Hara, burusoil bat!

Ume bat bere lagunari :
– Badakizu…
– Zer?
– Nire aita duela 10 urte ilea moztu gabe bizi dela…
– Arranopola!! Zer da ba…. artista bat?
– Ez, da…
(Orduan umearen aita kotxean agertzen da bere bila.)
– Hara, burusoil bat!

Oso dibertigarria egiten zaigu burusoil bat ikustea, ni bezalako umemokooi behintzat. Bestalde, ez gara konturatzen, hain normala egiten zaigun jokabide petral horrekin, agian,  autoestimu baxua duen pertsona bat mintzen ari garela. Kontzienteki edo inkontzienteki, baina gerta liteke min egitea. Antza denez, gizarteak, modak… eginiko kaltea da. Edertasun kanonak burusoilak alde batera utzi ditu, antza denez. Badirudi, burusoila izateak ez zaituela arrakastara eramango. Hori horrela dela ikusteko, pentsa dezagun: zenbat burusoil ezagutzen ditugu famatuak edo arrakasta lortu dutenak? Oso gutxi!!

Ezer baino lehen, aipatu beharra daukagu hainbeste beldur sortzen duen gaitz hau erabat arrunta dela zahartzaroan. Gizonezkoen %50ek baino gehiagok izaten ditu ile erortze arazoak. %50ek baino gehiagok! Sekulako ehunekoa da hori. Gizonezkook, gainera, nahiko onartua dugu hau gertatuko zaigula.

Edozein modutan ere, ez dira urte asko pasatu gure autoestimua gutxitzen duen arazo fisiko honek sekulako lotsa sorrarazten zigunetik. Gaur egun, ordea, egoera erabat aldatu da, zorionez. Ohikoago bilakatu da burusoilak kaleetan ikustea, beraien soilgune distiratsuekin. Eta ez hori bakarrik, burusoilak modan daudela esatera ausartuko nintzateke, itxura fisikoa erakargarriagoa egiten ei du.

Egun, burusoilak emakume askoren iritziz sexyagoak dira! Egia ote? Hala bada, ez dut segundorik galduko eta nire ileapaindegira deituko dut berehala txanda hartzeko! Bestetik, nire buruari galdetzen diot ea zer gertatu den aldaketa sakon hau emateko. Agian, gure bizitza zuzentzen duen modak berak eragindakoa da, edo guk eragindakoa. Ez dago oso garbi. Hala eta guztiz ere, eskertzekoa da aldaketa hau gertatu izana, gero eta gehiago direlako burusoil izateaz harro daudenak.

Era berean, burusoiltasun edo alopeziaz hitz egitean, guztioi etortzen zaigu irudi bera: ilea erortzen zaiolako larriturik dagoen adineko gizonezkoa. Baina, nahiz eta arazo honen funtsa oinordetzan egon eta gizonezkoetan ematen den gehienbat, emakumeek ere izan dezakete. Horrez gain, zenbait gaixotasunen ondorioa izan daiteke, hala nola, kantzerraren ondorioa. Edonola ere, gizonezko hauek sarritan erortzen dira dirua besterik egin nahi ez duten iruzurgileen eskuetan. Asko dira besteen zoritxarraz baliatzen direnak sos batzuk eskuratzeko, agintzen dutena ezinezkoa bada ere.

Egia da, hain aurreratua dugun teknologiari esker, aurkitu direla modu edo prozesu anitz arazo hau tratatzeko. Denok dakigu, ordea, gezur hutsa direla! Esanak esan, zergatik jarraitzen dugu horrelako produktu kaltegarriak erosten? Etsitasun egoerak eramanda seguruenik. Itsutu egiten gara irtenbide azkar eta eraginkor bat bilatu nahian. Ez gara konturatzen, eta ero moduan aritzen gara arazoa are gehiago handitzen. Ez itsutu, burusoiltasunak ez du sendagairik! Eta beste hainbat egoeraren antzera, onartzeak bakarrik kenduko digu etsipena.

Gauzak horrela, zu burusoila bazara, badakizu, ez kezkatu eta onartu zarena, naturak hala egin zaituelako. Ez erori iruzurretan eta izan zaren bezalakoa, burusoilak sexyagoak dira eta! Ondorioz, munduko burusoilek bi irtenbide dituzue : onartzea zuen burusoiltasuna eta harro sentitzea edo txano erakargarri bat erostea!

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->