Asteazken gauean, 92-96 Tau Baskonia gailendu zen, Trevisoko Palaverde kiroldegian, bertako talde Benetton-en aurrean Euroligako (saskibaloiko Europako txapelketa) lehen faseari zegokion bosgarren jardunaldian. Partidura bi taldeak A multzoko lidertzan berdinduta etorri ziren, hiru garaipen eta porrot banarekin. Garaipen honen ostean, Tau lehen postuan bakarrik gelditu da eta hurrengo faserako txartela eskuraturik du.
Kantxara gasteiztarrak oso kontzentratuta irten ziren eta hasiera-hasieratik ireki zuten zuloa markagailuan, Scola, David eta Erdogan-en lan onaren bidez. Lehen laurdenaren amaieran, 13 puntuko errenta zeraman Baskoniak, 16-29.
Prigioni antolatzaileak oso ondo antolatu zuen jokua, batez ere, pibotekin (Scola, David eta Splitter) bere espezialitatea bihurtu den blokeo zuzenak eginez. Erdogan hegalekoak, berriz, eskumuturra bero-bero zuen eta hiruko mordoa sartu zuen bigarren laurdenean. Horrela, bigarren laurdena, 37-54 euskaldunen aldeko markagailuarekin bukatu zen. Tauk kontraeraso azkarrak eta defentsa gogorrak egin zituen, Benettonen desesperaziorako.
Baina partidaren bigarren zatian guztiz aldatu zen nagusitasunaren norantza, hilik zirudien etxeko taldea bere errautsetatik berpiztu baitzen.
Hirugarren laurdenean, Benettonen harrobiko Mordente gazteak, bere indarra eta kemena goraipatzeko jokaldiekin, Palaverden bildutako 5.000 zaleak berotu eta bere taldea konfiantza hartzen joan zen, ikusirik partiduari buelta ematea posible zela. Laurden honetan, Baskoniako Hansenen hirukoengatik izan ez balitz, Tauk partidua bota egingo zukeen, italiarren berpizkundea ezin sinesturik.
Azken laurdenera, markagailuak parekatuta iritsi ziren, 64-68. Tauk antolatzaile bakarra eraman zuen, Prigioni, eta bere markatzaile Mordenterekin birritan haserretu ondoren, Perasovic entrenatzaileak kendu eta Erdogan jarri zuen antolatzaile, nahiz eta ez izan bere postua.
Honek Tauri kalte egin zion eta epaileen bi akatsen ondoren, partidua amaitzeko 20 segundo faltan, lehen aldiz jarri zen Benetton markagailuan aurretik. Hala ere, Mordente gaztearen baloi galtze bati esker eta Tauko Prigioni eta Erdoganek jaurtiketa libre guztiak sartzeari esker, Tauk aurretik erabaki beharreko partidua ozta-ozta berdindu zuen azken segundotan, 83-83.
Gauzak horrela, legezko 40 minutuak berdinketarekin amaitu ondoren, 5 minutuko luzapenari ekin zioten bi taldeek. Zati honetan ezer gutxi dago aipagarria, Tauk gainetik pasa baitzuen Benetton. Tauko Jakobsen izan zen protagonista, bi hiruko eta biko jokaldi bat egin zituelarik. 5 minutu hauetan 13 eta 9ko partziala egin zion Tauk eta partiduaren amaierara iritsi ziren, 92-96ko markagailuarekin.
Lehen esan bezala, Tau bere multzoko lider jarri da lau garaipen eta porrot batekin.
Tauk orain gutxi Pedro Martinez kaleratu eta Velimir Perasovic jarri du entrenatzaile, eta nabari da Tauko jokalari eta hegaleko postuan aritzen zela, jokalariek hirukoak botatzeko garaian askatasun gehiago baitute.
Ongi Etorri Perasovic!
Zorionak Tau!
Iruzkin berriak