OIANGU BIZIRIK!

Oianguren ParkeaAzkenaldi honetan, ordiziar eta goierritarrok badugu inguruan proiektu iraultzaile bat. Proiektu iraultzaile onuragarria batzuentzat eta kaltegarria besteentzat, hain zuzen ere: Oiangu Parke naturalean egingo dena.

Ez dakizuenontzat, Oianguren Parkea Ordizian dagoen gune naturala da. Bertara askotan joan ohi gara batzuk eguna pasatzera, umeekin jolastera…baina gehienbat natur guneaz gozatzera.

Herri honetako udalak bertan hainbat aldaketa egin nahi ditu, naturarentzat kaltegarriak izango diren aldaketak, dudarik gabe. Proiektuaren ardatza bertan eraikiko diren igerilekua, golf zelaia eta paint-ballera jolasteko gunea dira. Honetaz gain, tabernaren handitzea ere aurreikusten da. Beste hitz batzuetan esanda, Oianguko zati handi bat pribatizatu egingo da.

Udalak dio honekin ez dituela gune publikoak kenduko, baina jakin badakigu hauek izugarri eskastuko direla. Gainera, pribatizatuko dituen eremuak ez dira gehienon poltsikorako lorgarriak izango.

Lehen aipatu bezala, naturari egingo dion kaltea izugarria izango da, baita izango duen inpaktu bisuala ere. Hau azaltzeko, ondorengo argazkiak ikusi besterik ez duzue. Bata orain dagoena da: tabernatik gertu dagoen gunea eta aldamenetik pasealekua. Bestea, ordea, montajetxo bat eginda azaltzen da: proiektua burututakoan, hesi hori hor egongo litzateke, eta ez argazkiko tokian bakarrik, seguruenik pribatizatuko den eremu guztietan baizik!

Oiango orain

Oiangu gero

Dena den, artikulu honetan gainetik baino ez dut azaldu proiektua; beraz, klikatu hemen, Oiangu Bizirik Plataformaren eskutik, proiektu honen nondik norakoak ezagutu nahi badituzu. Bertan planoak ere ikusgai dituzue.

Duela hilabete batzuk, Ibaik Ordiziako bazterrik ederrenak deituriko artikuluan (gure herriko beste hainbat leku zoragarriren artean) Oianguko parkea aipatu zuen.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->