Goierri emanaldi bidez animatua!

Azken kontzertuaOraingo honetan, Goierri kulturaz josi zaigu. Aste osoa Goierriko herrietan zehar ekitaldiak egon ondoren, larunbatean Ordiziara iristen da Sustraiez Blaik antolatutako seigarren jaialdia. Hala ere, oraindik badaude, larunbata iritsi bitartean, antolatutako emanaldiak.

Kaleen mintzoa izeneko argazki erakusketa aurki dezakegu Ormaiztegin, adibidez, urriaren 23tik azaroaren 3ra bitartean. Argazki erakusketa honetan, bere grafitiak Dizebi goitizenaz sinatzen dituen, Igor artista beasaindarraren artelanak ikusteko aukera dago.

Argazki erakusketak alde batera utzita, hitzaldiak ere badaude. Horietako bat etorkinen inguruan Agustin Unzurrunzagak urriaren 25ean Ormaiztegin emango duena izango da. Hitzaldi honetan, etorkinei buruzko ikuspegia emango du, hori bai, ikuspegi baikorra; kanpotik etortzen direnek badituztela guri erakusteko gauza ugari nabarmenduz.

Film emanaldiak ere egongo dira. Hau urriaren 26an izango da Beasainen. Filma Nömadak TX izango da. Filmean, txalaparta hartzen dute kultura desberdinetan komunikatzeko lotura moduan.

Programarekin jarraituz, parranda gogoa duenarentzat ere badaude ekitaldiak, musika emanaldiak ere aurki baitaitezke Sustraiez Blaik antolatutako seigarren jaialdian. Beasainen izango da lehenego kontzertua, Brigantya taldearen eskutik, urriaren 27an. Talde honek doinu zeltarrak ditu nagusi eta, nahiz eta Euskal Herrian hasi euren musika zabaltzen, hemendik kanpora iritsi eta Galizian eta beste zenbait tokitan ere izan dira.

Eta amaitzeko, larunbaterako ere gelditzen dira ekintzak. Larunbatean, urriak 28, gaueko 21:00etan Jakintza Ikastolan kontzertuak egongo dira. Kultura ezberdinetako musika taldeak elkartuko dira izugarrizko jaialdia antolatzeko asmotan. Bertan parte hartuko duten taldeak honakoak izango dira: Big Youth, Jamaikatik; Asian Dub Foundation eta Sound System (DJ. SET), Londrestik; eta egunari amaiera emateko, Zorabiok eta Javi P3Z DJ, Euskal Herritik.

Hauxe da aurtengoan Sustraiez Blaik antolatutako egitaraua. Ikus dezakezuenez, ekintza ugari bakoitzaren atseginerako. Ziur nago izugarrizko jaialdia izango dela eta jaialdiak iraungo duen bitartean aspertzeko denborarik ez dugula izango, asmo horrekin ibili dira antolatzaileek ilusio osoz, behintzat!

Gehiago jakin nahi baduzu, klikatu hemen eta hemen.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->