Aupa, denoi! Gaur Euskaljakintzaren zerbitzu berri batzuei buruz hitz egin nahi dizuet: Stickam eta podcasting-a. Lehengo egunean, hainbeste gustatzen zaidan Patxitrapero preziatuaren blogean sartu nintzenean, stickham bat zuela ikusi nuen. Esan beharra dago, Patxiri izugarri gustatzen zaizkiola horrelakoak (soundblox, pandora…) eta, zergatik ezkutatu, niri ere izugarri atsegin zaizkit argazki-bideo-musika…eskaintzen duten “kutxatxo” hauek!
Ikusi orduko pentsatu nuen: hau nire ikasleentzat! Eta horrela, alta eman eta euskaljakintzan horrelako bat jartzeari ekin nion.
Ondorengoa, argazki pare bat igotzea, abesti batzuk (Xalbadorren Heriotzean, Ken 7… probatzeko eskura nuena) eta, azkenik, bideotxo bat. Honetan denbora dexente pasa nuen eta deskantsu bat behar nuela eta lo kuluxka bat egitera joatea erabaki nuen. Loak hartzeko une zehatz horretan bururatu zitzaidan ondorengoa:
Stickam-ak hiru abesti eta hiru argazki soilik sartzeko aukera ematen du. Beraz, zergatik ez ikasle bakoitzari aste batean aukera eman bere gustuko musika eta argazkiak jartzeko??? Eta horixe da, hain zuzen, egin behar duguna. Gaur hasiko gara eta lehenengo astea Jotari egokitu zaio. Beraz, aste hau Jota edo Maitanerena da oso-osorik. Astean zehar musika aldatu nahi duela? Argazki berriak sartu nahi dituela? Bideotxoren bat gehitu? Bada, bere esku dago eta gu guztiok hori entzutera eta ikustera!
Bigarren berrikuntza, gure Mikeli zor diogu (euskaljakintzako jarraitzaile sutsu bezain emankorra). Atzo, Radio Euskadin elkarrizketa bat egin behar zigutela eta, azken momentuan, ikasleekin egindako lanen baten adibideren bat eskatu ziguten. Nahiz eta nik podcasting edo irratsaioa sartu behar nuen gure lanketarako (azterketa ondoren), oraindik ez nuen gauzatuta eta, magicek, beti bezala argi eta prest, bere podcastinga maileguan utzi zigun geurea martxan jarri arte. Baita grabazio lanetan lagundu ere! Eta horrela gure lehenenengo irratsaioa grabatzeari ekin genion. A ze parrak!
Entzungo duzuen bezala, soinua eta beste guztia, ez dira irratsaio munduan eman diren onenak (eh, Arrate?); baina, tira, ideia ona iruditu zaigu eta pixkanaka-pixkanaka joango gara hobetzen…
Eta, besterik ez (oraingoz). Beta fasean ditugunez zerbitzu hauek, edozein gauza gerta dakiguke. Beraz, patxada eta umore pixka batez hartu beharko ditugu. Zer iruditzen zaizue?
Amaitzeko, gaur oso berri onak iritsi zaizkigu Beasain Idazlan Lehiaketatik. Ez da izango gutako batzuk sarituak izan garela???? Hori jakiteko bihar arte itxaron beharko duzue… (baina nik baietz esango nuke).
No comments yet.