Azken urte hauetan, elektrizitatea sortzeko metodo berriztagarri eta ez-berriztagarrien inguruko eztabaida nahiko handia izan da. Bakoitzaren abantaila eta desabantailak sakonki aztertu ondoren, metodo horietako batzuk garatu eta gure gizartean hedatu dira. Beste batzuk, ordea, guztiz baztertuak izan dira. Baina badago oraindik arazo edo kezka ugari sortzen dituen elektrizitatea lortzeko sistema bat, energia nuklearra alegia.
Energia nuklearra zentral nuklearretan sortzen da fisio edo fusio izeneko bi prozesu ezberdinen ondorioz. Fisioa da orain arte gehien erabili izan den bidea, fusioa orain dela denbora gutxiago deskubritu baitzen. Gaur egun ikusten ditugun zentral gehienak, denak ez esateagatik, fisioarenak dira, eta hauetan uranio izeneko elementu kimikoa erabiltzen da elektrizitatea sortzeko. Zentral nuklearrek kritika ugari izan dituzte, hauek dituzten abantaila eta desabantailak desorekan baitaude, eta, antza denez, desabantailak abantailak baino gehiago baitira.
Nork ez du inoiz aditu zentral nuklearrek tximinia edo dorre batzuetatik ke pila kanporatzen dutela? Egia da hau, baina ke hau ez da arazoa, ez baita kutsakorra. Jende askok kutsakorra dela pentsatzen duen ke honen zatirik handiena ur lurruna da; eta, beraz, ez dio atmosferari kalterik egiten. Hala ere, atmosferara CO2-a botatzen duen prozesu bat beharrezkoa da erregai nuklearra lortzeko. Edonola ere, energia kW bat sortzeko ikatz-zentral termiko batean baino askoz CO2 gutxiago ekoizten da zentral nuklearretan.
Karbono dioxidoaren emisioa txikia izateaz gain, energia elektriko handia sortzen dute zentralek, eta hau, gu bizi garen gizartearentzako, abantaila handia da. Gizakiok energia eta, bereziki, elektrizitatea ezinbestekoak ditugu gure bizitzetan, baina zaila da desabantailak edo eragozpenak ez dituen energia lortzeko sistema bat aurkitzea, eta hori oso argi daukagu: alderdi ekonomikoarengatik ez bada, alderdi ekologikoagatik; eta azken honengatik ez bada, ikuspegi estetikoarengatik. Alabaina, premiazko dugun elementu hau produzitzeko, azkenean, bat edo beste hautatu behar izaten dugu, eta energia nuklearraren kasuan, hondamendi handiak izan dira ondorio.
Energia kantitate handia ekoiztu bai, baina hondakin erradioaktibo kopuru izugarria sortu ere bai. Uranioa erabiltzean sortzen diren hondakinak oso arriskutsuak dira, eta, horregatik, fisioa ezbeharren bat gertatzean ingurunera ezer ez kanporatzeko prestatutako altzairuzko ontzi erraldoi baten barnean ematen da. Gainera, ontzi hau, tximiniarekin batera, segurtasun neurri zorrotzez metro bat eta bi metroren arteko hormigoizko paretez eraikitako eraikuntza baten barnean kokatzen da. Dena dela, Txernobylen jazo zen moduan, gerta daiteke edozein arrazoirengatik hondakin hori ingurumenera igarotzea, laino erreaktibo bat sortu eta pertsonen nahiz animalia eta landare askoren gaixotasun eta heriotzak eragiteaz gain, mutazioak ere sortzea. Beraz, alderdi honetatik bortizki kaltegarria izatera hel daiteke.
Dena den, egokia al litzateke energia eta zentral nuklearrak desagertzea? Baliteke hemendik urte batzuetara guztiz ezabatzea, baina, nire ustez, oraingoz ez da edo ezin da irtenbiderik zuzenena izan. Alde batetik, arriskutsua izan arren, eguneroko bizitzarako beharrezkoa dugun zerbaiten sorrera bermatzen duelako, eta, bestetik, hau ordezkatzeko bide berririk aurkitu arte oso baliagarria suertatuko zaigulako. Ondorioz, zientzialariak orain egiten ari diren bezala, zientzia eta teknologiaren garapenaren hurrengo urrats garrantzitsuenetariko bat energia eta zentral nuklearrei soluzio bat bilatu eta aurkitzea izango dela pentsatzen dut.
No comments yet.