Martxoaren lehenengo asteburua berezia izan zen autoen mundua, rallyena bereziki, gustuko dugunontzat; izan ere, igande horretan, martxoaren batean, eman baitzitzaion Euskal Herriko rally denboraldi berriari hasiera Gabirian. Aurtengoa X. edizioa izan da. Urte batzuetan elurra zela eta atzeratu egin bazuten ere, aurten eguraldi ezin hobea suertatu da eta hori ikusleek eta, batik bat, gidariek izugarri eskertzen dute. Gidarien eta hauen autoen aldetik, aipatzekoa da aurtengoa inoiz izan den maila altuenekoa izan dela; izan ere, Santi Artetxe bizkaitarra, Gorka Apalantza eta honen aita den Ramon Apalantza, Xabier Lujua, Joseba Zapirain… munduko txapelketan aritutako autoekin etorri baitira. Txus Jaio gidari markinarra ere han izan zen eta beste behin ikusle guztiak altxarazi zituen bere BMW325iarekin, bere eskuetan ez baitago errepide zuzenik.
Aipaturiko auto horiek,WRCek (munduko txapelketako autoek), 300 zaldiko motorrak dituzte, lau gurpiletan trakzioa, abiadurarako prestakuntza izugarriak, eta segurtasun maila aldetik ere sistema bereziz hornituak daude. Hau guztia dela eta, makina ezin aproposagoak dira rallyetako errepide malkartsuetan barrena abiadura beldurgarrietan ibiltzeko. Hala eta guztiz ere, auto hauen prezioa mailaren parean dago, eta ez daude gidari askoren eskura. Gainontzeko parte hartzaileek dutenarekin konformatu eta azeleragailua gogor zapaldu beste erremediorik ez dute.
Gabiriako rallyak 6,5 km ditu eta parte hartzaileak hiru aldiz pasatzen dira behetik gora, guztira 20 bat kilometro egiten dituztela erlojupean. Errepide estua, biraketa ugarikoa eta zenbait tokitan harritxoz estalia, hauek gidariei susto bat baino gehiago eragiten dizkiete urtero. Oso kirol arriskutsua dirudien arren eta telebistan istripuak bakarrik ematen dituzten arren, zauritu gutxi izaten dira urtean zehar. Esan beharra dago, antolatzaile asko biltzen dela eta ikusleen kokapena mugatu egiten dutela hauen segurtasunerako. Dena den, leku guztietan bezala, hau errespetatzen ez duten gizasemeak ere ibiltzen dira tamalez eta azken hauek dira, hain zuzen, rallyen itxura arriskutsuaren eragileak. Aurtengoan, lehenengo txanda hasi eta berehala, hiru ordu laurdenez geratu behar izan zen, Egoi Eder Valdés gidariak Oscar Marañonen autoa atzetik jotzeagatik lasterketan ari zirela. Hau ez da oso normala izaten aurreko kotxearekin minutu bateko tartea izaten baita. Baina ez zen inongo ondorio larririk izan. Ezbehar honetaz aparte, dena ezin hobeto joan zen.
Azkenik, Santi Artetxe eta bere Peugeot 307WRCa izan ziren garaile. Baina, lasterketa osoan zehar Gorka Apalantza joan zen lehen postuan eta kotxean izan zuen matxura bat zela eta, azken igoeran lasterketa bertan behera uztea beste erremediorik ez zuen izan. Lastima izan zen; izan ere, bihurgune bakoitzean bere esku zegoen guztia eman baitzuen. Zin dagizuet benetan azkar pasatzen zela. Bigarren, Ramon Apalantza izan zen bere Mitsubishi WRCarekin eta podiumean azkena Xabier Lujua eta bere Skoda Octavia WRCa.
Amaitzeko, aipatu nahi nuke Markinako gidariak, Jaiok, ikusleen aldetik behintzat gainontzeko guztiak mendean hartu zituela. Gidari euskaldun honek dituen eskuak ez dira nolanahikoak eta bere mailako pilotu batek merezi duen diru laguntza jasoko balu, beste askok jaso izan duten bezala, zalantzarik ez dago oso urrutira iritsiko litzatekeela.
No comments yet.