Eta handik gutxira gaur

Eta handik gutxira gaurEider Rodriguez Oreretan jaio zen 1977ko maiatzaren 18an. Joseba Jaka literatur bekaren laguntzaz, bere lehen lana argitaratzeko aukera izan zuen, Eta handik gutxira gaur, 2004. urtean, izugarrizko arrakasta lortuz. Gaur egun, ETBko Sautrela literaturari buruzko saioan parte hartzen du, erredaktore lanetan. Idazleak irakurle proiektuan ere parte hartu du, Arrasateko Udal Liburutegiak euskarazko (idazle euskaldun zein itzulpen) liburuei buruzko iritzi hoberenetarikoak jasotzen dituen liburuskan. Bertan, Eiderrek ez ezik, Arantxa Iturbe, Harkaitz Cano eta beste 7 idazlek ere beraiek gustukoen dituzten hamar liburu aipatzen dituzte, honela 100 liburuko zerrenda osatuz.

Eta handik gutxira gauren hitzaurrea Joseba Sarrionaindiak idatzi zuen, benetan ohore handia Rodriguez bezalako idazle gazte batentzat. Liburua narrazio ezberdinez osaturik dagoenez, 16 denera, arina bihurtzen da, benetan, irakurtzerako orduan. Gainera, idazkera zaindu eta txukun batez idatzirik dagoenez, oso irakurterraza izango da, irakurle gazte eta hain gaztea ez denarentzat ere.

Lehen esan bezala, liburua narrazio ezberdinez osaturik dago, Susana, Gudaria eta Poeta, Anai artea eta Zu eta Ibanen izan ezik, pertsonaiak eta egoerak berdinak dira, hari berari jarraitzen diote.

Gaiak denetarikoak dira, baina oso ohikoak dira sexu harreman edo euskal politikari buruz (euskal presoak…) hitz egiteko orduan autoreak pertsonaiei ematen dien askatasuna eta naturaltasuna. Garaiak askotarikoak dira, Gerra Zibila (lehenengo narrazioan) eta XXI. mendean murgildutako istorioak esate baterako. Narrazioen kokapena guztiz ezberdina da kontatzen duen istorioaren baitan, Euskal Herria, Chiapas, Madril…

Niri gehien gustatu zaizkidan narrazioak Sofako Amodioak eta Galtzerdiak izan dira. Lehenengoan, emakume baten bizitza sentimental nahasiari buruz hitz egiten du. Monike Mikel eta Karlen artean zalantzan dabil, ez daki nor aukeratu. Baliteke hori geure bizitza eta aldamenekoan bizitzatik hain urruti ez egoteak sinesgarritasuna ematen diola istorioari eta oso gustura irakurri dut. Nor izango da gizon aukeratua?

Bigarren narrazioan, Galtzerdiak, protagonista goiz batean aurreko gaueko ezertaz oroitzen ez den gizon bat dugu. Lanera abiatzen da eta bertan bereak ez diren galtzerdi batzuk jantzita daramatzala konturatzen da:

Jantzirik dituen hauek (galtzerdiak) nerabe batenak dirudite, pailazo batenak, urdinak marra laranja eta ubelekin. Galtzerdi absurduak nola edo hala ezkutatu nahi ditu. Prakei beheraka tira die izterretatik, baina ezer ez, ez du lortu. Azkenean, bidaia zutik bukatzea deliberatu du.

Rosari, bere emaztegaiari, kontatu nahiko lioke dena, ez baita ezertaz gogoratzen, baina ez daki zergatik, nahiago du ezer ez esan. Lanean dagoela mugikorrari mezu bat iristen zaio. Zer gertatuko zitzaion gure protagonistari?

Galdera hauei erantzuna bilatu nahi izanez gero, klikatu hemen, Susa Argitaletxeak liburu osoa bere web horrian baitauka. Liburua irakurtzeko aukera izateaz gain, Sarrionandiak idatzitako hitzaurrea irakurtzeko parada ere baduzue. Bestalde, oso interesgarria iruditu zait Xabier Mendigurenek egiten duen kritika, Paperjalearen dieta blogean, bai lan honi buruzkoa baita Lander Garroren Orain galdera berriak ditut lanari buruzkoa ere.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->