Archive | irakurlearen txokoa

RSS feed for this section

Gauak eta Hiriak – UR APALATEGI

Duela denbora bat hasitako atala bergogoratu nahi dut oraingoan. Aspaldian ukitu gabe dagoela ikusita eta hauts pixka bat kentzeko asmoz, liburu berri bati buruz idaztea erabaki dut. Aukeratu dudana Ur Apalategiren Gauak eta Hiriak da.

Hitz gutxitan esanda, nobela errealista baten aurrean gaudela esan daiteke. Eta, agian, hori da irakurlearen grina pizten duena, edo nirea behintzat. Izan ere, gaia gaurkotasunez betea da eta gazteok bertako pertsonaiekin identifikatzeko oso erraza. Baliteke maitasuna, adiskidetasuna, etab, gai oso errepikatuak izatea baina kontatzeko erak edo, agian, istorioak berak liburua berezi bilakatzen du. Gainera, eta hitzaurrean Iban Zalduak dioen bezala, Urrek ederki jakin du adiskidetasunaren gazi-gozoak kontatzen eta deskribatzen eta hori egitea ez da batere erraza, ez da maitasun istorio bat idaztea bezalakoa. Bestalde, hizkuntza arina eta sinplea nagusi da. Honek liburua irakurterraz bilakatzen du eta hori oso garrantzitsua da istorioaren haria jarraitzeko. Deskribapenak ere ez dira luzeak, gehiegi korapilatu gabe eta erabiltzen dituen konparaketak benetan landuak dira.

Gauak eta Hiriak liburuaren azala Istorioak hiru gazte ditu protagonista, Muriel, Antton eta Felix. Beraien arteko harremanak kontatzen dizkigu: maitasuna, adiskidetasuna, inbidia eta gorrotoa, hau guztia gauean hirietako kaleetan gazteak nagusitzen diren momentu berean sortzen den giroan murgildurik. Antton eta Felix lagun minak dira, guztiz ezberdinak, gaua eta eguna bezalakoak eta biak Bordelen daude bizitzen; bata, lanean, eta, bestea, Filosofiako ikasketak bukatu ezinik. Lehenengoa lapurtarra da, mutil jatorra, isila, bere lagunen laguna eta nesketan ez oso aditua. Felix, berriz, donostiarra, snob hutsa, harro samarra, irekia eta, noski, beti neskez inguratua dagoen horietakoa. Antton Felixen affair guztien lekuko da eta hau erabat miresten du, nahiz eta bera bere bizitzako neskari itxaroten egon. Felix, aldiz, harrotasunez betetzen du lagun minaren miraren iturri dela jakiteak. Beraz, bata ezin da bestea gabe bizi, baina, aldi berean, batak bestea erabat bekaizten du.

Bi lagunak Bordelen, gauean, hiriko pub guztien artean dabiltzalarik, donostiarrak Murielekin tupust egingo du. Hau ez da Felixi gustatzen zaizkion neska horietakoa, hobeki esanda, guztiz aurkakoa da. Hala ere, Felixen barnean zirrara berezi bat sortzen da eta lehen aldiz maitasun erreala sentituko duela esan daiteke. Berarekin dantza egin ostean, elkarrekin oheratu direla onartuko dio Anttoni eta barnean dituen sentimenduak alde batera utzita, neska ez zaiola interesatzen eta pikutara bidali duela. Egia gordina, ordea, beste bat da: Muriel bera izango da Felix haizea hartzera bidaliko duena eta beraien hartu-emana ez da dantzatik haratago joango.

Lapurtarrak, ordea, Muriel sakonago ezagutzeko aukera izango du Felixen ezkutuan, Donostian kasualitatez elkarrekin topo egiten duten batean. Antton benetan neska berezia dela konturatu eta maitemindu egiten da. Hemendik aurrera, bikote harreman bat hasiko dute eta hau izango da bi mutilen laguntasunaren amaiera. Izan ere, Antton maitemindurik dagoen arren, Murielek badaki berea maitasuna baino gehiago beharra dela , Jean–Daniel, soldaduskara joana den mutil-laguna ahazteko beharra, hain zuzen. Hala ere, Anttonek oraindik Felixen presentzia sumatzen du neskarekin duen harremanean eta bere pazientzia erabat agortzen da biak elkarrekin ikustean dituenean. Gaizki ulertu honen ostean, Anttonek Murielekin duen harreman moztu eta Baionara itzuliko da amaren etxera. Bestalde, Felixek barkamena eskatu nahian deituko du, baina ez dio aukerarik emango eta gertatutako guztia leporatu ondoren eskegiko du, adiskidetasunari amaiera emanez. Hemendik aurrera hiru gazteek bakoitzak bere bideari ekingo dio.

Beraz, ikus daitekeenez, gauero munduko edozein hiritan gertatu, gertatzen eta gertatuko den istorioa dugu esku artean. Liburu honi buruz Felipe Juaristik eginiko kritika irakurri nahi izanez gero, klikatu hemen.
Bestetik, aipatu liburu honek Beterriko Liburua 1997 aipamena lortu zuela.

Comments { 0 }

XX.MENDEKO EUSKAL LITERATURAREN IZARRA

Bernardo Atxaga Joseba Irazu Garmendia, Bernardo Atxaga izenez ere ezaguna (Asteasu, 1951), XX. mendeko euskal idazlerik ezagunena bilakatu da. Ekonomian lizentziatua, euskarako irakasle, ekonomialari eta liburu saltzaile izan zen ogibidez idazten hasi aurretik. 80. hamarkadan hasi eta gaur egun ere idazten dihardu. Azken egun hauetan, gainera, hiru gertakizun garrantzitsuren ardatz izan da: Euskaltzaindiako kide izateko proposatua izan da, eta bere eleberrietako bi, Obabakoak eta Zeru horiek, zinerako egokituak izan dira.

1972an ergitaratu zituen bere lehenengo olerkiak euskaraz. Lau urte beranduago bere lehen nobela idatzi zuen, Ziutateaz, eta 1987.urtean, Etiopia. Garai honetan, Pott banda ko partaide izan zen, izen bereko aldizkarian bere lanak argitaratuz, Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorikarekin elkarlanean.

Asteasuarrak genero guztiak ukitu ditu, olerkigintzatik hasi eta narratibara arte, azken hau, gazteei, haurrei, helduei… zuzendurik. Bere idazlanen artean Obabakoak (1988), Sugeak txoriari begiratzen dionenan (1997), Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian (1984), Bi anai (1985), Gizona bere bakardadean (1993) eta Soinujolearen semea (2003) dira aipagarrienak. Hauez gain, Zeru horiek (1995) dugu, film bihurturik Biarritzeko FIPA jaialdian ikusi ahal izan duguna. Baina, arestian aipatu dugun legez, hau ez da zineman ikusi dugun Atxagaren lan bakarra, hain ezaguna den Obabakoak adaptatua ikusteko aukera ere izan baikenuen duela hilabete batzuk (euskaljakintzan horri buruzko aipamen batzuk ere egin genituen).

Lehen esan bezala, Euskaltzaindiako partaide diren Xabier Kintana, Ana Toledo eta Jose Luis Lizundiak hil berri den Juan Mari Lekuonaren postua hartzeko proposamena aurkeztu dute. Hauek Bernardo Atxagak egindako literatura merezimendua azpimarratu nahi dute, baita Euskal Herriko mugez gaindi duen ospea ere. Horri jarraiki, bozketa martxoaren 31n burutuko da. Euskaltzaindiak, bere lan zabala azpimarratu nahi du, euskararen bultzatzaile sutsua izana. Hau gutxi balitz, hizkuntzaren erabilera egokia eta bere obra 20 hizkuntza ezberdinetara itzulia izana goraipatzen dute.

Aipatu ere, hainbat sari ezberdin irabazi dituela Obabakoak nobelarengatik, besteak beste; Euskadi Saria, Kritikaren Saria eta Prix Millepages Saria. Halere, ezin esan dezakegu gauza bera Montxo Armendarizen Obaba filmagatik atzo ez baitzen garaile suertatu Goya sarietan…

Ez nuke amaitu nahi aipatu gabe, aurten ikusten ari garenez, gaur egun euskal literatura autore interesgarri anitzez josia dagoela. Euskaljakintzakook autore ezberdinak irakurtzen ari gara eta ikasturtean zehar emango dizuegu beraien berri. Ea denon artean euskal literaturari bultzadatxo bat ematen diogun..

Hemendik, bada, zorionak Atxagari eta ea writelyn denon artean idatzi dugun narrazio laburra irakurtzen duzun, gustatuko zaizu eta!!!

Informazio gehiago:

Bere lanak

Euskaltzaindiarako izendapenaren inguruko beste iritzi batzuk

Comments { 1 }

Burua txoriz beterik- I. Irasizabal

Lehengo batean Igor Zeberiok ireki zuen atal berriari jarraipen bat emateko asmoz nabil gaur ni. Oraingoan, Iñaki Irasizabal idazle durangarraren “Burua txoriz beterik� liburua dakarkidalarik. Horrela, liburuaren laburpena emateari ekingo diot.

Alberto hirurogei urte inguruko gizon alarguna da. Bilbon bizi da eta hiri bertan egiten du lan unibertsitate irakasle moduan. Hiru seme-alaba dauzka; Markel da hiruretan zaharrena. Ostaizkarekin ezkondua dago eta bi seme-alaba ditu: Irati eta Harkaitz. Hiriko girotik urrun dagoen baserri zaharkitu batean bizi dira eta dirua soberan ez badute ere, pozik bizi dira bertan. Ondoren, Arantza daukagu. Albertoren alaba bakarra, duela hilabete eskas batzuk bere senargaiarengandik banandu da eta bere bizitzarekin zer egin ez dakiela, benetan bera ulertuko duen gizon baten bila jardungo da. Azkenik, bere seme gazteena eta berarekin batera bizi den bakarra, Iker. Deustuko unibertsitatean dabil soziologia ikasketak burutzen.

Guztia etxeko anaia gazteenaren heriotzarekin hasiko da. Orduantxe konturatuko da Alberto bere semea ez zuela berak uste zuen bezain ondo ezagutzen eta, heriotzak suposatuko dion minetik osatu ezinean dabilela, geratzen zaizkion beste birekin harremana estutu beharrean dagoela ohartzen da. Hasiera batean traba handiak topatuko ditu Albertok baina ez du etsiko eta bere seme-alaben bizitzan sartzea lortuko du. Sartzea eta …… hainbat gauza gehiago; izan ere, bidean berak uste ez dituen hainbat gertakari jazoko baitira. Gauza eta ilusio berri asko irabaziko duen arren, beste hainbat ere galduko du eta horien artean hainbeste maite duen semea, Markel.

Burua txoriz beterik liburuak familia xume eta arrunt baten barnean gertatzen diren gorabeherak azaltzen ditu eta berauen aurrean familiako senide bakoitzak dituen sentipen, gogoeta eta jokabideak kontatzen dira. Zoriontasunez beteriko bizitza bat sortzea dute denek helburu, baina hau ez da batere erraza suertatuko, egunero bizitzako zailtasunez gain, familiako senideen arteko harremanak direla eta, bide hori guztiz malkartsua bihurtuko baita.

Nire iritziz, liburu bikaina, gai interesgarria lantzen duena. Irakurketarako erraztasun handiak eskaintzen dituen irakurgaia, hizkuntzaz oso sinplea eta deskripzio nahiz narrazio ugariz josia. Aipatu beharra daukat gainera, aspaldiko partez, oso gustura irakurri dudan liburu bat dela eta honek aurrerantzean euskaraz irakurtzeko gogoa piztu didala. Azkenik, esan, Iñaki Irasizabalen Burua txoriz beterik liburua duela gutxi Ondarroako nobela laburren lehiaketako sarituetako bat izan dela. Horri buruz gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.

Hemendik, beraz, liburua irakurtzera animatzen zaituztet eta, irakurria izanez gero, zuen
iritzia denekin konpartitzera!!

Liburu honi egindako hainbat kritikaren berri izateko, klik egin hemen.

Comments { 0 }
-->