Gure geneen aurka borrokan

Ispilua emakume askoren amesgaizto bihurtu da. Errealitatea erakusten du eta askok urrundu egin nahi dute hortik gorputz argal, zizelatu eta betiko gaztetasunean izoztutakotik oso urrun gaudelako. Ispiluak emakumeok gehien kezkatzen gaituzten inperfekzio horiek agertzen ditu.  Betidanik izan gara zelulitisaren beldur; izterretan sortzen diren mendikate horiek ez agertzeko erregutzen dugu. Eta nork ez ditu inoiz Angelina Jolieren ezpainak desiratu? Baina, dudarik gabe, emakume guztiak adinez gora joan ahala, gehien gorrotatzen dutena zimurrak ateratzea da. Lehenengo, begien ondoan ateratzen hasten dira; gero aurpegi osora zabaltzen dira, eta iraganean izandako azal leuna oroimenean baino ez da geldituko. Beraz, nola gainditu edertasunetik aldentzen gaituzten “huts” hauek?

Soberan ditugun kilo horiek gainetik kentzeko, aldizkarietan ateratzen diren dietak egiten ditugu. Jangaitza izanagatik, emakume eta neska asko gai dira moda-modan dagoen argaltasun hori eskuratzeko. Batzuk obsesionatu egiten dira, eta jaten dutena kontrolatu eta kaloriak kontatzera iristen dira. Bide hau jarraitzeak ez du amaiera onik ekartzen, anorexia edo bulimia hortxe daudelako.

Hala ere, dieta egiteak argaltzea baino ez du ahalbidetzen. Beraz, nola lortu zimurrik gabeko aurpegia, haurdunaldiaren ondoren zintzilik geratutako azala desagertzea, deformidaderik gabeko sudurra edota zure titientzat neurriko bularretako bat eduki ahal izatea? Kirurgiaren bidez. Gero eta jende gehiagok jotzen du irtenbide honetara. Teknikak hobetzen ari dira eta, teknologia berriekin hainbat aurrerapen egin denez, kirurgiak lorpen handiagoak egitea ahalbidetu du. Beraz, orain gehiago dira kirurgian konfiantza osoa jarri dutenak beraien kezka horiek desagerrarazteko.

Famatuak hasi ziren kirurgiarekin gorputzeko atalak hobetzen, gorputzak beraien lanean zerikusi handia zuenez, gainerako pertsonentzat eredu izan behar zutela aitzakiatzat hartuz. Aitzakiak baino ez. Horren atzean, eder eta gazte mantentzeko grina zegoen. Izan ere, nolatan hartuko dute protagonistatzat zimurrak edo izugarrizko sudurra duen aktoresa bat?

Gurekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Gaur egungo gizartean, aurreiritzi asko ditugu eta kanpoko itxurak garrantzi handia du. Modako moldetik ateraz gero, denen burla bihur zaitezke. 1,60 m neurtuz gero, txikia izango zara modelo izateko, eskatzen duten 1,’70 m-tik oso urruti zabiltzalako. Sudur handia edukiz gero, gaizki emango duzu pantaila aurrean, gehiegi ikusi eta aurpegi orekatu izatetik urruntzen zarelako. 36 tailan sartzen ez bazara, gizenegi egongo zara. Eta bularretakoaren 85 taila handiegi baduzu, nahiz eta 18 urte izan, oraindik oso gaztea zarela pentsatuko dute. Horregatik, gero eta jende gehiago joaten da inperfekzio horiek konpontzera.

Baina zergatik da horren garrantzitsua gazte eta eder mantentzea? Ezin al dugu garen bezala izan, eta, denborak aurrera egin ahala, naturaltasunez zahartu, biologikoki horrela programatuta gaudenean? Zergatik aldatu goitik behera gure itxura gure geneen kontra? Argi dago kanpoko itxurak beti izan duela garrantzi handia, baina azken hamarkadan gehiago oraindik kirurgiari esker. Horrelako gauzekin ahazten duguna da pertsona egiten gaituena gure barnean dagoela. Eta hori izan beharko litzateke garrantzitsua; izan ere, garrantzitsua esentzia da, ez estaltzen gaituena. Garen bezalakoak izaten jakin behar dugu; gure akatsak onartu eta dohainak indartu behar ditugu.

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->