Euskaljakintzako kideok, behin eta berriz adierazi dugun bezala, euskal literaturaren alde apustu egin nahi dugu. Ikasturtean zehar hainbatetan aipatu dugun legez, euskal autoreak ezagutu nahi ditugu (klasikoak zein berri-berriak), eta beraiei buruz gehiago jakin nahi izateaz gain, dakiguna besteekin partekatu nahi dugu. Eta, horregatik, duela gutxi atal berri bat sortu genuen zeinetan guk hautatutako irakurgai eta idazleei buruzko iritzia ematen dugun hainbat liburu ezagutarazteko xedez. Atal berri honi Irakurlearen txokoa deitu diogu eta, esan behar, dagoeneko landatutako zuhaitzari adaxkak ateratzen hasi zaizkiola.
Irakurtzea, beraz, gure erronketako bat da, ez da bakarra baino! Besteen ekoizpenak irakurtzea ondo dago, baina guri ere idazteko grina piztu zaigunez, idatzi ere egin nahi dugu! Ausartak gara, aurreko artikuluak irakurtzen badituzue, edozein gairi buruz aritzen garela konturatuko zarete. Eta horrela jarraitu nahi dugu…
Baina zertara dator hau guztia? Bada, duela egun batzuk jakin genuen aurtengo edizioan ere sarituak suertatu garela! Gure idazlanek aurten ere ikastolako paretako hormak gainditu dituzte, eta Beasaingo epaimahaikoen gustukoak izan dira.
Aipamen berezia gure Xabiri (euskaljakintzan Xarana bezala ezagutua). Bai, hori, artikulu luze bezain interesgarri horiek idazten dituena, euskara eta matematikako jokoak uztartzeari ekin ziona… Iaz,A mailan (maila gorenean) bi 1go sari jaso zituen, hitz-lauz edo prosan eta poesian eta aurten ere bai!!! Hau ez dut uste sariketaren historian zehar inoiz gertatu denik!! Zorionik beroenak! Baita Esther, Eneritz, Eñaut eta Garazirentzat ere! Goiko argazkian bostak ikus ditzakezue gaurko ekitaldiaren amaieran.
Lortutako sariak ondorengoak dira:
A mailan (1988 eta 1989 urteetan jaiotako eskualdeko ikasleen artean)
HITZ LAUZ
1. SARIA: (210 € eta oroigarria)
Idazlana: ALBERTO
Egilea: Uko. XABIER ARAÑA URTEAGA.
AIPAMEN SARIAK (55 €)
Idazlana: IRAGANEKO HORMA
Egilea: Sorgintxo. ENERITZ ZABALETA MERINO.
Idazlana: BESTALDERAKO BIDEA
Egilea: Baten bat. ESTHER ESKISABEL DE JUAN.
OLERKIAN
1. SARIA: (180 € eta oroigarria)
Olerkia: BAZINEN BEHIN
Egilea: Katixa. XABIER ARAÑA URTEAGA.
AIPAMEN SARIAK (45 €)
Olerkia: LORE BAT
Egilea: Sorgintxo. ENERITZ ZABALETA MERINO.
B mailan (1990 eta 1991 urteetan jaiotako eskualdeko ikasleen artean)
AIPAMEN SARIA (45 €)
Idazlana: AITONAREN AHOTSA
Egilea: Zurrapa. EÑAUT AGIRRE ITURRIOTZ.
D mailan (1992 eta 1993 urteetan jaiotako eskualdeko ikasleen artean)
1. SARIA: (150 € eta oroigarria)
Idazlana: OLENTZERO GEURE BARNEAN DA.
Egilea: Izana. GARAZI OTEGI ETXEZARRETA.
Idazlan saritu gehiago irakurri nahi badituzue, hementxe topa ditzakezue.
Ez nuke bukatu nahi aipatu gabe, gaurko sari banaketan, Xabier Mendiguren Elizegi idazlea ezagutzeko aukera izan dudala. Bera blogen mundu honetan aspaldidanik ari da eta guretzat erreferentzia ere izan da askotan! Garbi dago eta garbi gelditu da blogariok badugula lotzen gaituen alegiazko soka bat, kontu berdintsuak irakurtzeaz gain, izen berdinen inguruan mugitzen baikara. Hortxe egon gara beste blogari batzuk goraipatzen eta ederki solasean (esan behar pintxorik gabe gelditu naizela!!!). Poztu nau zu ezagutzeak, Xabier!
Iruzkin berriak