Gauak eta Hiriak – UR APALATEGI

Duela denbora bat hasitako atala bergogoratu nahi dut oraingoan. Aspaldian ukitu gabe dagoela ikusita eta hauts pixka bat kentzeko asmoz, liburu berri bati buruz idaztea erabaki dut. Aukeratu dudana Ur Apalategiren Gauak eta Hiriak da.

Hitz gutxitan esanda, nobela errealista baten aurrean gaudela esan daiteke. Eta, agian, hori da irakurlearen grina pizten duena, edo nirea behintzat. Izan ere, gaia gaurkotasunez betea da eta gazteok bertako pertsonaiekin identifikatzeko oso erraza. Baliteke maitasuna, adiskidetasuna, etab, gai oso errepikatuak izatea baina kontatzeko erak edo, agian, istorioak berak liburua berezi bilakatzen du. Gainera, eta hitzaurrean Iban Zalduak dioen bezala, Urrek ederki jakin du adiskidetasunaren gazi-gozoak kontatzen eta deskribatzen eta hori egitea ez da batere erraza, ez da maitasun istorio bat idaztea bezalakoa. Bestalde, hizkuntza arina eta sinplea nagusi da. Honek liburua irakurterraz bilakatzen du eta hori oso garrantzitsua da istorioaren haria jarraitzeko. Deskribapenak ere ez dira luzeak, gehiegi korapilatu gabe eta erabiltzen dituen konparaketak benetan landuak dira.

Gauak eta Hiriak liburuaren azala Istorioak hiru gazte ditu protagonista, Muriel, Antton eta Felix. Beraien arteko harremanak kontatzen dizkigu: maitasuna, adiskidetasuna, inbidia eta gorrotoa, hau guztia gauean hirietako kaleetan gazteak nagusitzen diren momentu berean sortzen den giroan murgildurik. Antton eta Felix lagun minak dira, guztiz ezberdinak, gaua eta eguna bezalakoak eta biak Bordelen daude bizitzen; bata, lanean, eta, bestea, Filosofiako ikasketak bukatu ezinik. Lehenengoa lapurtarra da, mutil jatorra, isila, bere lagunen laguna eta nesketan ez oso aditua. Felix, berriz, donostiarra, snob hutsa, harro samarra, irekia eta, noski, beti neskez inguratua dagoen horietakoa. Antton Felixen affair guztien lekuko da eta hau erabat miresten du, nahiz eta bera bere bizitzako neskari itxaroten egon. Felix, aldiz, harrotasunez betetzen du lagun minaren miraren iturri dela jakiteak. Beraz, bata ezin da bestea gabe bizi, baina, aldi berean, batak bestea erabat bekaizten du.

Bi lagunak Bordelen, gauean, hiriko pub guztien artean dabiltzalarik, donostiarrak Murielekin tupust egingo du. Hau ez da Felixi gustatzen zaizkion neska horietakoa, hobeki esanda, guztiz aurkakoa da. Hala ere, Felixen barnean zirrara berezi bat sortzen da eta lehen aldiz maitasun erreala sentituko duela esan daiteke. Berarekin dantza egin ostean, elkarrekin oheratu direla onartuko dio Anttoni eta barnean dituen sentimenduak alde batera utzita, neska ez zaiola interesatzen eta pikutara bidali duela. Egia gordina, ordea, beste bat da: Muriel bera izango da Felix haizea hartzera bidaliko duena eta beraien hartu-emana ez da dantzatik haratago joango.

Lapurtarrak, ordea, Muriel sakonago ezagutzeko aukera izango du Felixen ezkutuan, Donostian kasualitatez elkarrekin topo egiten duten batean. Antton benetan neska berezia dela konturatu eta maitemindu egiten da. Hemendik aurrera, bikote harreman bat hasiko dute eta hau izango da bi mutilen laguntasunaren amaiera. Izan ere, Antton maitemindurik dagoen arren, Murielek badaki berea maitasuna baino gehiago beharra dela , Jean–Daniel, soldaduskara joana den mutil-laguna ahazteko beharra, hain zuzen. Hala ere, Anttonek oraindik Felixen presentzia sumatzen du neskarekin duen harremanean eta bere pazientzia erabat agortzen da biak elkarrekin ikustean dituenean. Gaizki ulertu honen ostean, Anttonek Murielekin duen harreman moztu eta Baionara itzuliko da amaren etxera. Bestalde, Felixek barkamena eskatu nahian deituko du, baina ez dio aukerarik emango eta gertatutako guztia leporatu ondoren eskegiko du, adiskidetasunari amaiera emanez. Hemendik aurrera hiru gazteek bakoitzak bere bideari ekingo dio.

Beraz, ikus daitekeenez, gauero munduko edozein hiritan gertatu, gertatzen eta gertatuko den istorioa dugu esku artean. Liburu honi buruz Felipe Juaristik eginiko kritika irakurri nahi izanez gero, klikatu hemen.
Bestetik, aipatu liburu honek Beterriko Liburua 1997 aipamena lortu zuela.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->