Euskal atsotitzak georgieraz

Xabier Kintana Urtiagak erabili.com-ean idatzitako artikulu bitxi baten berri ematera natorkizue. Nik galdetuko banu: euskal atsotitzen ordainak zein hizkuntzatan eman dira azken egunotan argitaratu berri den liburu batean? Ziur nago zuetako inork ez lukeela asmatuko (post honen izenburua irakurri gabe, noski!). Bada, hauxe da kontua: Georgiako hiriburuan, Tbilisin, hain zuzen ere, Salome Gabunia georgiar etnologoa eta euskaltzain urgazleak liburu interesgarri bat argitaratu duela zeinetan georgierazko eta euskazko esaera zaharren arteko lotura azpimarratzen saiatzen den.

Salome azken urteotan euskal esaera zaharrak aztertzen eta sailkatzen jardun du, eta oraingoan ia 1200 atsotitz, bilduma zahar eta berrietatik jasoak batu ditu, bakoitzaren ondoan georgierazko itzulpena ezarriz. Horretarako kontuan izan ditu euskal esaeren bilduma asko: 1596.ean Iruñean argitaratua (RS), Garibaik, Oihenartek, Azkuek edota berriki Gotzon Garatek plazaraturikoak, adibidez.

Lanaren izenburua georgieraz Baskur-kartuli paremiologiur paralelebi da (Euskal-kartveliar paremiologi kidetasunak) eta bere sarreran esaera zaharrak nolakoak izaten diren azaltzen digu.

Liburu honen sarreran Salomek esaera zaharrak nolakoak izaten diren azaltzen digu, horien formazko eta mamizko egiturak kontuan harturik, eta horren arabera atsotitzen sailkapena egiten. Iturri nagusiak ere aztertzen ditu, Bibliako Testamentu Zaharrekoak ahantzi gabe. Jakinarazi nahi den kontzeptua edo irakaspena berbera izan arren, herri bakoitzak bere inguruko flora, fauna eta eguneroko bizimodua kontuan izanda, maiz era bereko adibideak birmoldatu ditu, eta horiexek dira Salome Gabuniak azpimarratu nahi izan dituenak, horiexetan, hain zuzen, aurkitzen baita nazio bakoitzaren herri-sen berezia.

Amaitzeko esan, ni ere bat natorrela Kintanarekin horrelako lanen garrantzia azpimarratzean, oihartzun handikoa ez bada ere, gure hizkuntza Euskal Herriko mugak gainditzera laguntzen duen edozein saiakerak gure goraipamena merezi baitu!

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->