Epaile epaituak

arbitroak (FlickrCC, treedork)

Nabaria da betidanik izan dela arbitroen aurkako jokabide bat ikusleen eta jokalarien artetik. Orduan, zergatik erabiltzen da oraindik ere auzian ipintzen dugun figura hori  futbol partiduetan? Erantzuna oso erraza da, arbitrorik gabe ez baitago jokorik. Definizioan argi geratzen den bezala, bere helburua partiduko egoera bakoitzaren aurrean aukerarik egokiena erabakitzea da bi taldeen arteko eztabaida amaiezin bat gerta ez dadin. Gauzak horrela, zergatik kritikatzen dira horrenbeste beltzezkoen  erabakiak? Azken batean, arbitroak ikusten duena bakarrik adierazten du, bi begi baino ez baititu.

Aurreko batean, futbol partida bat ikusten ari nintzela -eta ez naiz lehenengo mailako partidu batez ari, gazte batzuen futbol partiduaz baizik-, sekulako irain sorta entzun nuen arbitroarekiko. Mutil gazte bat zen, 18-19 urte izango zituen gutxi gorabehera, eta ez zen arbitro aditu bat, ezta gutxiago ere; nolanahi ere, mutila saiatzen zen. Eta ikusleak, batez ere gurasoak, jo eta su ari ziren mutil gaixo haren aurka. Lehenengo mailako futbol epaile bat aldarrikatzen zuten, sobra ere euren semeek  kategoria hori ez zutela konturatu gabe. Hala ere, mutil hura, egoerak okerrera jo aurretik, 80 minutuak amaitutakoan, 3 aldiz txistua jo eta burumakur aldageletara sartu zen, ikusleen artetik era guztietako irainak jaurtitzen zizkioten bitartean.

Honelako egoerak astebururo bizi ohi ditugu futbolean eta inork ez ditu salatzen; errazagoa iruditzen zaigu beste aldera begiratzea edo arbitroarekiko gorroto horretara batzea. Azken finean, hark ahal duen guztia egiten du jokoaren pausoak ahalik eta ongien eramateko, honek ez baitu inolako interesik, kategoria baxuetan batez ere, talde batek edo besteak irabaz dezan. Eta guk gure jarrerarekin arazoa areagotu egiten diogu koitaduari, lan erraz eta sinple bat izan beharko lukeenean.

Nahiz eta hau horrela izan, azpimarratu behar dut hau ez dela ikusle guztien artean gertatzen, eta badaudela futbol arbitroa  errespetatzen duten ikusleak ere, hauek jakin badakitelako hori jarrera txoro eta krudela besterik ez dela, eta ez dietela beraien seme-alabei ezertan laguntzen epaitzeko ardura duen gizagaixoarekiko jarrera hori hartuta. Gainera, zein ikasgai emango liekete beren semeei jarrera horretara makurtuko balira? Argi dagoena zera da: semeek gurasoengandik ikusten dutena egiten dute, edo, beste era batean esanda, nolako zura halako ezpala.

Hau guztia esan ondoren, aipatu nahi dizuet beste kirol batzuetan ez dela honelako arazorik sortzen, eta arbitroari zor zaion errespetua handiagoa izaten dela. Adibidez, errugbian. Kirol honetan jokalariek arbitroaren erabakiak ez badituzte errespetatzen,  zigor kolpea adierazten du epaileak eta, egoerak horrela jarraitzen badu, 10 metro zelai gehiago ematen dizkio aurkako taldeari. Gainera, errugbian epaileari hitz egin diezaiokeen bakarra kapitaina da. Hau ez da futbolean gertatzen. Agian, izan daiteke errugbia diziplina handiagoa duen kirola delako, nork daki.

Aurretik esan dudan guztiarekin ez dut esan nahi futbol arbitroak beti ongi egiten duenik, baina argi utzi nahi dut arbitroak, maila baxuetan batez ere, ez duela ezer irabazten gaizki epaituz, eta bera ahal duen guztia ematen saiatzen dela jokoaren gorabeherak ongi eramateko. Horretaz gain, garbi dago, halaber, guraso eta jokalarien artetik egiten zaion kritika masiboak ez duela inongo justifikaziorik; azken batean, futbola joko bat besterik ez baita.

Amaitzeko, eta honetaz guztiaz gogoeta egin dezazuen, zuekin partekatu nahi ditut ondorengo irudiak, Argentinan jazo zen gertaera negargarri batenak.

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->