Archive | orokorra

RSS feed for this section

Sekula ahaztuko ez dudan esperientzia

Ez nuen inoiz espero lurrikara bat bizitzea. Iazko udan, Kalifornian “host family” batekin oporrak pasatzen ari nintzela, gauza harrigarri bat gertatu zitzaidan. Abuztuaren 24an, goizeko bostetan, etxea mugitzen hasi zen. Logelan etxeko ahizpa txikienarekin lo egiten ari nintzela, ohea ez mugitzeko esan zidan. Nik, harridura azalduz, hauxe erantzun nion: “Hori eskatzea ere! Nola arituko naiz ohea mugitzen ordu hauetan, neska?”. Elkarri beldur aurpegiaz begiratu genion eta biak, ikaratuta, nire ohean sartu ginen, mugimendu hura amaitu zen arte. Une hartan, ahizpa zaharrena oihuka hasi zen, eta guregana etortzeko eskatu genion. Behin hirurak batera geundela, aita logelara sartu zen eta lurrikara bat baino ez zela izan esan zigun. Lurrikara hitza entzun eta gau osoa lorik egin gabe pasatu, biak bat!

Argazkia: huffingtonpost.com

Argazkia: huffingtonpost.com

Hurrengo goizean, lurrikara Napan gertatu zela ikusi genuen telebistan. Lurrikara honek 87 zauritu utzi zituen, 1989an izandakoa gaindituz. Hau da, adituek esan zuten 1989ko lurrikara, Ritcher eskalan,  zazpikoa izan zela;  guk bizitakoa, berriz, seikoa izan arren, sentsazioa 8.4koa izan omen zen.

Lurrikara lurzoruan gertatzen den mugimendu bortitza da eta zenbait jarraibide hartu behar dira kontuan. Horietako bat bizitzea tokatuz gero, komeni da oso ondo jakitea zer gin behar den. Edozein lurrikara hiru fasetan banatzen da: gertatu aurretik, bitartean eta ondoren. Lurrikara gertatu aurretik oso garrantzitsua da, alde batetik, botika-kutxa beteta egotea eta linternak, irratiak eta janaria eta edaria prest izatea. Bestetik, ebakuazio plan bat eduki behar da, hots, garbi izan behar dugu nora joan, lurrikara gertatzen ari den bitartean eta lurrak dar-dar egiteari uzten dioenean. Lurrikara gertatzen ari den bitartean, hortaz, bi aukera izango  ditugu. Batetik, kristalezko leiho guztietatik ahalik eta urrunena jartzea eta etxearen izkinetan kokatzea burua babesteko. Bestetik, egokia da mahai baten azpian jartzea, adibidez. Kasu honetan, mahaiaren hankak ondo eutsiko ditugu; horrela, mahaia ez da gure gainera eroriko eta gure burua babestuta izango dugu. Lurrikararen ondoren, zaurituak baldin badaude, komeni da laguntza eskatzea eta irratia piztea, bertako autoritateak esaten duena entzuteko eta guztiaren jakinaren gainean egoteko. Azkenik, ez genuke gerturatu behar poste altuetara eta kable elektrikoetara.

Imajinatzen duzuen bezala, bizi izan nuen momentu hau ahaztezina izango da. Momentuan ikaratuta egon nintzen. Lehenik, etxetik kanpo nengoelako; eta, bigarrenik,  gurasoak ez zeudelako nire alboan. Hala ere, bertako familiari eskerrak eman nizkion emandako laguntzarengatik eta maitasunarengatik momentu gogor haietan. Gogoratu, beraz: lurrikararen abisua jasotzen baduzue, aurreko paragrafoan aipatu ditudan aholkuak jarraitu eta ahalik eta laguntza gehiena eskaini zure albokoei.

Comments { 0 }

Jenio bat izan nahi? Jada horretarako aukera baduzu!

6118332031_b7665c7bc9_o

Irudia: Lawrence Wang, FlickrCC

Egun batean, nire amak aldizkari batean oso artikulu interesgarria irakurri zuela esan zidan, “Genio por accidente” izenekoa. Gaia gainetik azaldu ondoren, begirada bat eman eta segituan hura irakurtzeko gogoa piztu zitzaidan. Amak bete-betean asmatu zuen, artikulua benetan interesgarria eta harrigarria zen.

‘Savant’ izeneko sindromea duten zenbait pertsonari buruzkoa zen. Antza denez, sindrome hau mundu osoan 50 bat pertsonek bakarrik dute. Hauek izugarrizko gaitasun eta trebeziak dituzte zenbait arlo ezberdinetan; egunerokotasunean, aldiz, zailtasun ugari dituzte. Ba al dakizue zer den benetan harrigarriena? Nahiz eta oraindik ez dakiten ziur sindrome berezi hau gizakietan nola sortzen den, gehienek jasaten dute autistak direlako, garunean lesioren bat eduki dutelako edota buruan istripuren bat izan dutelako. Aipatu berri dudan bezala, batzuek buruan jasotako kolpe baten ondoren, pertsona normal eta ez oso jakintsu bat izatetik bat-batean arlo batean izugarrizko gaitasunak edukitzera igaro dira, hala nola, oroimen miresgarria, kalkulu matematikoak egiteko aparteko trebezia eta gaitasun artistiko itzelak.

Zenbait adituk dioenez, ahalmen eta trebezia bitxi hauek gu guztion buru barnean gordeta daude, ezkutuan egongo balira bezala. Horregatik, buruan kolpea jasan zutenean, ezkutuko gaitasun hori garatu egin zitzaien. Horrela, egunerokotasuneko gauzetan zailtasunak izan arren, beste zenbait arlotan jenio huts bilakatu ziren.

Orduan, imajinatzen al duzue buruan zartako bat jasanda zuek ere jenio bihurtzen zaretela? Aukera izanez gero, gaitasun miresgarri horiek lortzeko prest egongo al zinatekete? Bada, aukera hori jada existitzen da; izan ere, ezinak ez du legerik! Allan Snyder izeneko medikuak ‘sormenaren txapela’ izeneko aparatu bat asmatu du. Asmakuntza honek, elektrodoen bidez gure garuna estimulatzen du, eta, horrela, gure buruan ezkutuan ditugun gaitasun eta talentu horiek garatzeko gai izan gaitezke. Gainera, Snyder doktoreak dioenez, etorkizunean garun barnean ditugun talentu hauek garatzeko balioko duten teknologiak egongo dira, eguneroko bizitzan erabili ahal izango ditugunak. Hau da, jenioek dituzten dohainak edukitzeko gauza izango gara!

Ni betidanik izan naiz horrelako asmakuntzen eta aurrerapenen aldekoa, eta izugarri gustatuko litzaidake horrelako tresna batekin betidanik zailak egin zaizkidan arloetan gaitasun apartak edukitzea bat-batean. Beraz, asmatu berri duten ideia hau oso ona iruditzen zait. Eta zuei, zer iruditzen? Probatzeko prest egongo al zinatekete?

Comments { 0 }

Komunikabideen eragina nerabeen indarkerian

Irudia: mojzagrebinfo (Pixabay, CC0 Public Domain)

Irudia: mojzagrebinfo (Pixabay, CC0 Public Domain)

Gaur egun, telebistak eta gainontzeko komunikabideek guztiok pentsatzen dugun baino eragin handiagoa dute gizartean. Batez ere, nerabezaroan dauden gazteen jokabidean serioski eragiteko gai dira. Normalean, nerabe ehuneko handi batek gizartean positiboki integratzea lortzen du. Era berean, bada beste portzentaje bat kontrako jokaera zakar bat hartzen duena, hainbatetan, gurasoen eskutik jasotako tratu txarrengatik edota telebistan ikusitako biolentzia barneratzeagatik. Halaber, eremu soziokulturalaren ondorioz barneratutako pentsaera kaltegarriak ere badira; jarraian, baina,  komunikabideek gazteengan duten eraginari erreparatiko diogu. Ildo horretatik jarraituz, bi kasu aipa ditzakegu, nire ustez. Alde batetik, komunikabideek gizartean ematen den biolentzia azpimarratu eta gehiegi islatzen dute; eta, bestetik, telebistan emandako biolentziaren erruz, hura gehiago barneratzen da gizartean.

Lehenik eta behin, telebistak nerabeengan duen eragina azpimarratu nahiko nuke. “American Academy of Child and Adolescent Psychiatry”-k (Haur eta Nerabeen Psikiatria Akademia Amerikarrak) eginiko ikerketa batek zera adierazten zuen: haur kopuru handi batek 3 ordu ematen ditu egunero telebistaren parean. Horrenbestez, telebista oso tresna baliagarria eta indartsua izan ohi da nerabe baten jokaera aldatzeko orduan. Zoritxarrez, telebistan ematen duten edukiaren ehuneko nabarmen bat biolentziarekin lotuta dago eta, era batera edo bestera, gaztetxoari eragin diezaioke. Telebistaren boterea ikusleongan uste duguna baino handiagoa da. Ez genuke manipulatzen utzi behar.

Aldi berean, haur bat telesail, film edota antzerki bat ikusten ari bada eta edukia bortitza bada, gerta liteke momentuan bertan bere agresibitatea handiagotzea eta ikusten duena imitatzen saiatzea. Fenomeno hau lehenbailehen gelditzea komeni da; izan ere, jokaera honek momentuan ez ezik, epe luzean ere eragina izan baitezake.

Horri aurre egiteko, badira hainbat neurri seme-alabak kontrolpean izateko eta telebistaren eragina murrizteko balio dutenak. Oso errazak eta eraginkorrak izan ohi dira:

  1. Irudia: jarmoluk [Pixabay, CC0 Public Domain]

    Irudia: jarmoluk [Pixabay, CC0 Public Domain]

    Zer ikusten ari diren kontrolatu.
  2. Denborari mugak jarri.
  3. Indarkeria azaltzen diren telesailak saihestu.
  4. Filmean antzezleak gezurretan ari direla, baina indarkeriak mina dakarrela adierazi.
  5. Biolentzia ez dela arazoen konponbidea irakatsi.
  6. Guraso ezberdinen artean neurri hauetaz hitz egin eta ondorioak atera.

Telebistaren eragin kaltegarriak saihestu beharrean gaude, nerabeak modu positiboan hez daitezen eta gizarte osasuntsu bat izan dezagun. Ezin gara telebistaren menpe bizi. Ezin dugu manipulazioa onartu. Horren ordez, gure nerabeek besteekin erlazionatzen, kalera ateratzen, jolasten, harremanak sortzen eta familiarekin elkarrekintzak izaten ikasi behar dute, hau da, sozializatzen. Telebistaren aurrean igarotzen dugun denbora kontrolatzen eta edukiek guregan eraginik izan ez dezaketen saiatu behar dugu.

Comments { 0 }
-->