Iaz, NBAko lau talde ( Phoenix Suns, Philadelphia 76ers, San Antonio Spurs eta Los Angeles Clippers) Europan izan ziren. Bederatzi partidu jokatu zituzten bertako taldeen aurka horietatik zazpi irabaziz. Horrela, Estatu Batuetan dabiltzan jokalari onenetako batzuk izan ziren Europako hainbat hiriburutan, hala nola, Bartzelona, Mosku, Paris, Erroma eta Lyonen. Partida guztiak arrakasta izugarria izan zuten eta, hori ikusirik, aurten errepikatzea erabaki dute. NBA Europara ekartzearen arrazoi nagusienetakoak oihartzuna handitzea, liga amerikarraren mugak zabaltzea eta bertako produktu merkatua areagotzea dira.
Lehengo urtean, Bartzelonak sekulako errepasoa eman zion Philadelphia 76ers-i eta argi erakutsi zuen NBA eta Europako taldeen arteko desberdintasunak gero eta txikiagoak direla; ez baitago zalantzarik lehen erraz irabazten bazuten ere, orain gehiago kostatzen zaiela. Horren erakusgarri da iaz saskibaloiko munduko txapelketa Espainiak irabaztea final aurrekoetan Greziak Estatu Batuek zeramaten talde izugarriari irabazi ostean. Horregatik, amerikarrak inoiz baino motibatuagoak etorriko dira Europara partida guztiak irabazteko irrikitan.
Horrela, aurten ere, lau talde amerikar (Memphis Grizzlies, Boston Celtics, Toronto Raptors eta Minnesota Timberwolves) etorriko dira Europako bost talderen (Real Madrid, Unicaja Malaga, MMT Estudiantes, Efes Pilsen eta Lottomatica Roma) aurkako jokatzeko. Partidak Erroma, Londres, Istanbul, Malaga eta Madrilen izango dira bihartik hasita hurrengo ostegunera arte. Europan jokatuko diren zazpi partidetatik hiru izango dira espainiar estatuan (bat Malagan eta bi Madrilen); Erroman, bi; Instabulen, bat eta, azkenik, Londresen beste bat. Partidak ondorengo hauek izango dira:
Efes Pilsen Istanbul vs. Minnesota Timberwolves
Toronto Raptors vs. Boston Celtics
Lottomatica Virtus Roma vs.Toronto Raptors
Unicaja Malaga vs. Memphis Grizzlies
Minnesota Timberwolves vs. Boston Celtics
MMT Estudiantes vs. Memphis Grizzlies
Real Madrid vs. Toronto Raptors
Nire ustez, partidarik interesgarrienak espainiar eta NBA taldeen artekoak izango dira eta horietatik garrantzitsuena, Cuatron ikusi ahal izango dugun Toronto Raptors eta Real Madrilen artekoa. Hona hemen ikuskizunaren publizitatea:
Txikitatik kirol ugarietan murgildu izan naiz eta adin horretan eskaintzen zizkiguten kirolen zerrenda oso zabala zenez, ahal nuen guztietan ematen nuen izena, mahai-tenisean, saskibaloian, futbolean eta txirrindularitzan, besteak beste.… Horietan guztietan arituz, lagun ugari egin nituen eta, gainera, adiskidetasun hori ez zen kirol esparrura mugatu, oraindik beraiekin harremana baitut; beraz, ez dira edonolako lagunak!!
Gaurkoan, bereziki txirrindularitzaz jardungo gara. Jada ezaguna den Ana Usabiaga txikitatik izan dut kide eta hainbat pasarte bitxi baditugu ere, gure abizena eta gure ile horiaren antzekotasunagatik, gaurkoan bere oihartzunaz hitz egingo dugu. Hedabideetan barrena entzun genuen Ana Usabiagak 4 urre (500 metro, abiadura, keirin eta scratch) irabazi zituela Espainiako txapelketan, berau gure ikastolako kide denez eta harreman ona dudan seinale, elkarrizketa bat egitea bururatu zait, hona hemen hitz egindakoa:
TXIKITAKO KONTUAK:
Txikitatik garbi ikusi al duzu txirrindularitzan jardun nahi zenuela?
Ez, hasieran ez. Txirrindularitzan 9 urterekin hasi nintzen eta, nahiz eta asko gustatu, banituen beste kirol batzuk gehiago gustatzen zitzaizkidanak, atletismoa eta futbola, esaterako. Baina 12 urterekin gutxi gorabehera konturatu nintzen niri gehien gustatzen zitzaidana bizikleta gainean ibiltzea zela eta txirrindularitza munduan jarraituko nuela hurrengo urteetan, behintzat.
Probetan hasi aurretik, zure anaiari ikustera joaten zinen, hortik piztu al zitzaizun barruko grina?
Bai. Anaia bizikletan hasi zen urtean ez nekien oso ondo zer zen txirrindularitza delako hori, baina niri berdin zitzaidan nik bera ikusi nahi nuen eta hori ikusita amak ez zuen beste erremediorik izan. Lasterketa guztietara eraman ninduen anaia ikustera eta zenbat eta gehiago joan, orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan. Horregatik, amak hori ikusi zuenean, hurrengo urtean ni ere apuntatzea erabaki zuen.
Hainbat kolpe jasoa izana izango zara, denok bezala, lehen pedalkadetan. Oroitzen al duzu lehiaketetan hasi aurretiko kolpe gogorrik?
Kolpe gogorrekin, esan beharra dago, zorte handia izan dudala. Aurten izan dut izaugarrizko bat, baina hori kenduz gero, ez dut gehiagorik izan. Hori bai, erorikoak milaka. Gogoan dut nire lehenengo erorikoa. Kaladun zapatilak erosi berriak nituen eta estreinatzera atera nintzen kalera. Oraindik ez nekien oso ondo hankak pedalean sartzen eta ateratzen, baina poligonora joan nahi nuen han buelta batzuk ematera. Bertara iritsi baino lehenagoko bidegurutzean, kala ateratzen saiatu nintzen, baina alferrik. Ezin izan nuen atera eta lurrean bukatu nuen!
ORAIN ARTEKO BIDEA:
Pistaz aparte, beste hainbat modalitatetan aritua izan zara, hala nola, ziklokrosean. Zein duzu gustukoen?Zergatik?
Errepidearekin geldituko nintzateke. Errepidean gehiago gozatzen dut eta, gainera, bertan ditut oroitzapen onenak. Bestalde, neska gehiago gaude eta giro politagoa dago. Beste modalitateetan ere oso gustura aritzen naiz baina betidanik izan dut gustukoen errepidea, hala ere, ez da erraza bat aukeratzea hirurek baitute gauza bat besteengandik bereizten dutena.
Jubeniletako mailara iristean, neska gutxi izatean, zer pasa zitzaizun burutik mutilekin jarraitu edota nesken probetan Espainian barrena aritzea?
Beti izan dut oso garbi neskekin jarraitu nahi nuela lasterketetan parte hartzen nahiz eta horretarako Espainia osoan zehar ibili behar astebururo. Mutilekin korritzea oso ondo dago eta ahal dudan guztietan egiten dut, baina hautatzaileak zugan ohartzea nahi baduzu, neskekin korritzera behartuta zaude. Bertako neskak begiratzen baitituzte, zein den beraien maila. Aurten nire helburuetako bat Europako txapelketan parte hartzea da; beraz, hori lortu nahi badut neskekin korritu beharra daukat.
Kadete mailan ere irabaziak dituzu, lehengo urtean 5 domina. Zein egin zaizu zailago?
Pistan 500 metrotan lortu nuena. Urrea lortu banuen ere, 400 zentesimagatik irabaztea lortu nuen. 500 metroak bezalako proba motzetan horrelako distantziak egotea gure artean normala da baina nik pistan ez dut teknika handirik, orain arte ez baitiot garrantzi gehiegirik eman pistari. Proba horretan oso garrantzitsua da teknika ona izatea. Nire aurkari nagusia balearra zen eta han garrantzia handia ematen diote pistari; beraz, bera nahiko teknikoa dela esan daiteke eta nire beldurrik handiena irteeran ahalik eta denbora gutxien galtzea zen. Azkenean, lortu nuen nire helburua eta urrea irabaztea lortu nuen.
Etxe inguruan entrenatzen duzu, baina garrantzitsua al da taldearekin ere jardutea, lehiaketetako maila lortu ahal izateko? Maila ezberdina al da bertakoa kanpokoarekin alderatuta?
Normalean, bakarrik aritzen naiz entrenatzen eta norbaitekin topo egiten badut, berarekin bukatzen dut entrenamendua. Lehiaketa bat ondo prestatzeko ez da beharrezkoa taldekoekin aritzea, bakarrik entrenatzen ere lor daitezke helburuak. Hala ere, beti ondo etortzen da besteekin entrenatzea zure indarrak besteekin parekatu ahal izateko eta ikusteko gehiago estutu behar diozun zure gorputzari ala ez. Gaur egun, Espainiako nesken maila zoritxarrez nahiko baxua dela esan beharra dago. Espainiatik kanpora irtenez gero, konturatzen zara Espainian dagoen maila ez dela aproposena kanpoko txapelketetan aurrean ibiltzeko.
ESPAINIAKO TXAPELKETA:
Ba al zenuen ideiarik eskuan 4 urrezko medaila zenituela bueltatuko zinela Ordiziara?
Ez. Aurten nahiko “beldurturik� joan nintzen Espainiako txapelketetara. Apirilaren hasieran ospatuko zirela entzun nuenean, harritu egin nintzen, normalean ekainaren bukaeran edota uztailean ospatzen baitira. Denboraldia martxoan hasten da eta ni orduan lasaiago ibiltzen naiz. Denboraldia aurrera doan heinean, forma hartuz joaten naiz eta nire sasoirik onena urte bukaeran, hau da, uztailean eta abuztuan izaten dut. Denboraldia prestatzeko era asko daude eta batzuk nahiago izaten dute urte hasieran indartsuago egon eta bukaeran lasaiago bukatu. Horregatik, aurten Espainiako txapelketa hain goiz izanda, beldur nintzen zein sasoitan azalduko nintzen. Entrenamenduetan oso ondo ikusi nuen neure burua baina ez nuen pentsatzen 4 urre etxera ekartzeko moduan aurkituko nintzenik.
Zein izan da domina bereziena?
Scratcha. Bertan hiru euskaldun atera ginen. Hirurak geunden faborito nagusien artean eta hirurak geunden irabazteko aukera handiekin. Hautatzaileak bakoitzari lan bat jarri zigun proban. Nik sprint ona nuenez, nirekin arriskatu egingo zirela esan zidaten eta beste biek eskapada bilatzen saiatu behar zuten. Proba bukaeran talde osoa iritsiko bagina, beste biek niri lagunduko zidaten, ni sprintean sartzeko eta beraiek eskapadan bazeuden nik eta geratzen zen beste euskaldunak, tropelaren erritmoa jaitsiko genuen aurrekoak distantzia hartzeko. Proban zehar ihesaldi ugari egon baziren ere, ez zen lortu ihesaldia helmugara iristea. 3 itzuli falta zirela, denak genekien sprintean iritsiko ginela eta azkeneko itzulian taldekide batek izugarrizko lana egin ondoren, garaipena esku-eskuan utzi zidan berak bigarren postua lortuz. Izugarrizko poza eman zidan selekzioko kide guztiak pozik eta saltoka nire garaipena ospatzen ikusteak.
Izugarria izan behar da jaso duzun laguntza, bultzada eta animuak familiako eta ingurukoen aldetik. Chiclanan familia osoa egon al zen zu babesten?
Bai. Han izan nituen gurasoak eta nire ahizpa. Anaiak bere taldearekin kontzentrazioa zuen eta ezin izan zuen joan, baina besteak han nituen. Selekzioko besteen gurasoak ere han zeuden eta horiek ere gogor aritu ziren animatzen. Horiek ere sekulako animuak eman zizkidaten.
GEROARI BEGIRA:
Zein da zure hurrengo helburua? Erraz gainditzeko esperantza al daukazu?
Momentu honetan nire helburuetako bat uztailaren hasieran pistako Europako txapelketara joatea da. Espainiako maila oso ona ez da eta, ondorioz, nik Chiclanan egin nituen denborak ez dira oso onak. Ez zen oso belodromo egokia denbora onak egiteko, baina, hala ere, belodromo azkar batean ere nire denborak ez lirateke oso onak izango. Horregatik, orain gogor saiatu beharra daukat maiatzaren bukaeran Sevillan izango baitugu kontzentrazio bat eta bertan erabakiko baitute ni joan ala ez.
Hurrengo urtean 2. batxilergoa amaitzean, ikasketak direla eta zer asmo duzu, kirolari loturiko zerbait burutzea?
Bai. IVEF egitea gustatuko litzaidake, kirolarekin lotura duen zerbait egin nahi baitut. Gainera, etorkizuneko kirolarietako bat naizenez, IVEF egiteko ez didate batez bestekorik eskatuko eta bertara sartzeko probak ere ez dauzkat pasatu beharrik.
Ikasketak izango al dira kirola uzteko aitzakia?
Ez dut uste. Oraindik bi gauzak ondo eramateko gai naiz. Denbora ondo antolatuz gero, bi gauzetarako denbora dago. Hemendik bi urtera ere pentsatzen dut bi gauzak egiteko gai izango naizela; izan ere, baditut ezagunak IVEF egin dutenak eta horiek ez dute zailtasun handirik izan bi gauzak ondo egiteko.
Zein izango litzateke zure ametsa?
Profesional izatera iristea eta, iritsiz gero, Italiako Giroa korritzea. Mutilentzat Frantziako Tourra den bezala, nesketan garrantzitsuena Italiako Giroa da eta egunen batean han korritzea gustatuko litzaidake.
Elkarrizketa amaitzeko, hona hemen bere hitzak Espainiako txapelketan izandako hainbat gorabeherari buruz:
Azkenik, ikus ezazue zein izan den Anaren garaipenak izan duen oihartzuna:
Jakingo duzuenez, une larrian daude gure futbol taldeak; izan ere, azken partiduak geratzen zaizkie jolasteko eta Reala eta Athletic mailaz jaisteko arrisku bizian daude. Nola gipuzkoarrek hala bizkaitarrek lehenengo mailan jarraitu nahi dute baina, gure zoritxarrerako, errealitateak erronka neketsua izango dela gogorarazten digu. Reala, esaterako, azkeneko hirugarren tokian dago lehengo jardunaldiko partiduan Celtari irabazi ondoren. Hiru gol sartu zizkion, nahiz eta lehenengo zatian kinka larrian ibili ziren eta galtzen joan. Aste honetan, berriz, Osasunaren aurka du hil ala biziko partidua eta gure mutilak garaipenaren bila joango dira Iruñera. Halere, oraintxe irakurri berri dut Lotinak buruhauste bat baino gehiago duela jokalariak direla eta (esandako guztia entzun nahi izanez gero, egin klik hemen). Athleticek, berriz, Mallorcaren aurka egingo du eta hauek ere garaipena lortu beharra dute.
Edonola ere, txuri-urdinen jarraitzaileak izan dira taldeari bizi-poza eman diotenak; izan ere, partidu guztietara joan baitira Reala animatzera. Osasunak, bestalde, galtzekorik ez du, datorren urtean lehenengo mailan jarraituko duela ziurtatua baitauka. Batzuek diotenez, Realari irabazten utziko dio orain dela urte batzuk honek mesede egin baitzion Osasunari. Ez da hori, ordea, atzo bertan Milosevicek adierazi zuena. Hari beretik, Athletic da hurrengo taldea jaisteko aukera gertuen duena. Dena den, espero dezagun bi euskal taldeek irabaztea eta toki ilun horretatik ateratzea eta, noski, euren aurreko taldeek, Betis eta Levantek, galtzea.
Baina gauzak ez dira errazak izango. Realaren azkeneko jardunaldia Valentziaren aurka izango da. Hauek aurten oso ondo ari dira jolasten eta Europako txapelketan parte hartzeko aukera dute Sevilla, Bartzelona eta Real Madrilekin batera. Izan ere, hauek ere beraien artean lehia bizian dabiltza nork irabazi lehenengo tokia sailkapen orokorrean.
Esanak esan, onena azken hatsa izan arte gure taldeak animatzen jarraitzea izango dela iruditzen zait, jokalariek gure kemen oihuak behar-beharrezkoak baitituzte une latz hauetan. Zuek zer uste duzue, euskal talderen batek jaitsi egin beharko lukeela?
Iruzkin berriak