune tabernan.

Comments { 0 }
-->