Archive | orokorra

RSS feed for this section

Kontsumismorik gabeko benetako gabonak ala gabonik gabeko benetako kontsumismoa?

Urtero bezala gabonak iritsi dira eta hauen inguruan hausnarketa txiki bat egitea bururatu zait. Denok dakigun bezala, zorionez edo zoritxarrez, Gabonak gertukoenekin otordu oparo batez gozatzea baino askoz ere gehiago bilakatu dira: janariak erosterakoan eta jaterakoan ere egiten diren gehiegikeri guztiak, opariak erosi beharra… Dudarik gabe, 24ko Gabon kantetan bakarrik dirau egun berezi hauetako kutsu erlijiosoa.

Baina nolatan horrelako aldaketa 35-40 urteren buruan? Ez daukagu aiton-amonak gazte ziren garaira joan beharrik, aldaketa hauetaz jabetzeko. Gure gurasoek ere sumatu dute aldaketa hau, galdetzea besterik ez daukazu ea umetan zer nolako jostailuak jasotzen zituzten. Asko eta askorentzat errege eguneko aingira txikiaz gozatzea jada festa galanta bilakatzen zen. Gaur egun, ordea, Action man sea atak partez, Action man artic storm erosten badiozu umeari, prestatu zaitez familia osoaren aurrean benetako liskarra jasateko. Agian, askorentzat hau gehiegikeri bat izango da, baina errealitatetik asko urruntzen den kasua ez da, behintzat.

Eta egoera harrigarri honen erruduna nor da, bada? Segur aski, segundo erdira multinazionalak, zentro komertzialak, telebista… hitzak mahai gainean dantzan izango ditugu. Bai erraza baita benetan bakoitzaren burua zakutik ateratzea. Eguneroko iragarki luzeak, loteriaren ilusio guztia, Ferrero Rocher edo Suchard turroia berriz ere supermerkatuan… burua jaten digute kontu horiekin guztiekin, edo burua jaten uzten gara? Ahaztu nahi diren miseria urteak biharamun ederra utzi dute gaur egungo gizartean. Gutxi izan zuten garai haietatik irten, eta mahaia topetaraino betetzeko gogo horrek bat baino gehiagoren poltsikoa husten ditu eta, kontu guztietan bezala, askoz ere gutxiagoren poltsikoak izugarri bete.

Tranpan erori ala erortzen utzi? Kaleetako argi deigarrien errua ote? Edo burua puzten ari zaigun haur tematiarena?

Galdera hauek luzatzen dizkizuet denoi familiarekin zaudetenean hitz egiteko, luzerako gaiak baitira eta mus partida aurretik giroa berotzen lagunduko dizuete.

Besterik gabe, zuen iritzia sakondu nahi baduzue, artikulu interesgarri batzuk irakurtzeko gomendioa luzatzen dizuet. Nik oso gustura irakurri ditut horietako batzuk. Artikulu asko daude interneten eta aski duzue googlen “consumismoâ€? eta “navidadâ€? edo “gabonakâ€? hitzak elkarrekin bilatzea. Nik hau oso gogoko izan dut: Navidad consumismo-explosivo, egoera hau gure lurraldera bakarrik mugatzen ez dela baieztatzeko aukera izango duzue…

Eskerrak ,oraingoz, behintzat, Gabon garai hauetan agurtzea debalde denik, beraz, ZORIONAK ETA URTE BERRI ON!

Comments { 2 }

Euskaljakintzatik zorionak eta Urte Berri on!

Ez nuen espero, baina, azkenean, Olentzeroren izpirituak ni ere kutsatu nau!!! Lankide, senitarteko eta abarren zorion birtual eta ez-birtual ugari jaso ondoren, hementxe natorkizue, Ordizian abesten diren bertso hauekin, denoi ZORIONAK ETA URTE BERRI ON opatzera!!

Bertso Batzuek

Bertso batzuek orain
ditzagun kantatu.
Zuek hasi zarete
eta guk jarraitu.
Tristerik dagoena
dezagun alaitu.
Aspertzen garenean
isilduko gaituk.

Gabonak direlako
gabiltza kantari.
Neska eta mutiko
denok bertsolari.
Eustsi nahi genioke
ohitura zaharrari.
Pake eta Zorion
entzule denori.

Olentzero jaunari
egin denok kanta.
Asto baten gainean
laister dator eta.
Bihar azalduko da
jostailuz beteta.
Euskal Herriko haurrak
ez dauzka ahaztuta.

Kanta dezagun orain
txandaka azkena.
Bertantxe bukatzea
izango da onena.
Igaro ezazue ba
guztiok gau ona.
Datorren urtera arte
besarkada bana.

(Ordizian abesten den bertsoa)

Gabonak.com-etik ateratako bertsoak.

Comments { 0 }

Ordiziako Gaztetxeak XIX urte

ZORIONAK ETA URTE ASKOTARAKO!!!!!!!

Ordiziako Gaztetxea Duela 19 urte ereindako hazitik gaur arte handituz joan den zuhaitza belaunaldi ezberdinen gerizpe izan da. Bere bizitzaren ibilbidean, jende ezberdinaren, ideia anitzen topagune izan da, guztiak amets berdin bat egia bihurtu nahian: Gaztetxeak bizirik irautea!

Euskal Herrian “Rock Radikal Vasco� mugimendua suspertu eta zabaltzearekin batera, herriko hainbat musika-taldek Udaletxera jo zuten beren entsaiuetarako lokal bat eskatuz. Baimena lortu eta orduko mediku etxea zenaren behe solairua eskuratu zuten. Mugimendu erakargarri honek jendea kaletik lokalera bertaratu zuen. Bilgune baten premia ase nahian, apurka-apurka gainontzeko solairuak ere okupatu zituzten, eraikuntzaren jabe egin ziren arte. Guztien esku eta izerdiz, etxea zaharberritzen hasi ziren baita Gaztetxea dinamizatzen ere, Ordiziako Gazte Asanblada sortu zelarik. Egunez eguneko bizitza suspertzearen alde makina bat jarduera zein ekintza burutu dira beti ere sektore kontserbadoreenen begirada zorrotzaren mehatxupean.

Oztopoak besterik ez ditu izan eguneroko jardunean normaltasun osoz aritzeko: Udaletxea luzaroan saiatu da Gaztetxea herriaren bizitzatik desagerrarazten. Itxiko dutelako mehatxua ez da ez gaurko kontua! Alabaina, guk hemen jarraitzen dugu zutik eta tinko. Saiatu dira, halaber, Gaztetxeari ez zegokion itxura eskasa jendartean saltzen. Orduko heroina trafikoaren erantzule egin gintuzten! Eskuak garbitzeko modu erosoa… Zenbait heroinomanorekin ere izan genituen hamaika arazo, Gaztetxeari su eman baitzioten eta Arlote irratia suntsitu. Suhiltzaileek sugarrak itzali zituztenerako, lehen bi solairuak kiskalita geratu ziren. Hau gutxi izan ez, eta Udaletxeak Arlote irratia Gaztetxetik kentzea erabaki zuen. Gaztetxea berreraiki eta martxan jarraitu zuen.

Urte gogorrak izan dira eta era guztietako zailtasunak gainditu behar izan ditugu. Jendearen ilusioak ez dira, ordea, sekula itoak izan eta beti egon gara prest egoera gogorrenei ere aurre egiteko.

EZ GAITUZTE GELDITUKO!!!
GAZTETXEA BIZIRIK!!!

Comments { 7 }
-->