EUSKARAZKO PRENTSAREN ESKARIA

Eskarietan parte hartu duten hainbat hedabide Euskarazko hedabideek egin dituzten kalkuluen arabera, gaur egungo euskal prentsak milioi bat euro gehiago beharko lituzke hurrengo urteko gastuei aurre egiteko. Egoera horren aurrean, prentsa idatziari dagokion aurrekontuan hazkunde hori aurreikusteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Herenegun, jendaurrean azaldu zituzten Juan Mari Larrarte Euskarazko Komunikabide Taldeko (EKT) Administrazio Kontseiluko idazkariak, Iker Martinez de Lagos Topaguneko idazkariak eta Mikel Lizaso Nabarra aldizkariko kideak, sektorearen izenean zituzten hiru eskariak.

Lehenik, diru laguntzaren zenbatekoa urteko lehen sei hilabetekoan jakin eta ordaintzeko modua egitea eskatu zuten. Iker Martinez de Lagosek adierazi zuenez, aurten eginiko diru laguntza eskariei buruz komunikabideek ez dakite zenbat jasoko duten oraindik:

Urteko hamargarren hilabetean sartu eta gero, oraindik ez dakigu 2005eko diru laguntzaren zenbatekoa, ez laguntza hori noiz jasoko dugun ere.

Era berean, Topaguneko idazkariak zera gehitu zuen:

Sarritan ez dira aparteko gastuak egiten, diru sarreretan ziurtasunik ez dagoelako.

Halaber, diru laguntzaren kopurua handitzeko eskatu dute. Izan ere, Kultura Sailak jartzen duen dirua ez da gehitu azken bost urteotan. 2000tik 2005erako diru laguntza kopurua berdin mantendu da; hau da, 3.800.000 eurotan, horietatik 3.280.000 euro euskarazko prentsa idatziari dagozkiolarik. Era berean, euskarazko hedabideen egitasmoak (irratiak, ikus-entzunezkoak, Interneteko hedabideak) behar den neurrian babesteko eta egiten dituzten eskariak aintzat hartzeko eskatu dute. Mikel Lizaso, ‘Nabarra’-ko koordinatzaileak honen guztiaren aurrean zera zioen:

Nafarroan diru laguntzen panorama are okerragoa da, berandu jasotzeaz gain txikiagoak baitira. Zerbait planteatu beharko litzateke, baina egungo errealitate politikoa ikusita, denbora alferrik galtzea izango litzateke.

Honen guztiaren ondoren, konponbide baten zain jarraitzen dute euskarazko hedabideek. Gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->