Jakingo duzuenez, une larrian daude gure futbol taldeak; izan ere, azken partiduak geratzen zaizkie jolasteko eta Reala eta Athletic mailaz jaisteko arrisku bizian daude. Nola gipuzkoarrek hala bizkaitarrek lehenengo mailan jarraitu nahi dute baina, gure zoritxarrerako, errealitateak erronka neketsua izango dela gogorarazten digu. Reala, esaterako, azkeneko hirugarren tokian dago lehengo jardunaldiko partiduan Celtari irabazi ondoren. Hiru gol sartu zizkion, nahiz eta lehenengo zatian kinka larrian ibili ziren eta galtzen joan. Aste honetan, berriz, Osasunaren aurka du hil ala biziko partidua eta gure mutilak garaipenaren bila joango dira Iruñera. Halere, oraintxe irakurri berri dut Lotinak buruhauste bat baino gehiago duela jokalariak direla eta (esandako guztia entzun nahi izanez gero, egin klik hemen). Athleticek, berriz, Mallorcaren aurka egingo du eta hauek ere garaipena lortu beharra dute.
Edonola ere, txuri-urdinen jarraitzaileak izan dira taldeari bizi-poza eman diotenak; izan ere, partidu guztietara joan baitira Reala animatzera. Osasunak, bestalde, galtzekorik ez du, datorren urtean lehenengo mailan jarraituko duela ziurtatua baitauka. Batzuek diotenez, Realari irabazten utziko dio orain dela urte batzuk honek mesede egin baitzion Osasunari. Ez da hori, ordea, atzo bertan Milosevicek adierazi zuena. Hari beretik, Athletic da hurrengo taldea jaisteko aukera gertuen duena. Dena den, espero dezagun bi euskal taldeek irabaztea eta toki ilun horretatik ateratzea eta, noski, euren aurreko taldeek, Betis eta Levantek, galtzea.
Baina gauzak ez dira errazak izango. Realaren azkeneko jardunaldia Valentziaren aurka izango da. Hauek aurten oso ondo ari dira jolasten eta Europako txapelketan parte hartzeko aukera dute Sevilla, Bartzelona eta Real Madrilekin batera. Izan ere, hauek ere beraien artean lehia bizian dabiltza nork irabazi lehenengo tokia sailkapen orokorrean.
Esanak esan, onena azken hatsa izan arte gure taldeak animatzen jarraitzea izango dela iruditzen zait, jokalariek gure kemen oihuak behar-beharrezkoak baitituzte une latz hauetan. Zuek zer uste duzue, euskal talderen batek jaitsi egin beharko lukeela?
Iruzkin berriak