Archive | sailkatu gabe

RSS feed for this section

Zer da Atariko Proba?

Zer da ATARIKO PROBA?

1.– EGAren idatzizko eta ahozko azterketetan parte hartu ahal izateko, aukera anitzeko galdekizunez osatutako Atariko Proba gainditu behar du azterketariak, aldez aurretik.

2.– Atariko Proba horrek ehun galdera ditu. Galdekizun horiek launa aukera dituzte, entzutezko ulermena neurtzeko galderetan izan ezik (horietan hiruna aukera izango dira).

3.– Atariko Probak ordubete iraungo du. Azterketa Batzorde Ofizialaren Zuzendaritzak entzutezko ulermenaren grabazioa entzun eta dagozkion galderei erantzuteko finkatzen duen denbora gehitu behar zaio ordubete horri.

4.– Entzutezko ulermena neurtzeko 18 item izango dira gehienez eta 12 gutxienez.

5.– Entzutezko ulermena neurtzeko galderei dagokien grabazioa behin bakarrik entzungo da.

6.– Atariko Probaren gainerako galderek euskararen erabilera zuzen eta egokiaren edozein alderdirekin izango dute zerikusia. Honako arlo hauetan banatzen dira galderak:

  • ahozko hizkuntzan oinarritutakoak;
  • testuinguru jakinetarako esaldien egokitasuna neurtzen dutenak;
  • esaera eta esamoldeak;
  • lexikoa;
  • morfosintaxia (lau azpi-multzotan banaturik: deklinabidea eta posposizioak; aditz morfologia; perpausak (koordinatuak, txertatuak, galdegaia); partikulak (ere, elkar…), atzizkiak eta juntagailuak);
  • batua jakitea;
  • hizkuntza idatziaren ulermena;
  • beste batzuk (datak eta orduak, matematika-formulen eta eragiketen irakurketa, puntuazio-ikurrak).

Galdera hauek azterketan bertan nahasian aurkezten zaizkio azterketariari.

7.– Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat emango zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik, aldiz, ez da punturik kenduko.

8.– Gainditze-muga 75 puntukoa da; muga hori berdintzen edo gainditzen duen azterketari oro azterketaren hurrengo zatira aurkeztu ahal izango da, inolako «numerus clausus»-ik gabe.

9.– Aurreko puntuaren arabera, baldin eta azterketa idatzira pasatzeko direnen kopurua egun horretako Atariko Probara aurkeztu direnen % 50era iristen ez bada, azterketari onartuen multzoa zabaldu egingo da. Era honetan: 75 puntuko gainditze-mugara iristen ez direnen artean, hurbileneko azterketariak ere onartu egingo dira, egun jakin horretako gainditze-ehunekoa % 50era hurbildu arte.

10.– Egun horretako gaindituen multzoa horrela zabaldurik, hamartarrak biribildu ondoren, azterketa idatzira pasatu beharrekoen kopurua % 50era zehatz biltzen ez bada, honela jokatuko da: gainditu horien kopurua ehuneko horretatik hurbilen uzten duen puntu kopurua hartuko da gainditze-mugatzat.

11.- Azterketariak erreklamazioa eginez gero, azterketaren birzuzenketa eskuz egiten da eta, ondoren, irakurgailu optikoak emandako notarekin alderatzen da.

Comments { 0 }

euskaljakintzak urtebete!

Urte bat pasa da gure lehengo artikulua idatzi genuenetik; beraz, ofizialki gaur gure urtebetetzea da. Benetan zaila egiten zait idazten hastea, hainbeste proiektu, jarduera, ariketa, itzulpen, aurkezpen…ez da erraza blogak eman duena esaldi gutxi batzuetan laburtzea, ez. Baina nonbaitetik hasi behar eta hasteko, proiektuaren jaiotzari buruz mintzatuko naiz.

Aurreko urteetan, nire DBHO 2ko euskarako ikasleak ez nituen batere motibatuta ikusten, hobeto esanda, ez nuen nik lortzen beraien euskarekiko jakin-mina piztea inondik ere. Aurreko ikasturtearen helburua EGAko titulua ateratzea izanik, behin hori lortuta (gehiengo batek), eta kontuan izanda hautaprobetan ez dutela eduki aldetik ezer berezirik eskatzen (literatura…), izugarri kostatzen zitzaidan beraien interesa neureganatzea. Zertarako ikasi behar dugu hau gero ez badute selektibitatean galdetu behar? Hauxe izan da azken urteotan gehien entzun dudan galdera. Beraz, zerbait gaizki egiten ari nintzen; nire teoria guztiak azalduta ere, ez nuen beraien pentsamendua aldaraztea lortzen! Arazo hau abiapuntu eta IKTeroon artean hamaika aldiz hitz egindakoari eutsiz, nire gaiaren planteamendua iraultzea erabaki nuen: Euskara eta teknologia berriak uztartzeko asmoz, blog bat sortuko nuen. Artean, helburuak garbi nituen:

  • Euskara jakintzagaian DBHO 2n eman beharreko edukiak teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak erabiliz jorratu (sarean dauden baliabideei onura atera).
  • Euskarazko irakurmena, idazketa eta ahozkotasuna kilikatu.
  • Aprendizaia aktiboa bultzatu.
  • Talde lana sustatu (elkarrekin lan egiten ikasi).
  • Ohiko irakasle/ikasle “rolakâ€? aldatu (denok denongandik ikasi: ikasleek irakaslearengandik, ikasleek beste ikasleengandik eta baita irakasleak ikasleengandik ere).
  • Ikasleen ikaskuntza prozesuan euskarri digitalaren erabilera sustatu eta indartu.

Proiektua abian jartzeko hainbat zailtasun izan nuen. Hasteko, nire lankide adituen aldean, informatikako nire ezagutza guztiz urria eta eskasa zen (behin baino gehiagotan pentsatu izan dut ez ote nintzen ur sakonegietan sartzen ari). Halere, prest nengoen ikasteko eta proiektu berriak ematen zidan ilusioa nire ezagutza pobreari gailendu zitzaion. Horrela, udan lanari ekin nion zetozen zailtasunei ahal nuen moduan aurre eginez.

  • Blogak ohiko testu liburuaren papera ordezkatzea nahi nuen. Nola sartu bertan testu liburuko eduki guztiak? Horrek webquestak ezagutzera eraman ninduen. Konturatu nintzen ez nituela eduki guztiak blogean behar, egin behar nuena zela beraien esku jarri informazio iturri ezberdinak eta beraiek bultzatu material hori sortzera. Webquestak tresna erabat egokiak suertatu dira lanketa mota honetarako eta, gainera, aprendizaia askoz ere aktiboagoa bihurtu da. Baliabide honek, gainera, beste hainbat ezagutzeko bidean jarri gaitu (wikiak…).
  • Aurrekontu eta hosting propioa ez izateak ekarri dit buruhauste bat baino gehiago (buruari izugarri eragin behar izan diot dokumentuak, txostenak, bideoak, argazkiak…materiala, azken finean, sarean kokatzeko).
  • Ikasleek nik uste baino gutxiago menperatzen zuten ordenagailua hasiera batean eta proiektuaren berri zein zerbitzuetan alta ematen (posta elektronikoa, writely, blogsome, gravatar…) pentsatzen nuena baino denbora dezente gehiago pasatu genuen.
  • Ikasgaiaren balorazioaz. Gaia modu berritzaile batez fokatu behar banuen,  ezin nuen betiko azterketa sistema erabili. Koherentzia pixka bat eman behar nion planteamenduari. Horrela, baloratzeko sistema aldatu dut eta, nahiz eta hainbat eduki kontzeptualen neurketarako azterketa klasiko bat egin, azken emaitzaren zati txiki bat baino ez da izan (baloratutako besteak: taldean ekoiztutako txosten idatziak, taldean sortutako multimedia aurkezpenak -honen ahozko aurkezpena barne-, gure blogean idatzitako artikuluak…). Honekin nahiko gustura gelditu naiz, denok baitakigu betiko eskemetatik ateratzea zenbat kostatzen zaigun, maila hauetan, batez ere!

Zailtasunak alde batera utziz, aitortu beharrean nago hasieratik proiektuak harrera ona izan zuela ikasle gehienengan (beti dago bat edo beste tramankulu hauekin moldatzen ez dena eta denerako zailtasunak ikusten dituena, noski!).

Bloga tresna bereziki egokia da, nire ustez, hizkuntzak lantzeko. Edukiak jorratzeaz gain, ikasleak idazle-kazetari bihurtu ditu. Beraien artikuluak argitaratu dituzte jakitun izanik kanpotik ere irakurleak badituztela (aurki.com-en azaltzea oso garrantzitsua izan da beraientzat, baita Julen Gabiria idazleak edo Joxe Aranzabal HUHEZIko irakasleak, esaterako, goiari eusteko esateko idatzi zigutenean). Honek, aparteko motibazioa emateaz gain, arduratsuago bihurtu ditu (euskara egokia erabiltzen saiatu dira, blogean sartutako baliabideak hasi dira erabiltzen –hiztegi batua, sinonimoak, euskara-gaztelera hiztegiak, antolatzaileak eta abar). Halere, arlo honetan oraindik badago zer landu eta hobetu!

Gainera, ikasleek proiektua berea egin dute eta hori oso motibagarria izan da niretzat. Partekatzeari garrantzi itzela eman diogu elkarrengandik etengabe ikasiz, aprendizaia askoz ere dinamikoagoa bihurtu da, komunikazio arloak (ikasleen artean eta irakaslearekin) ohiko mugak gainditu ditu (posta elektronikoaren erabilera arrunta denon artean, etxetik, eskola orduz kanpo, idatzi dituzten artikuluetan erantzunak…). Laburtuz, motibazioa piztu da!!!

Ikasturtea amaitu da  eta atzera eginez, hilabete hauetan lanketa interesgarri bezain aberatsak abian jartzeko aukera izan dugula gogoratu nahi dut (informatikako aplikazio ezberdinak itzuli, esamolde eta sinonimoak jorratzeko ariketak sortu, istorio
elkarreragileak
ekoiztu, DBH 1ekoen irakasle bihurtu, sarean zehar barreiatuta dagoen euskara lantzeko materiala bildu…).  Egindako guztia, gainera, gure filosofiarekin bat eginik, denon eskura jarri dugu.

Hurrengo urteari begira, euskaljakintzarekin jarraitzea pentsatzen dut. Dena den, kideak ezberdinak izango direnez (ikasleen profila erabat aldatzen da), plana euren beharretara egokituko dut baina funtsean arestian aipatutako helburuei eutsiz. Honetaz gain, egitasmo anitz dut buruan. Esate baterako, Euskaljakintza (euskara DBHO 2) zein nire beste irakasgaiak (euskara DBHO 1, ekonomia DBHO 1, ingelesa DBH 4 eta tutoretza DBHO 1) Moodle plataforman integratuko ditut bakoitzarentzako ikastaro bat sortuz. Ikasgai hauei dagozkien edukiak, jarduerak, egutegia…sarean jarriko ditut tresna ahaltsu honek eskaintzen dituen aukerei ahal dudan etekina ateraz eta IKTen integrazioan beste urrats txiki bat emanez. Irrati-nobela bat sortu podcast-ak indartuz eta ahozkotasuna landuz eta euskal wikipedia zabaltzen lagundu ere gure helburuen artean kokatuko ditut, besteak beste.

Ilusioz beteta hasi nintzen duela urtebete eta ilusio hori bikoiztua dut une honetan. Garbi daukat  gogo hori esna mantentzearen arrazoia neurri handi batean nire ikasleen jarrera izan dela. Nola eskertu eman duten guztia? Euren interesa, lana, ekinkortasuna, laguntzeko eta partekatzeko prestutasuna…  Baina, gauzak diren bezala, IKTen alor honetan munduko borondate onena izanda ere, aldamenean buruan dituzun ideiak aurrera ateratzeko laguntzarik ez baduzu, egitasmo ugari bertan behera gelditzen dira. Ez da nire kasua izan; izan ere, edonork bere aldamenean nahiko lituzkeen lankideak izan baititut gertu-gertu. Ez dago esan beharrik jolaus eta magic (magic eta jolaus) IKTeroez ari naizela. Euskaljakintzak ez luke urtebetetzea, ez hilabetea ez minutua ospatuko beraien etengabeko laguntzarik gabe eta hori ez da mila esker esanda eskertzen!
😉

Aurreko guztiak hasieran finkatutako helburuak gainditzera eraman gaitu. Ikusten duzuen bezala, balorazioa guztiz baikorra da. Halere, ezin dugu ahaztu IKTak gure eguneroko jardunean normaltasun osoz integratzeko oraindik asko dagoela egiteke (duela gutxi jolausek idatzitako artikulu mamitsuan garbi gelditu zen legez), gauza asko ikasteke. Aurreiritzi ugari baztertzen saiatu beharko genuke bai ikasle eta baita irakasleok ere (ordenagailuak jolasteko dira, denbora galtze bat, hezkuntza eredua ezin da aldatu, gurasoen sinesgaiztasuna horrelako proiektuetan…)

Nire uste apalean, berrikuntza baten atzean proiektu serio eta landu bat badago (ez inprobisazio hutsa) eta, batez ere, irakasleak eta zuzendaritzak (gure kasuan gertatu den bezala) erabat sinesten badute berrikuntza horretan urrats handi bat emanda dago. Arriskatu ere (neurri batean) egin beharko genuke. Irakasleoi ahoa betetzen zaigu ditugun zailtasunak eta presioak aipatuz, baina askotan zailtasun horien atzean ezkutatzen gara betikotasunean mantentzeko. Nola aldatu nahi dugu hezkuntza sistema banakakook aurrera pausoak ematen ez baditugu? Administrazioaren zain geldituko gara? Bestalde, hainbestetan aipatu dugun klaustroaren papera guztiz garrantsitsua eta erabakiorra izaten da gure ikastetxeetan. Askotan, gainera, ezkorra izaten da eta zaila da egun batetik bestera ezkortasun hori aldatzea. Niri bururatzen zaidan modu bakarra talde txikietan lanean hastea da: benetan bidea hau dela sinesten dugunok elkarrekin lan eginez, besteen interesa pitz dezakegula pentsatzen dut.

Alde horretatik, Jolausek hainbatetan aipatu duen moduan, gure ikastolan gero eta gehiago gara aurrera begiratu nahi dugunok. Ez bakarrik IKTen integrazioari dagokionean, baita beste hainbat alorretan ere (kanpotarren integrazioa, eleaniztasuna, ikasleen gertuko jarraipena…). Batzuetan ez dugu asmatzen baina garbi daukat ez garela besoak gurutzatuta gelditzen arazoak eta berrikuntzak noiz eta nondik etorriko zain, aurre egiten saiatzen garela.

Amaitzeko, askotan pentsatzen dut hondorik gabeko putzu batean sartu garela/naizela: zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago jakin nahi (eta hori, uneoro gauzak aldatzen doazen teknologia berrien eremuan, zenbaitetan neketsua izan daiteke). Edonola ere, garbi daukat: esparru honetan inongo erraztasun eta ezagutza kaskar honekin honek aurrera badarrai, edonork egin dezake! Beraz, nire jakin-mina ikasleei kutsatzen saiatzeaz gain, beste irakasleak ere horrelako proiektuetan murgiltzera animatu nahi ditut; izan ere, gozoak gaziak baino askoz ere gehiago izan baitira urtebeteko ibilbide honetan…

Comments { 3 }

ELKARRENGANAKO BEGIRUNEA

Elkarrenganako begirunea

BEGIRUNEA konpainiak, afrikar eta euskal kulturen nahasketa bat baino gehiago, bi kulturen partekatzea erakusten duen agerraldi berri bat sortu du. Kalitateko agerraldi intimista eta aldarrikari hori Miarritzeko gaztetxean aurkeztu zuten zuten duela gutxi.

Jakina da helduek isilpean pentsatzen dutena haurrek natural-natural oihukatzen dutela. Jakina da, halaber, Iparraren eta Hegoaren arteko harremanak ez direla beti baketsuak izan. Eta bukatzeko, jakina da nortasun harrotasun soberak ezberdintasuna gaitzestea bultzatzen duela. Aurreiritzi horietatik guztietatik abiatuz, BEGIRUNEA konpainiak dantza, antzerkia eta perkusioa nahasten diteun sorkuntza bat aurkeztu berri du.

Aipaturiko konpainia sei kide gaztez osatua da: bi dantzari, hiru musikari eta teknikari bat. Hiru afrikar eta bi euskaldun. aspalditik dabiltza dantza eta musikaren munduan. Batzuek makila handi dantza ikasten zuten bitartean, besteek sabaar dantza ikasten zuten. Batzuek txalaparta jotzen zuten bitartean, besteek djembearen larruari oihu eginarazten zioten. Bi ibilbide gurutzatu egin dira, eta sortu da bi kulturak nahasteko proiektua.

Bederatzi hilabete entseguak egiten pasa dituzte taldeko kideek. Dantzak ikasi, mezua zorroztu, musika idatzi, argiak osatu, antzerkia landu… Bi haur ezberdinen arteko topaketa kontatzen du ipuinak, modu sinplean. Bakoitzaren harrotasuna dela eta, hasieran ez dute elkar ulertu nahi. Baina laster komunikatzeko tresna berri bat atzeman dute: dantza. Ohartu dira dantza adierazpen molde unibertsala dela eta elementu komunak atzeman daitezkeela hain urruneko diruditen bi kulturen artean. Mezuari dagokionez, mestizaia eta tolerantzia goraipatu nahi dituzte. Eta mezu hau hedatzeko, antzerkia eta dantza nahasi behar izan dituzte.

BEGIRUNEA konpainiak hedatzeko xedea dauka. Euskal Herri osoan ibili nahi lukete. Horrez gain, eskoletan ibili nahi lukete. Konpainiako kide batek dionez “nahi genituzke ordu erdiko prestakuntzak eskaini eskoletan: ordu erdiz afrikar dantza, ordu erdiz euskal dantza, ordu erdiz perkusioa… eta bukaeran gure sorkuntza emanen genuke haurren aitzinean. Biziki hezitzailea litzateke haientzat eta guretzat. Horretarako prestaketa bat behar da, baina lortuko dugu”.

Espero dezagun proiektu sendo horrek behar duen sostengua lortzea. (www.matraka.info/erreportaia)

A) ULERMENA (2 puntu)

      1. Zer aurkeztu berri du BEGIRUNEA konpainiak?
      2. Zer bultzatu nahi du sorkuntza honekin?
      3. Zergatik aukeratu dituzte dantza eta antzerkia?
      4. Ezberdinatasuna gaitzestea ona al da? Zergatik?

B) GAIA ETA LABURPENA (Gehienez 8 lerro) (2 puntu)

C) MOLDATU ESALDIAK (Ondorengoetatik dagokiona aukeratuz: esate baterako, ordea, ondorioz, beraz) (2 puntu)

      1. BEGIRUNEA konpainiaren proiektua oso interesgarria da / Espero dezagun proiektuak behar duen sostengua lortzea.
      2. Dantza adierazpen molde unibertsala da/ Dantzaren bidez urruneko diren bi kulturen arteko elementu komunak adieraz daitezke.
      3. Nortasun harrotasun soberak ezberdintasunak gaitzestea bultzatzen du / BEGIRUNEA konpainiaren lanak elkar ulertzea bultzatzen du.
      4. Komunikatzeko tresna ezberdinak erabiltzen dituzte / Musika, dantza eta antzerkia dira aukeratu dituzten bitartekoak.

D) IDAZLANA (20 lerro) (4 puntu)

Gaia: Elkarrenganako begirunea.

  • Kultura ezberdintasunak eta batak bestea ez ezagutzeak sortzen dituen gatazkak.
  • Ezberdintasunak aberasgarri
  • Zer egin elkar ezagutzeko: testuan agertzen den esperientziaren balorazioa.
Comments { 0 }
-->