Behin baino gehiagotan, erantzun zailak dituzten galderak etortzen zaizkit burura. Aurreko batean, zoriontasuna zer izango ote zen pentsatzen aritu nintzen, non aurkitu nezakeen, zein gauzarekin izan gaitezkeen zoriontsu… Buruari ehunka bira ematen ari nintzela, historian zehar zoriontasunari buruzko esaldiak bilatzeari ekin nion:
- ” Zoriontasuna ez da nahi duguna egitea, egiten duguna maitatzea baizik.” Jean Paul Sartre
- ” Besteak zoriontsu garela sinisteaz gehiago arduratzen gara, gu geu zoriontsu izateaz baino.” François de la Rochefoucauld
- ” Munduko gizonik zoriontsuenak, besteen merezimenduak aitortu eta haien zoriontasunaz eurena izango balitz bezala pozten dira.” Johann Wolfgang Goethe
- ” Une onak egoten dira; baina ez izutu, ez dute irauten.” Jules Renard
- ” Gure bizitza atsegina izan dadin, besteena atseginagoa egitean datza.” Albert Guinon
- ” Gizakiaren zoriontasuna ez da gutxitan gertatzen diren zorte handiekin lortzen, egunero gertatzen diren gauza txikiekin baizik.” Benjamin Franklin
- ” Ez da guk daukaguna, gu geu garena baizik.” Henry Van Dyke
Harluxet Hiztegi Entziklopedikora ere jo nuen, zer edo zer desberdina aurkitu nahian, baina ez nuen ezer ezberdina aurkitu:
Zoriontasuna: iz. 1. Pozezko edo atseginezko egoera. 2. Pertsonak dituen nahiak betetzearen eta bizitza berak nahi duen eran gertatzearen ondoriozko egoera gogobetegarria.
Beharbada, buruari buelta gehiegi eman nizkion hainbeste esaldiren esanahiaren bila; azkenean, baina, iritsi nintzen zoriontasunari buruzko galdera zail haren erantzunera: zoriontasuna tximeleta bat bezelakoa da, zenbat eta harengana gehiago hurbildu nahi izan, orduan eta gehiago urrunduko da zugandik; lasaitasun osoz beste zereginetan bazabiltza, ordea, halako batean zugana etorriko da. Hori da, bai, zoriontasuna! Guztiz ados nago lehen aipaturiko esaldiekin; hala eta guztiz ere, zoriona edukitzea bakoitzaren esku ez dagoela uste dut, baina bai zoriontasuna merezi izatea. Egia esan, gutxi dira zoriontsu izateko aukera ez dutenak, eta are gutxiago, aukera hori aprobetxatzen dutenak. Agian, zoriontasuna gehiago balioetsiko bagenu, dena desberdina izango litzateke; hori, ordea, ez da gertatzen; izan ere, zenbat eta zoriontsuagoa izan, orduan eta gutxiago hartzen baitugu aintzat.
Claudio de Otaeguik zoriontasunari buruz idatzitako olerkiaren zatitxo honek beste ikuspuntu bat ematen du:
¡Aek amets gozoak! ai zer oroimenak,
Inchaur ta gereizpean pasa giñuzenak!
Zorigaiztoan egiñ giñien agurrak,
Bizitutzeko emen egiñaz negarrak!
Ez bezaio iñori eman konsejurik
Datorrela onera euskaldun gazterik:
Baleki zeñen ogi miña jan dedan nik…!
Ez luke sinistuko…. nagoan isillik!
Gisa onetan dira geienak mintzatzen
Urez beste aldera diradenak juaten.
Zulatzean beatza dirade oroitzen,
Ez dala arantz gabeko larrosik arkitzen:
Ez dutela izango iñon atsedenik,
Saleche, borda eta baserrian baizik;
Ezta ere sekula mundu ontan onik,
Euskal-erri zorora itzuli gaberik.
Mundurik ez dezuten gazteak, begira;
Ez juan atsegin billa, iñondik iñora,
Mendi zoragarriak utzita kanpora;
Bada emengo doiak zerutarrak dira.
Bakoitzak zoriontsu izateko uneak izango ditu; dena den, bilatzen saiatzean, okertu egiten dira gauzak. Ondorioz, besteak zoriontsu izateko gure esku dagoen guztia egitea da gelditzen zaigun egiteko bakarra. Baina hori egitean, ez al zaigu zoriona gure barnean pizten?
Zoriontasuna bizi izan ditugun une onak gogoratzean ere aurki dezakegu. Jarraian duzuen bideo honetan, Lauraren hitzek haren ikaskide eta lagunei zoriontasuna igortzen saiatu ziren. Baita seguruenik lortu ere!
Informazio gehigarria:
- Claudio de Otaeguik zoriontasunari buruz idatzi zuen olerkia
- Zer da zoriontasuna? (bideoa, gaztelaniaz)
- Zoriontasuna (bideoa, gaztelaniaz)
Iruzkin berriak