Birziklapen hitza entzutean burura etortzen zaiguna zera da: papera, plastikoa, beira eta horrelakoak birziklapen ontzietara botatzea hauekin berriz ere ontzi berriak, liburuak eta beste egin daitezen. Baina ezin dugu ahaztu badagoela beste birziklapen mota bat: objekturen bat zaharkitua geratzen bada, aldatu eta konpondu egiten da, eta berriz ere erabil daiteke.
Lehenengo terminoko birziklapena aspaldidanik ezagutzen dugu. Nahiz eta hasieran hiru zaborrontzirekin hasi, gizakion beharrak handitzen joan diren heinean, ontzi gehiago ezarri dira; hala nola, pilak, arropak, botika eta erabilitako olioa birziklatzeko ontziak.
Bigarren birziklapen motari dagokionez, oraindik oso gutxi ikusten da, baina bada hainbat enpresa horretan lanean. Prozesuak nahiko konplexuak izaten dira; izan ere, material guztia sailkatu egin behar baita. Sailkapen horren ondoren, material askok ez du ezertarako balio izango eta birrindu egingo dute, hondakin motaren arabera tratamendu bat edo bestea jasoz. Berriz ere erabiltzeko moduan dauden aparatuak, ordea, behar dituzten konponketak eta garbiketa sakonak jaso ondoren, bigarren eskuko objektu bezala saltzeko prestatuko dituzte. Ortuellan, esaterako, birziklapen mota hau jadanik egiten da.
Esandakoaren arabera, garbi dago etxetresna elektriko edota gailu teknologiko bat zaborretara botatzen dugun bakoitzean lan konplexua dagoela atzean. Hala eta guztiz ere, guk nahiago dugu aldiro-aldiro aparatu berriak erosi, besteak modaz pasatu direlako, eta zaharrak zaborretara bota. Hori horrela izanik, hori da lehenengo eta behin gerarazi beharko genukeena, ez baita beharrezkoa hain maiz gauzak aldatzen ibiltzea. Horrelako kasuetan ikus daiteke, nire ustez, zein erantzukizun kaskarra dugun.
Estatu mailan dagoeneko badaude enpresak etxetresna elektriko edo puntako teknologia gailuak konpontzen dituztenak, hauek birziklatzea oso kutsakorra baita. Tresna hauek birziklatu nahi badira, China inguruan dagoen herrialde batera bidaltzen dira, batez ere, Guiyura. Baina bertan hainbeste zabor dago, non metal eta azido toxiko asko aurki daitezkeen eguratsean. Honek guztiak bertako biztanleen osasunean eragina du, eta oso ohikoa da zorabioak, migraina, goragalea eta abar pairatzea. Izan ere, prozesu osoan zehar, ez dute inongo segurtasun neurririk hartzen, hau da, ez dute erabiltzen ez eskularru, ez betaurreko, ezta maskararik ere.
Guiyu da zabor elektroniko gehien duen herrialdea; izan ere, lurralde garatu askori, hots, Estatu Batuari, Kanadari, Japoniari…merkeagoa egiten zaie aparatu hauek guztiak horrelako herrialdetara bidaltzea, beraien ingurumena kutsaduratik babestuz.
Ez da hori bakarrik, lurretik pixka bat aldenduz gero, beste kutsadura kasu batzuekin egingo dugu topo. Espaziora bidaltzen diren sateliteekin zabor espaziala sortzen dugu, esaterako. Hau ere gure gehiegizko kontsumismoaren ondorio da; izan ere, espazioko satelite asko ipintzen dira telebista ikusteko, GPSak seinaleak jasotzeko… Uneoro teknologia berritu egiten da eta aplikazio berriak ateratzen dira. Horren ondorioz, aipatu ditugun tresna elektronikoen antzera, sateliteak ere zaharkituta geratzen dira. Honek esan nahi du espazioan dauden satelite askok ez dutela inongo funtziorik betetzen ez daudelako aktibatuta; halere, bertan jarraitzen dute.
Besterik gabe, adierazi nahi dudana da kontziente izan beharko genukeela sortzen ari garen zabor guztiaz, lurrekoa nahiz espaziokoa. Horregatik saiatu behar dugu ahal den zabor gutxien sortzen, eta zabor hori berrerabilgarri izanez gero, erabiltzen jarraitu beharko genuke. Halaber, etxeko zerbaitek ez badu erabilerarik, birziklatzera eramatea izango da aukerarik onena, nahiz eta prozesu honek kutsadura eragin.
No comments yet.