About uxue

Author Archive | uxue

LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUA, TXILLARDEGI

TxillardegiIdazle benetan famatu baten liburua hautatu dut irakurtzeko, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren liburu ospetsuena, hain zuzen ere. Maitek liburu bat irakurri behar genuela aipatu zigunean, etxetik zehar miatzen hasi eta Leturiaren egunkari ezkutua zioen bat aukitu nuen. Aldez aurretik ezagutzen nuen hau (2. hiruhilekoan XX. mendeko euskal literatura landu dugu), beraz, irakurtzea erabaki nuen eta benetan oso gustura nago irakurri dudalako.

Txillardegi Donostian jaio zen 1929. urtean. Bere etxean euskararik hitz egiten ez baina berak honetarako gogo bizia zuenez, bere kabuz hasi zen ikasten. Abertzalea izanik, hainbat tirabiratan murgildurik ikusi du bere burua idazleak eta Ipar Euskal Herrian, Parisen eta Belgikan errefuxiatuta egon da.

Jose Luis Alvarez Enparantzaren ekarpenak izugarriak izan dira euskal literaturaren alorrean eta bere ibilbide luzean hainbat genero jorratu ditu. Hauek dira bere lanak:

NARRATIBA:

  • 1957 Leturia-ren egunkari ezkutua
  • 1960 Peru Leartza’ko
  • 1969 Elsa Scheelen
  • 1979 Haizeaz bestaldetik
  • 1984 Kosmodromo : (ipuin bilduma)
  • 1988Exkixu
  • 1999 Putzu

SAIAKERA:

  • 1965 Huntaz eta hartaz

ARTIKULU BILDUMA:

  • 1978 Euskal Herritik erdal herrietara
  • 1985 Gertakarien lekuko

Leturiaren egunkari ezkutua benetan nobela garrantzitsu eta berritzailea izan da euskal literaturan. Ordura arte, literaturako eszenategi nagusia baserri ingurua zen eta autore honek hirira mugitu zuen. Bestalde, narratzailea lehengo pertsonan agertzen den lehen euskarazko liburua izan zen.

Liburuaren egitura ere berezia dugu: lau ataletan dago banatua, atal bat urtaro bakoitzeko. Leturia da gure protagonista, bere kezkak egunkari ezkutu batean idazten dituen pertsonaia. Joxeba (Leturia) zoriontasunaren bila abiatzen da bere bakardadean eta hau burutzen ari dela, Miren ezagutzen du. Gure protagonista neska eder honetaz maitemintzen da eta, azkenean, berarekin ezkontzen da. Hala ere, Miren zoriontasunaren bila ari zeneko ilusio bat besterik ez dela ohartzen da eta benetan ez dela uste zuena, hau da, Mirenekin ez dela zoriontsu.

Leturiak gorabehera hauek guztiak bere egunkarian idazten ditu. Irakurleak bere istorioak jarraitzea merezi du; beraz, badakizue, beste liburu hau ere irakurtzea gomendatzen dizuet, benetan gustatuko zaizuelakoan nago eta!

Leturiaren Egunkari Ezkutua liburuari buruzko informazio gehiago nahi baduzue, klikatu hemen. Txillardegiri buruzkoa nahi baduzue, berriz, hemen.

Comments { 0 }

OIANGU BIZIRIK!

Oianguren ParkeaAzkenaldi honetan, ordiziar eta goierritarrok badugu inguruan proiektu iraultzaile bat. Proiektu iraultzaile onuragarria batzuentzat eta kaltegarria besteentzat, hain zuzen ere: Oiangu Parke naturalean egingo dena.

Ez dakizuenontzat, Oianguren Parkea Ordizian dagoen gune naturala da. Bertara askotan joan ohi gara batzuk eguna pasatzera, umeekin jolastera…baina gehienbat natur guneaz gozatzera.

Herri honetako udalak bertan hainbat aldaketa egin nahi ditu, naturarentzat kaltegarriak izango diren aldaketak, dudarik gabe. Proiektuaren ardatza bertan eraikiko diren igerilekua, golf zelaia eta paint-ballera jolasteko gunea dira. Honetaz gain, tabernaren handitzea ere aurreikusten da. Beste hitz batzuetan esanda, Oianguko zati handi bat pribatizatu egingo da.

Udalak dio honekin ez dituela gune publikoak kenduko, baina jakin badakigu hauek izugarri eskastuko direla. Gainera, pribatizatuko dituen eremuak ez dira gehienon poltsikorako lorgarriak izango.

Lehen aipatu bezala, naturari egingo dion kaltea izugarria izango da, baita izango duen inpaktu bisuala ere. Hau azaltzeko, ondorengo argazkiak ikusi besterik ez duzue. Bata orain dagoena da: tabernatik gertu dagoen gunea eta aldamenetik pasealekua. Bestea, ordea, montajetxo bat eginda azaltzen da: proiektua burututakoan, hesi hori hor egongo litzateke, eta ez argazkiko tokian bakarrik, seguruenik pribatizatuko den eremu guztietan baizik!

Oiango orain

Oiangu gero

Dena den, artikulu honetan gainetik baino ez dut azaldu proiektua; beraz, klikatu hemen, Oiangu Bizirik Plataformaren eskutik, proiektu honen nondik norakoak ezagutu nahi badituzu. Bertan planoak ere ikusgai dituzue.

Duela hilabete batzuk, Ibaik Ordiziako bazterrik ederrenak deituriko artikuluan (gure herriko beste hainbat leku zoragarriren artean) Oianguko parkea aipatu zuen.

Comments { 0 }

ZORIONAK GAZTETXEA!

Hemen gara berriro ere gaztetxeko kideok euskaljakintzan dugun txokoa aprobetxatuz, propaganda pixka bat egiteko prest.

Aurtengoa, 20.urtemuga da eta apiril osoan zehar hainbat ekintza ospatu ditugu. Jada antolaturiko ekintza batzuk pasa dira, baina oraindik beste hainbat baditugu zuek hauetaz goza dezazuen.

Jakin badakigu, gaztetxe bat 20 urtez zutik mantentzeko lan asko egin behar dela eta lan honen guztiaren ondorioz, aurtengo urtemuga berezia izan da. Ekintza guztiez gain, THE SOLANOS eta KAOTIKO taldeek abesti bat egin dute Ordiziako gaztetxeari buruz, URTEZ URTE GOAZ AURRERA izeneko kanta.

Gainera logo lehiaketa bat ere antolatu genuen, eta irabazlearen marrazkia kamixeta eta metxero guztietan ageri da, baita CDko azalean ere (logoa irudian ikusgai duzue). Honekin jarraituz, kamixeta, metxero eta CDak salgai dituzuela adierazi nahi nizueke, besteak beste, gazte tabernetan eta gaztetxean.

Hemen bertan duzue geratzen diren ekintzen zerrenda. Besterik gabe, denok gurekin parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, ziur ondo pasako duzuela!

APIRILAK 20, OSTEGUNA:
19:30. Monologoak: MAY GOROSTIAGA eta KIKE BUIGURI

APIRILAK 21, OSTIRALA:
22:00. Kontzertua: DUNE BUGGY eta GARGAZNTAS DESGARRADAS

APIRILAK 22-23 , ASTEBURUA:
Arratsaldean: Skate park, HIP HOP, graffitiak

APIRILAK 26, ASTEAZKENA:
19:00. OIANGU BIZIRIK hitzaldia eta diapositibak

APIRILAK 28, OSTIRALA:
22:00. MUS eta FUTBOLIN txapelketak

APIRILAK 29, LARUNBATA:
10:00. Mendi irteera

APIRILAK 30, IGANDEA:
16:00. Gaztetxea kalera atera
20:00. Azken traka Gaztetxean

Comments { 1 }
-->