Ezkontza inposatuak eta emakume behartuak

FlickrCC, JalilArfaoui

Azkeneko urte edo hamarkadetan, emakumeen eskubideen aldeko borrokak aurrera pauso handi bat eman duela esan dezakegu. Hau, ordea, herrialde batzuetan baino ez da begiztatzen: Marokon esaterako, bertako zigor kodea dela eta, gizon bat libre gera daiteke bere karguetatik emakume bat bortxatzean, emakume horrekin ezkontzea onartzen badu.

Hau tradizioak duen indarragatik gertatzen da: emakumeari pairarazitako sufrimendua ahazten eta aurrera eramaten laguntzeko eta bere ohorea ez galtzeko. Hafida Elbaz, Emakumeen Solidaritate Elkarteko arduradunak, ordea, ez du horrela ikusten: “Hau tranpa bat besterik ez da, bortxatzaile hauek libre gera daitezen”.

Honen guztiaren adibide da Maroko iparraldeko Larache herriko nerabe baten kasua. 2012ko martxoaren 3an, 16 urteko neskatoak bere buruaz beste egin zuen, 10 urte zaharragoa zen bortxatu zuen gizonarekin ezkontzera behartu ondoren. “Horrelako kasuak, Marokon, nahi genukeena baina ohikoagoak dira. Batez ere, nekazal eremu eta toki pobreetan, analfabetismoaren zama izurgarria den lekuetan” azaltzen digu Zahra Wardani feministak.

Istorioa duela urtebete hasi zen, gaztearen familiak gizonaren bortxaketa salatu zuenean Tangerreko auzitegian. Dena argitzeko, bi familien artean erabaki zuten, epailearen onespenarekin, onena hauek ezkontzea izango zela. Neskatoak azkenik, arratoi pozoia hartzea erabaki zuen bere senarra zenaren etxean, ordura arte ezkongaiaren eta honen familiaren aldetik jasan zituen tratu txarrak eta bere aitaren bazterkeria gehiago onartu ezinik.

Antzeko kasua izan zen duela gutxi komunikabideetan argitaratu zutena. Afganistango neskatila gazte batek bi hauen artean hautatu behar izan zuen: kartzelara joan ala bera bortxatu zuen mutilarekin ezkondu. Berak argi dio benetan aukeratzeko libre izango balitz, ez zela inolaz ere ezkonduko.

Hala ere, argi dago aipatutako hau herrialde azpigaratu horietan gertatzen direnenetatik tanta bat besterik ez dela. Legea aldatzea ezinbestekoa da Amina izeneko neskato honi gertatutakoa ez errepikatzeko. “Zailena, aldiz, jendearen pentsamendua aldatzea da; denbora asko behar da eta esfortzu handi bat eskolen, komunikazioen eta familien aldetik” salatzen du Wardanik.

, ,

Utzi erantzuna

-->