Entzun abian da!

Datorren ikasturtean euskaljakintzakook egitasmo berri bati ekingo diogu. Gure asmoa boz gorako irakurketaren bidez, euskal literatura hobeto ezagutu eta zabaltzen laguntzea izango da. Horretarako, entzun-irakurtzeko gunea, hau da, entzuten irakurtzeko gunea abian jarri dugu: entzun.

Helburu nagusiak

  • Boz gorako irakurketan trebatzea.
  • Irakurzaletasuna bultzatzea.
  • Euskal literaturaz zein autoreez zertxobait gehiago ikastea eta hauen berri ematea.

Zergatik irakurri boz goraz?

Onura ugari ekar dakiguke ahots ozenez irakurtzeak, hala irakurtzen duenari nola entzuleari. Hona hemen Rolling Readers-en emandako hainbat arrazoi (Plec-etik, Proyecto de lectura para centros escolares, ateratakoak):

  • Imajinazioa lantzen du.
  • Eduki kontzeptualak ezagutzen laguntzen digu (koloreak, soinuak, hizkiak, zenbakiak…)
  • Ideia eta kultura kontzeptu berriak helarazten dizkio entzuleari, honen kuriositatea eta kritikotasuna piztuz.
  • Beste gizarte eta errealitateen berri ematen du.
  • Irakurketa ozena egitea kontzentrazio eza duten pertsonentzat lagungarri gerta daiteke. Entzuteak ulermena garatzen du.
  • Entzuteak, gainera, mintzamena hobetzen laguntzen du. Hiztegi berria ikastean, entzuleak hobeto adieraziko ditu bere ideiak zein sentimenduak. Eta denok dakigu zein garrantzitsuak diren gaitasun hauek bizitzarako.
  • Irakurketa ozenak entzulearen irakurzaletasuna bultza dezake, norberak irakurtzeko gogoa pitz dezake.

Zer izan behar dugu kontuan boz goraz ondo irakurtzeko?

  • irakurriKontuan izan entzuleak ez duela irakurriko, zuk esandakoa entzun baizik.
  • Irakurri beharrekoa ulertu.
  • Testua aurretik irakurria eta ozen irakurtzeko prestatua izan.
  • Ahoskera eta ozentasuna zaindu, egokitu.
  • Irakurri behar duzuna zure egin, sinetsi.
  • Doinu aldaketak erabili esalditik esaldira, ulergarritasuna eta atentzioa lortzeko.
  • Ahotsa ez dadila beherantz atera, hartzaileari begiratu.
  • Bereziki motel irakurri.
  • Puntuazio ikurrak etenaren eta doinuaren bidez adierazi.
  • Naturaltasuna bilatu, zure doinua gorde.

Zein urrats jarraituko dugu?

  • Testua irakurri isilean.
  • Berriro irakurri hitz ezezagunak eta zalantzazkoak azpimarratuz.
  • Zalantzak argitu eta hitz ezezagunak begiratu testuaren mezuaz ondo jabetzeko.
  • Testua euskara batuan bada, euskara batuaren ahoskera zainduari buruzko arauak errespetatu.
  • Ahots ozenez irakurri zailtasunez ohartzeko.
  • Ahoskerari dagokion lotura, bustidura eta abar markatu.
  • Puntuazio-marken funtzioari erreparatu eta haien tonu aldaketa markatu.
  • Perpaus nagusi eta menpekoen arteko harremanaz ohartu eta etenaldiak seinalatu, sintagmaren osotasuna errespetatuz.
  • Galdetegia seinalatu aditzekin batera esateko.
  • Bigarren irakurraldi ozena egin seinalatutako ohar guztiak kontuan hartuz.
  • Bortxazko irakurketa ozena egin (mihia eta ahoskera zailduko duen zerbait jarriz ahoan; boligrafoa, adibidez).
  • Ahots gorako azken irakurketa, egoerarako egokiena den tonua erabiliz.

Dena den, ez da batere erraza ozenki irakurtzea: trabatu egiten gara, azkarregi edo motelegi eta intonazio ezaz irakurtzen dugu… Irakurtzea erraza da baina behar bezala irakurtzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula! Beraz, arlo hori behar bezala lantzeko, euskaljakintzako kideok, arian-arian, autore ezagunen ipuin, poesia eta eleberri argitaratuak zein lan argitaragabeak (gureak, esaterako) grabatzen joango gara eta gure gune berrian ipiniko ditugu edozein arrazoirengatik irakurri ezin dituenak entzuten irakurtzeko aukera izan dezan. Jakin badakigu, dena den, norberak irakurtzeak dakarren plazer hori -irudimenezko munduan murgiltze hori- ezin ordezka daitekeela entzumen hauen bidez. Ez da hori gure asmoa. Gure desira euskal literaturara eramango gaituen atea zabaltzea besterik ez da.

Orain arteko grabazioak entzun eta hautatutako autoreei buruz zertxobait gehiago jakin ahal izateko, jo entzun gunera edo egin klik ondorengo ataletan.

Subscribe

Subscribe to our e-mail newsletter to receive updates.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->