Zalditik gurdira, txirrindutik motorrera eta azken honetatik autora egin dugu salto. Autoa gure egunerokotasuneko ezinbesteko protagonista bilakatu da, lehen aberatsenek baino ez bazuten ere halako tramankulua herriko bideetako eskaparatean erakusteko aukera. XXI. mendea dugun honetan, guai eta arraroen arteko galbahe bihurtu da ibilgailuaren jabetza.
Berrian aurkitu dudan artikulu baten esanetan, oraindik ere EAEko joan-etorri gehienak oinez egiten diren arren, joera hau %4 jaitsi da; autoz egiten direnak, aldiz, areagotu. 2003an, 2,75 lekualdatze egiten bazituen pertsona bakoitzak egunean, orain 2,98 egiten ditu batez beste, guztien artean 6 milioi joan-etorri egiten direla. Gehiegikeria honek errepideetako istripuak heriotzarako bigarren arrazoi izatea ekarri du. Ez hori bakarrik, gaur egun jasaten ari garen kutsaduraren errua ere, neurri handi batean, automobilaren erabilera masiboari lepora geniezaioke.
Hori horrela, begi bistakoa da irtenbideren baten beharrean gaudela, eta hori garraio publikoa da. Herri txikietan bizi diren gaztetxo eta ez hain gaztetxoek eskolara nahiz lagunartera gurasoen dependentziarik gabe joan ahal izateko, adinean aurrera doazen baserritar pentsionistak asteko erosketak egitera kalera jaisteko, halabeharrez suertatu zaien egoera ekonomikoa dela eta gustura hartuko luketen -baina urrutiegi geratzen zaien lan eskaintzari uko egin behar izan dioten- etorkinentzako eta ,besterik gabe, goizeko seietan jaiki eta fabrikara joan beharra duen bizilagunarentzako pagotxa litzateke.
Jakina baditugula lineako autobusak, trena eta baita taxia ere. Halere, aurrez esan bezala, autoa erabiltzeak gora egin badu, denon eskura ditugun garraiobide horiek denon premiak asetzen ez dituelako izango da. Lurraldebusek, esate baterako, Gipuzkoa osoan sare zabal bat du eta bertako bezeroentzat moduko beherapenak eskaintzen dituen txartelak banatzen ditu. Aitzitik, esperientzia lekuko dudalarik, ordutegiari dagokionez atzerapenak izateaz gain, herri txikietatik pare bat aldiz baino ez dira pasatzen autobusak. Honela bada, errentagarria al da fabrikara orduan heldu behar duen langilearentzat?, komenigarria al da orduan eskolara sartu behar duen nerabearentzat?, motibagarria al da herri txiki batean bizitzea tokatu zaion eta etxera itzultzeko aukera bakar horren menpe egon behar duen gaztearentzat? Ez, ez eta ez.
Renfek ere ardatz garrantzitsu bat du Gipuzkoan eta, ohikoa ez den arazorik ez bada behintzat, ordutegia fin errespetatzen du. Alabaina, esperientzia lekuko dudala, onartezinak dira denontzako egindako garraiobide batek denontzako posible ez diren prezioak ezartzea. Demagun autobusa galdu eta trena hartzea besterik ez zaizula geratzen ondoko herrira joateko: 1,25 euro ordainduko duzu, ondoren geltokitik helmugara oinez joateko. Jo dezagun lagunekin larunbat arratsaldea pasatzera Donostiara joatea erabaki duzun 13 urteko nerabe bat zarela. Bost euro pasatxo ordainduko duzu, ondoren zinera joan eta beste hainbeste gastatzeko bi astetan aurreztu behar izan duzun pagarekin.
Ezinbestean, hau da gure errealitatea: normala deritzogu lauko familia batean hiru auto izateari. Are gehiago, hemezortziak bete bezain pronto, gidabaimena ateratzeko aukera egiten du gehiengoak. Gauzak horrela, garraio publikoa erabiltzea gure bizimoduko ohitura bat gehiago izan beharrean, bakar batzuen borondate izatera heldu gara.
Argi dago gizartearen pasotismo hutsa dela, eta gerora datozenentzat aldaketak egin beharko liratekeela. Dena den, gure pribilegioei uko ez egiteagatik mundua suntsitzen ari garela iragarri duten estatuburuko profetek ere ez dute autobuseko eserlekua halabeharrez partekatzen, eta are gutxiago euren patrikak majo beteko dituzten prezio puztuak jaisten. Bakoitzak bere astoari egiten dio arre!
No comments yet.