ELKARRENGANAKO BEGIRUNEA

Elkarrenganako begirunea

BEGIRUNEA konpainiak, afrikar eta euskal kulturen nahasketa bat baino gehiago, bi kulturen partekatzea erakusten duen agerraldi berri bat sortu du. Kalitateko agerraldi intimista eta aldarrikari hori Miarritzeko gaztetxean aurkeztu zuten zuten duela gutxi.

Jakina da helduek isilpean pentsatzen dutena haurrek natural-natural oihukatzen dutela. Jakina da, halaber, Iparraren eta Hegoaren arteko harremanak ez direla beti baketsuak izan. Eta bukatzeko, jakina da nortasun harrotasun soberak ezberdintasuna gaitzestea bultzatzen duela. Aurreiritzi horietatik guztietatik abiatuz, BEGIRUNEA konpainiak dantza, antzerkia eta perkusioa nahasten diteun sorkuntza bat aurkeztu berri du.

Aipaturiko konpainia sei kide gaztez osatua da: bi dantzari, hiru musikari eta teknikari bat. Hiru afrikar eta bi euskaldun. aspalditik dabiltza dantza eta musikaren munduan. Batzuek makila handi dantza ikasten zuten bitartean, besteek sabaar dantza ikasten zuten. Batzuek txalaparta jotzen zuten bitartean, besteek djembearen larruari oihu eginarazten zioten. Bi ibilbide gurutzatu egin dira, eta sortu da bi kulturak nahasteko proiektua.

Bederatzi hilabete entseguak egiten pasa dituzte taldeko kideek. Dantzak ikasi, mezua zorroztu, musika idatzi, argiak osatu, antzerkia landu… Bi haur ezberdinen arteko topaketa kontatzen du ipuinak, modu sinplean. Bakoitzaren harrotasuna dela eta, hasieran ez dute elkar ulertu nahi. Baina laster komunikatzeko tresna berri bat atzeman dute: dantza. Ohartu dira dantza adierazpen molde unibertsala dela eta elementu komunak atzeman daitezkeela hain urruneko diruditen bi kulturen artean. Mezuari dagokionez, mestizaia eta tolerantzia goraipatu nahi dituzte. Eta mezu hau hedatzeko, antzerkia eta dantza nahasi behar izan dituzte.

BEGIRUNEA konpainiak hedatzeko xedea dauka. Euskal Herri osoan ibili nahi lukete. Horrez gain, eskoletan ibili nahi lukete. Konpainiako kide batek dionez “nahi genituzke ordu erdiko prestakuntzak eskaini eskoletan: ordu erdiz afrikar dantza, ordu erdiz euskal dantza, ordu erdiz perkusioa… eta bukaeran gure sorkuntza emanen genuke haurren aitzinean. Biziki hezitzailea litzateke haientzat eta guretzat. Horretarako prestaketa bat behar da, baina lortuko dugu”.

Espero dezagun proiektu sendo horrek behar duen sostengua lortzea. (www.matraka.info/erreportaia)

A) ULERMENA (2 puntu)

      1. Zer aurkeztu berri du BEGIRUNEA konpainiak?
      2. Zer bultzatu nahi du sorkuntza honekin?
      3. Zergatik aukeratu dituzte dantza eta antzerkia?
      4. Ezberdinatasuna gaitzestea ona al da? Zergatik?

B) GAIA ETA LABURPENA (Gehienez 8 lerro) (2 puntu)

C) MOLDATU ESALDIAK (Ondorengoetatik dagokiona aukeratuz: esate baterako, ordea, ondorioz, beraz) (2 puntu)

      1. BEGIRUNEA konpainiaren proiektua oso interesgarria da / Espero dezagun proiektuak behar duen sostengua lortzea.
      2. Dantza adierazpen molde unibertsala da/ Dantzaren bidez urruneko diren bi kulturen arteko elementu komunak adieraz daitezke.
      3. Nortasun harrotasun soberak ezberdintasunak gaitzestea bultzatzen du / BEGIRUNEA konpainiaren lanak elkar ulertzea bultzatzen du.
      4. Komunikatzeko tresna ezberdinak erabiltzen dituzte / Musika, dantza eta antzerkia dira aukeratu dituzten bitartekoak.

D) IDAZLANA (20 lerro) (4 puntu)

Gaia: Elkarrenganako begirunea.

  • Kultura ezberdintasunak eta batak bestea ez ezagutzeak sortzen dituen gatazkak.
  • Ezberdintasunak aberasgarri
  • Zer egin elkar ezagutzeko: testuan agertzen den esperientziaren balorazioa.
No comments yet.

Utzi erantzuna

-->