Euskaljakintzakoon egitasmo berria: ‘Sarea euskaraz blai’

Sarea euskaraz blai. Izen horixe eman nahi izan diogu gure azken egitasmoari; izan ere, euskaljakintzakook sarea euskarazko edukiez betetzen jarraitu nahi baitugu (betiere gure eskuetan dagoen neurri txikian). Jarraitzen diot, duela zortzi urte jaiotako proiektu honek bizirik dirauelako, eta inoiz baino gogotsuago  gaudelako. Jomuga hori buruan, 1. hiruhilekoan egingai ezberdinetan egon gara lanean, taldeka.

Ikasturte hasieran, ikasleengana jo eta ondorengoa eskatu nien:

  • Proiektu bati heldu behar zioten, euskarazko edukiak sarean zabaltzeko aproposa izango zena.
  • Euskarazko sareko edukiei erreparatuta, euren lanak beraiek antzematen zuten hutsune bat betetzeko baliagarria izan behar zuen.
  • Euren euskara hobetzeko baliatu behar zuten (elkarrizketak, gidoiak, azalpenak, argudioak… aukeratutako testu motak seriotasunez landu behar zituzten).

Zehatz-mehatz esateko, galdera nagusia ondorengoa izan zen:

Zuen proiektuak euskarak sarean duen zein arazo, hutsune, behar edo gabeziari erantzungo dio?

Ikasleak berehala hasi ziren proiektuak definitzen: beharko zituzten baliabideak zerrendatzen, faseak bereizten, denboralizazioa zehazten, taldekideen ardurak eztabaidatzen… Eta hortxe ibili dira buru-belarri Lehendakaritzarako hautagaiak elkarrizketatzen, umorezko programak eta lehiaketak ekoizten, ume txikientzat ikas-materialak sortzen… Euskarari buruzko dokumentalen bat ere prestatu dute. Esker mila tarte bat eskaini diguzuen elkarrizketatu eta lagun/konplize guztiei.

Esan beharra daukat prozesu osoa jakin-minez bizi izan dudala. Jakin-minez, prozesu osoan zehar ni gauza batean eta bestean laguntzeko eta egitasmoa bideratzeko egon banaiz ere, taldeena izan delako proiektuak aurrera ateratzeko ardura nagusia. Jakin-minez, beraz, azken eguna iritsita, ikusteko zer-nolako emaitzak lortzeko gai izan diren eta zenbat emateko prest egon diren. Dena den, hasiera-hasieratik esan nien emaitza bezainbeste izango nuela kontuan prozesua. Gauzak horrela, ibilbide osoa dokumenta zezaten eskatu nien: saioz saio eskolako ordu guztietan egindakoa, eskolaz kanpo lanean eman dituzten orduak, landutako idatziak, taldearen lana osotasunean, partaide bakoitzaren parte-hartzea… Bihar hasiko dira gelakideen aurreko aurkezpenak eta talde bakoitzak egin duenaren defentsa.

Edonola ere, horrelakoetan sartzen zarenean, badakizu dena bertan behera uzteko gogoa izango duzula uneren batean edo bestean, testuliburuetara eta eserlekuan denak zuri begira eta isilik egoten ziren momentu haietara bueltatzeko irrikaz egongo zaren une horiek etorriko zaizkizula: grabazioetan korridorean zarata eta besteen kexak, tripodea ez dago libre, pieza txiki bat galtzen da, kamera denok batera behar dugu, beste irakasgaiaren batean orduren bat galdu elkarrizketaren bat egitera joateko… Ez da erraza batzuetan hori guztia kudeatzea. Beste irakasleen kolaboraziorik gabe, adibidez, ezinezkoa litzateke hau guztia; beraz, eskerrak eman nahi dizkiet lankideei erakutsitako pazientziagatik eta eskainitako laguntzagatik.

Egongo da denbora balorazio sakonagoetan murgiltzeko. Oraingoz, gure asmoa da, gaurtik hasita, proiektu guztiak argitaratzen joatea pixkanaka-pixkanaka eta abenduaren 3rako amaitzea. Horixe litzateke, besteak beste, gure aurtengo ekarria Euskararen Nazioarteko Egunari begira.

Amaitzeko, zorionak eman nahi dizkiet ikasleei egin dituzten ekarpenengatik. Emaitzak kaskarrak, onak, hobeak edo apartak izanda ere , badago, nire ustean, hori baino garrantzitsuago den zerbait: euskararen aldeko jarrera aktiboa. Eta horretan, zalantzarik ez izan, bikain ibili dira denak.

 

, , , ,

Utzi erantzuna

-->